Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Hiruko baten historia: Bilbao Basketen garaipena Salonikan

Apirilaren 22an 2026ko FIBA Europe Cup-eko finalaren joaneko dema jokatuko da, duela urtebeteko finalean lorturiko balentria gogoan. Erabat berdinduta zegoen final hura Harald Freyren saskiratze batek desorekatu zuen bilbotarren alde.

Harald Frey, duela urtebeteko FIBA Europe Cupeko finaleko heroia.
Harald Frey, duela urtebeteko FIBA Europe Cupeko finaleko heroia. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Akordatzen naiz oroimena garela, oroimena ala ia ezer ez

Akordatzen - Joseba Sarrionandia

«Ez duzu astirik gertatu denaz jazotzeko. Bai, saskiratze garrantzitsua izan zen, baina oraindik minutu osoa falta zen jokatzeko eta finala oso estu zihoan. Ezin zenuen kontzentrazioa galdu dena amaitu arte». Harald Frey Norvegiatik dator eta Europako iparraldeko gizasemeek hotzak izateko ospea dute. Baina kontua ez da hotz ala beroa, nolakoa den Frey, kontua da saskiratze bat historiara pasatzeko aurrez gauza asko gertatu behar direla, eta baita ondoren ere.

2025eko apirilaren 23an inor gutxi oroitzen zen Surne Bilbao FIBA Europe Cup-eko finaletik at geratzear izan zela, Dijonen aurka azken laurdeneko «bonba atomikoak» –Zoran Dragicen hitzak– galduta zegoen kanporaketa irauli zuen arte. Miribillan 72-65 nagusitu ziren Salonikako PAOKen aurka final hartako aurreneko norgehiagokan. Garaipena lortzea beti da hobe, baina zazpi puntu horiek berdintzeko kristorenak eta bi egin behar izan zituen talde greziarrak bueltako neurketan.

Alperrik izan zen epaileek erasoko zazpi falta adierazi izana bilbotarrei, alperrik 8.600 ikuzle inguru onartzen dituen PAOK Sports Center pabiloia –«Palataki» edo «Jauregitxo» izengoitiaz ezaguna– 12.000 lagunekin bete izana, neurketa hasi baino bi ordu lehenagotik harmailak kokoteraino beteta –baita pabiloiaren kanpoaldea ere, ikusteko askorik ez duen industria gune baten erdian galduta badago ere, taxian erdigunetik ordu laurdenera, ibilbide erregularreko autobusetan, 50 minutura–. Urduritasuna eta erantzukizunak jota, PAOK azken unean baino ez zen gai izan Surne Bilbaoren aurka kanporaketaz berdintzeko: 81-74.

«Oraindik asko falta zen, ia minutu osoa», gogoratzen du urtebete beranduago Harald Freyk, final hura erabaki zuen hirukoa sartu zuen jokalariak. «Baina gogoan dut jokaldia ondo atera zela. ‘Mel’ –Pantzar– barrurantz abiatu zen eta aurkarien arreta bereganatu zuen. Bestetik Marvinen blokeoak –Marvin Jones, egun PAOK Salonikako jokalaria, hain zuzen– astia eman zidan hirukoa eroso botatzeko. Eta sartu egin nuen». Horra Harald Freyren deskribapena; ez hotz ez beroa, objektiboa, jokaldia norvegiarrak esan bezala atera baitzen. Egia da, halaber, oraindik ia minutu bete falta zela neurketa –finaleko itzulerako dema– amaitzeko, baina kanporaketa berdintzeko hainbesteko buruhausteak izan ondoren, talde greziarra ez zegoen prest beste halako muturreko bat jasotzeko.

«Leku berezia»

«Nire kirol bizitzako saskiratze garrantzitsuenetako bat izan zen, zalantzarik gabe», onartzen du Freyk, baita Palatakin «giro berezia» bizi izaten dela ere. «Jendea gainean dago, etengabe animatzen eta alde txikia generaman. -jokalaria saiatzen da halakoetan harmailetan gertatzen denari jaramonik ez egiten, zure betebeharrera ez bazaude ezin delako irabazi. Gero bai, gero oroitzen zara zer-nolakoa izan zen hura eta handia dela ikusten duzu», gaineratzen du, halaber, antolatzaile norvegiarrak.

«Prest zegoen jaurtitzeko eta jokaldia ondo atera zen», dio Melwin Pantzarrek. Antolatzaile suediarrak barrurantz hartu zuen bidea markagailuan 81-74 zela, beldurrik gabe. Freyren aurrean jarrita, Shavar Reynolds antolatzaileak defenditu behar zuen norvegiarra; Pantzar suediarrari aurrez aurre jarrita, aldiz, Dimitrios Katsibelis greziarren izarretako bat zegoen. Bilbotarren erasoa ez zen oso konplexua, jaurtiketa libreen marraraino atera zen Thijs De Ridder hegal-pibot flandriarra Pantzarri blokeoa jartzera, jakinean Katsibelis ez zela blokeoa gainditzen ahaleginduko, bere taldekide Jackson Krauser pibotak De Ridder utzi –Katsibelisen esku, alegia– eta Pantzar defendituko zuela jakitun. Hori horrela izanda, suediarra barneraldia prestatzen hasi zen, baina bere eskuinera begiratu eta greziarren akatsa han iritsi zela konturatu zen.

Hegal batean zegoen Marvin Jones eta saskitik lauzpabost metrora atera zen Freyri zeharkako blokeoa –baloirik ez duen jokalariak abantaila izateko egiten den blokeoa– jartzeko. Shavar Reynoldsek ez zion bere taldekide Devonte Upsonen keinuez jabetu eta Marvin Jonesen blokeoa bete-betean ‘irentsi’ zuen. Upsonek berak ere ez zuen Reynoldsen abisua sasoian aditu eta Freyren jaurtiketa oztopatzera berandu iritsi zen. Harald Frey antolatzaile ezkertiak, horren gustuko duen eskuin hegaletik hirukoa bakarrik bota ahal izan zuen. Egun hartan zortzi hiruko ahalegin egin zituen eta lau gauzatu, horietatik hiru eskuin hegaletik; lautik hiru, eskuin hegaletik; lautik bat, erditik eta ezkerretik. Bakarrik utzi zuten eta ez zuen kalerik egin.

«Finalak ez dira halako jokaldi bakarrean erabakitzen. Luze jotzen dute, are gehiago 80 minutukoak badira, baina egia da hiruko hark asko eman zigula eta gogoan izango dudala beti», dio Harald Freyk Palatakira berriro abiatu bezperako ‘Media Day’-an.

Jokaldi hartaz harago doa, alabaina, jokalari norvegiarra. «Duela gutxira arte lesio bat gainditzen izan naiz. Jende askok lagundu dit orain Salonikan jokatzerik izan dezadan, momentuan pentsamendu txar ugari izan arren. Honaino iristeko lan handia egin dut, baina ez naiz bakarra izan, inoiz ere ez baita bakarka egindako lanaren ondorio izaten», azpimarratzen du.

«Finalek gauza askorako astia ematen dute, eta une txarrak iristen direnean eusten jakin behar da, une egokietan errematatzeko. Aurten, iaz ez bezala, etxean erabakitzeko moduan izango gara. Beraz eusten asmatzen badugu, etxean berriz ere FIBA Europe Cup hau irabazteko moduan egon gaitezke. Eta orduan, ikusleak isiltzea baino, ea pozarren garrasika ikus ditzakegun», dio Melwin Pantzarrek, Fryeren berebiziko hiruko hark izan zuen ezinbesteko burkide eta alkahueteak. Azken baten, saskiratzen baten historiak amaiera ona izan dezan jende askok egiten baitu lan.