
SOS Arrazakeriako ordezkariek Nafarroako Legebiltzarreko lan-saio batean salatu dute astearte honetan etxeko langileek pairatzen dituzten indarkeria eta diskriminazio inplizitu zein esplizituko egoerak, oso feminizatua eta arrazializatua den sektore batean.
Cecilia Themme SOS Arrazakeriako ikertzaileak ‘Arrazakeriaren adierazpenak eta etxeko langileen aurkako indarkeria’ txostena aurkeztu du Legebiltzarreko batzordean. Txosten horren arabera, langile arrazializatuen erdiak diskriminazioa jasan du, eta adierazpen arrazistak umiliazio, hitzezko eraso, irain, iseka edo mespretxuzko iruzkin moduan agertzen dira.
Inkestatutakoen %50,5ek adierazi du lehen pertsonan arraza-diskriminazioa jasan duela, eta %15,4k, berriz, beste lankide batzuekiko ekintza arrazisten lekuko izan dela. Gainera, lan-bitartekaritzako teknikarien %85ak onartu du gertakari arrazisten berri duela, dela hirugarrenen kontakizunen bidez (%50,4), dela zuzenean ikusi dituelako (%34,2).
Gai horren harira, parte-hartzaileek adierazi dute etnia- eta arraza-diskriminazioaren arrazoi nagusiak direla jatorria (%30,7), dokumentaziorik eza (%25,9), nazionalitatea (%14,8) eta larruazalaren kolorea (%12,7). Txostena sei erkidegotan egin da, tartean Nafarroan.
Lan-sektore honetan, Themmek nabarmendu du Hego Amerikako herrialdeetatik etorritako pertsonen kontzentrazioa handia dela; horrek erakusten du «Espainiako Estatuan etxeko enplegua eta zaintza-lanak lan-merkatuan oso sektore feminizatu eta arrazializatua direla».
Azaldu duenez, errealitate hori lotuta dago, batetik, «azken hamarkadetan bizi dugun globalizazioaren testuinguruan migrazioen nazioarteko feminizazioarekin eta ongizate-estatuaren eraldaketarekin, eta, bestetik, lan-baldintza duinak dituzten zaintza-zerbitzu publikoen eskasiarekin eta irisgarritasun faltarekin, baita Espainiako gizartean laurogeiko hamarkadatik sendotzen ari den lanaren sexu- eta arraza-banaketarekin ere». «Emakumeei, oro har, doako zaintzen ardura nagusia esleitzen jarraitzen zaie. Zaintza horien kanporatzeaz hitz egiten dugunean, arreta emakume migratuengan jartzen da», salatu du.
Themmek azaldu duenez, arrazakeriaren adierazpenak modu inplizituan eta esplizituan agertzen dira. Modu inplizituan jarduten dute lan- eta kontratu-baldintzen bidez: «Hau da, jatorrian, larruazalaren kolorean edo administrazio-egoeran oinarritutako soldata-desberdintasunak, bermerik gabeko ahozko kontratuak, konpentsazio ekonomikorik gabeko lanaldi gehiegizkoak, oporrak eta atsedenaldiak ukatzea, baja medikoak edo lan egiten eta bizi den etxebizitzan erroldatzeko aukera ukatzea».
Bereziki, azpimarratu du eragin handiena dutela barne-erregimeneko langileengan, administrazio-egoera irregularrean daudenengan eta emakume adinekoengan. «Logika hori bereziki agerian geratzen da kontratazioaren unean; bertan, gorputzak eta jatorriak hierarkizatzen dituzten estereotipo arrazialek eragiten dute. Adibidez, familia askok profil oso zehatzak eskatzen dituzte: jatorri latinoamerikarreko emakume gazte bat, familia-kargarik gabea; aldi berean, emakume afrikarrak edo musulmanak baztertzen dituzte aurreiritzi arrazista edo islamofoboengatik», azaldu du.
SOS Arrazakeriako ikertzaileak gaineratu du etxeko langileen «hiperzaintza, mesfidantza sistematikoa, infantilizazioa eta lanaren desbalorizazioa» bezalako faktoreek «gehiegizko esplotazioa legitimatzen duten eta salaketa zailtzen duten indarkeria sinbolikoko mekanismo gisa» jokatzen dutela. Horrek guztiak erakusten du arrazakeriak «zaintza-lanen antolaketa egituratzen duela, eta langileen lan- eta gizarte-eskubideak benetan eskuratzea zailtzen duela».
Bestalde, adierazpen arrazista esplizituak honako hauek dira: «irainak, mespretxuzko iruzkinak eta umiliazioak», baita «azentuari, larruazalaren koloreari edo beste lan batzuk egiteko ustezko ezintasunari buruzko isekak» ere.
Azkenik, SOS Arrazakeriak Berriozarko harrera-etxearen proiektua aurkeztu dio batzordeari. Zortzi plaza ditu, eta emakumeak urtebetez egon daitezke bertan. Denbora horretan, Marta de Castrok azaldu duenez, emakumeei plan indibidualizatuak eskaintzen zaizkie osasunaren, enpleguaren edo prestakuntzaren arloan, «beren bizi-helburuak berreskuratu ahal izan ditzaten».

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

Piden reducir el consumo de agua en una veintena de municipios de Busturialdea y Lea-Artibai
