
Elkar Fundazioak bi iragarpen egin ditu astearte goiz honetan: 2026ko Ibilbideari Elkar Saria Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eskainiko diola jakinarazi du batetik, eta Joseba Jaka Beka Javier Andrada Guerrerok, Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jasoko dutela bestetik, ‘Super Mario hil behar dut’ komikia egiteko.
Lehenaren gainean, balioan jarri dute Behatokiak urteotan hizkuntza eskubideen kontzeptua bera gizarteratzen egindako lana. «Gaur egun edonork ulertzen du hizkuntza eskubideak giza eskubideen atal bat direla eta edozein hizkuntza komunitatek dituela bere eskubideak: euskaldunak euskaraz bizitzeko eskubidea duela», esan dute.
Bestetik, herritarrei emandako zerbitzua nabarmendu dute, izan kexak bideratzen, hizkuntzarekin izan daitezkeeen ezintasunak kudeatzen zein ahalduntzeko tresnak eskaintzen. Hizkuntz urraketak gainditzeko bidean neurriak hartu izana ere eskertu dute eta «eragin du, era berean, administrazioak hartu beharreko erabakietan hizkuntzak bere lekua izan dezan (askotan ez badira ere etorri nahiko liratekeen neurriak)», egin dute ñabardura.
Elkar Fundazioaren iritziz, «hizkuntza eskubideen gaia gizarteratzea eta haiek errespeta daitezen lortzea ez da inondik ere lan erraza, bereziki hizkuntza gutxituen kasuan. Maiz erakutsi nahi digute hiztun horien aldeko neurriak hizkuntza nagusietako hiztunen kontrakoak direla, horixe da hizkuntza komunitate gutxituak menperatzeko bidea, sinestaraztea zure eskubideen alde egitea beste batzuk diskriminatzea dela». Zentzu horretan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egoera hori iraultzeko «ezinbesteko funtzioa» betetzen duela ziurtatu dute.
25 urte eta gero Behatokia «bizirik dagoela» ospatu eta nazioarteko beste hainbat eragilerekin batera ‘Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala’ berritzeko prozesuan parte hartuko duela oroitarazi dute.
Era berean, saria baliatu nahi dute deia egiteko herritarrei: «Haien eskubideak urratuta ikusten dituztenean jo dezatela Hizkuntz Eskubideen Behatokira, han topatuko dutelako laguntza, nork bere aldetik egitea beti ez baita aukerarik onena eta errazena».
Joseba Jaka Beka
Joseba Jaka Beka Javier Andrada Guerrerok, Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jasoko dute, urtebeteko epean ‘Super Mario hil behar dut’ komikia egiteko. 10.000 euroko laguntza jasoko dute horretarako.
Paula Estevez Del Diego, Adur Larrea Eguren eta Iratxe Retolaza Gutierrez izan dira epaimahaiko kideak eta «proposamen ausarta» mahaigaineratu izana nabarmendu dute: «Istorio gogor bat kontatzen du; jazarpen digitala ez da txantxa. Gai serioak, baita tragikoak ere, umorez zipriztinduta, ordea, eramangarriagoak eman dezakete, garrantzia kendu gabe, gure gizartearen ispilu bihurtzen dira, istorio honetan bezalaxe. Umore mota hau deserosoa izanik, askagarria ere izan daiteke eta kritikarako eta hausnarketarako tresna bihurtu».
Umore beltza eta genero beltza uztartuko ditu, hilketa baten prestaketaren kontakizun ekarriz. «Narrazioak guztiz harrapatzen du irakurlea, haren jakin-minari amaieraraino eutsiz», adierazi dute.

Gasteiz se prepara para despedirse del coso diez años después de la última feria taurina

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin
