Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Oztopoak gaindituz, Zabalak sake-efizientzia handia izan du Peña II.a gainditzeko (17-22)

Aurrelari errioxarrak tripako ondoeza eta burua blokeatuta izateaz gain, beroketan mina hartu du eskuin eskuko hatz punta batean, baina Labriten bikain aritu den Peña II.aren aurka 17-12ko emaitza irauli ahal izan du sakearekin min eginda eta final-laurdenetako lehen puntua eskuratu du.

Zabala, deseroso eta kexuka, Peña II.ak boleaz jotako pilotakada polemiko batengatik.
Zabala, deseroso eta kexuka, Peña II.ak boleaz jotako pilotakada polemiko batengatik. (Iñigo URIZ | FOKU)

Javi Zabalak ikaragarri sufritutako lehen puntua eskuratu du B multzoari dagokion Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan. Aurrean Jon Ander Peña bikain bat izan du. Tolosarrak gauzak oso zail jarri dizkio errioxarrari, 17-12 aurretik ere joanda, baina momenturik garrantzitsuenean Aspeko aurrelariak barruan zuen onena atera, hiru tanto egin ditu jarraian sakez, eta markagailua irauli du (17-22).

Egun berezia zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Energia-efizientzia hobetzeko obrak burutzeko bederatzi hilabete itxita igaro ostean, merezitako aurreskua dantzatu dute Nafarroako hiriburuan eta pilota munduan hain famatua den barrutiaren berrinaugurazioa egiteko. Eta ondoren kantxan ikusitakoagatik, pilotazaleak pozik joango ziren etxera.

Hori bai, ez da inondik inora Javi Zabalak amestutako lehia izan. Amaitutakoan, ETBko kameren aurrean aitortu duenez, hasi aurretik errioxarrak tripako ondoeza eta neurketan zehar burua blokeatuta izateaz gain, beroketan mina hartu du eskuin eskuko hatz punta batean. «Ez da ezer serioa izan», onartu du elkarrizketan. Hala ere, hankez motel nabaritu zaio lehia osoan zehar, eta Jon Ander Peñak bikain aprobetxatu du lehen herenean.

Behetik gora, sakea lagun

Aurrelari gipuzkoarra ideiak argi zituela iritsi da Labritera. 17-17ko emaitza arte, Aspeko bere aurkariak ezin izan du markagailuan aurreratu, nahiz eta bost berdinketa eman aurretik (1, 4, 9, 10 eta 11na).

Gorriari dena ateratzen zitzaion bitartean, urdinari motel eta desmotibatuta egongo balitz bezala nabaritzen zitzaion. Egia da Zabala odol hotzekoa eta lasaia dela, baina hasierako tantoetan botilero lanetan ziharduen aitari ez dio jaramonik egin, zerbait gaizki joango balitz bezala. 

Kasu egiten hasi denean, ordea, asmatu egin du. Bi sake atera ditu segidan zabalera, eta bi tanto lortu ditu 4-4koa egiteko. Hala ere, gaurkoan Peña II.a fin ari zen eta tanto ederrak eskaini dizkie zaleei: 9-6koan, zartada itzela bota du ezkerrez atzera eta zabalera; edo 10-9koan, ezker airez hormabiko luzea bota du.

Tartean polemika ere egon da, bi atxiki adierazi baitizkiote tolosarrari boleaz jotzerakoan. 17-12koa ere ikusgarria izan da, boleaz egindako hormabiko batekin; baina hortxe amaitu da bere partida. Zabalak hiru sake egin ditu segidan, Peña II.ak beherakada izan du jokoan eta 0-10eko partzial batekin Zabalak markagailua irauli eta lasaitasun itzela hartu du.

PARTIDAKO FITXA:

Peña II.a: 17

Zabala: 22

Pilotakadak: 308. Iraupena: 58 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 4-1, 4-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-6, 9-6, 9-9, 10-9, 10-10, 11-10, 11-11, 16-11, 16-12, 17-12 eta 17-22. Sakez egindako tantoak: 2 Peña II.ak eta 5 Zabalak. Jokoan egindakoak: 11 Peña II.ak eta 12 Zabalak. Galdutakoak: 4 Peña II.ak eta 4 Zabalak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labriten, pilotalekuaren berrinaugurazioan. Lehen sakea gorriz jantzitako pilotariarentzat izan da.