Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Iragana eta oraina batera, ‘Ezer ez delako amaitzen’ ikuskizunean

Loraldiaren programazioaren baitan ‘Ezer ez delako amaitzen’ ikuskizuna eskainiko dute, Euskal Herriko bost ikastetxetako ikasleekin batera prestatutako obra. 1936ko gerra zela eta erbestera alde egin behar izan zuten umeen auzia landu dute, gaur egungo antzeko egoerekin lotuta.

Juan Ramon Garai, Begoña de Ibarra, Nahia Ruiz, Enara Garcia, Markel Iragorri eta Igor Martin de Vidales, ikuskizunean parte hartu duten beste bi ikaslerekin batera.
Juan Ramon Garai, Begoña de Ibarra, Nahia Ruiz, Enara Garcia, Markel Iragorri eta Igor Martin de Vidales, ikuskizunean parte hartu duten beste bi ikaslerekin batera. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Historiaren orrietatik kanpo geratu direnen ahotsa» oholtzara eramango dute Loraldia jaialdiaren baitan hainbat ikastetxetako ikasleen parte hartzearekin ondu duten ‘Ezer ez delako amaitzen’ ikuskizunean. 1936ko gerra piztu ostean erbestera ihes egin behar izan zuten umeen inguruko lana da, oraina eta iragana uztartzen dituena. Izan ere, aurkezpenean azaldu dute orduan jazo zen hori gaur egun ere gertatzen ari dela, munduko beste toki batzuetan bada ere.

Ibarrekolanda BHIn egin duten aurkezpenean izan dira Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen ordezkaria; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Igor Martin de Vidales, ‘Ezer ez delako amaitzen’ ikuskizunaren gidoiaren egilea eta zuzendari artistikoa; eta Markel Iragorri, Nahia Ruiz eta Enara Garcia, Ibarrekolanda BHIko ikasleak eta ikuskizuneko parte-hartzaileak.

Azpimarratu dute Iurretako Juan Orobiogoitia BHIko, Zumarraga-Urretxuko JM Iparragirre BHIko, Duranako Ikasbidea IPIko eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga BHIko ikasleek ere hartu dutela parte; guztira, 82 ikasle arituko dira agertokian. Proiektua Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Sustatu du Joseba Sarrionandiaren ideia batetik abiatuta.

Hain zuzen, Intxorta 1937ren izenean Juan Ramon Garaik azaldu du gerrako umeen inguruan ekimena egiten ari direla duela urte batzutatik hona, besteak beste, orain arte egin ez zaien aitortza egite aldera. Adierazi du elkartean ikerketa egin ohi dutela, baina, auzolanean, eta egiteko modu horren baitan kokatu du gaur aurkeztu duten ikuskizuna ere, uste baitu ideia faxistak gaztetxoengan hedatzen ari diren honetan, ezagutza sozializatzeko modua birpentsatu beharra dagoela. 

Martin de Vidalesek azaldu du ikasturte osoko proiektua izan dela ikuskizuna ontzea eta, prestaketa horren baitan aukera izan dutela lanketa sakon bat egiteko, hala nola, Saturrarango kartzela frankista zegoen tokira bisita eginez. Horrela, ikasleen kezketatik atera dituzte gaiak. Azaldu du emaitza collage moduko bat dela, badaudelako poesia eta bestelako euskarri batzuk ere obran bateratuta.

Aktoreek, hots, ikasleek ere hartu dute hitza prentsaurrekoan. Markel Iragorrik azaldu du «pribilegioa» dela haientzat gaia modu horretan landu ahal izatea, jakitun baita beste belaunaldi batzuek ez dutela horretarako abagunerik izan.

Nahia Ruizek nabarmendu du 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu behar izan zuten haurren auzia guztiz ezezaguna zitzaiela proiektua abiatu baino lehen eta uste du modu honetan landu izanak enpatia pizteko balio dezakeela.

Enara Garciak gaineratu du lehenaldia eta orainaldia lotzen lagundu diela eta, horrela, orduan jazotakoarekin zein gaur egun errepikatzen ari denarekin bat ez datozela adierazteko baliatu dutela lana.

Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ekimena txalotu du, iritzita gizarte «demokratikoago» bat egiten dutela posible.

Iragana eta oraina, batera oholtza gainean

‘Ezer ez delako amaitzen’ antzezlan multidiziplinarra da, Loraldia Eskola lerroaren baitan sortua eta Euskal Herriko leku ezberdinetako bost ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkarlanean eraikia. Iragana eta oraina batu dituzte, haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen begirada eszenatokian elkartzen baitira.

Bost emanaldi antolatu dituzte: apirilaren 24an, 19.00etan, Barakaldoko Clara Campoamor gizarte etxean; maiatzaren 1ean, 19.00etan, Durangoko San Agustín kulturgunean; hilaren 8an, 19.30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean; 15ean, 19.00etan, Salburuako ekitaldi aretoan; eta 22an, 19.00etan, Gernikako Lizeo Antzokian.

Barakaldoko emanaldirako sarrerak eskuragarri daude Loraldiaren webgunean.