
Migrazioak berekin dakartzan bizipen eta emozioen kontaketa bisual eta idatzizkoa da ‘Zazpigarren gizona. Europako langile migranteen bizipenak irudiz eta hitzez’, John Berger eta Jean Mohr-ek elkarlanean ondu zuten lan ezagunena. Bergerrean jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan, Katakraken eskutik ekarri da euskara, Iñigo Roqueren itzulpenaz (aurretik ere itzulia du Berger euskarara, Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumarako).
Hedoi Etxarte editoreak kokatu du argitalpena: «Liburu hau da 70eko hamarkadan Europako pobreek Europa idnustrialago batera egiten zuten migrazio horretan zeuden bizitzen kontaketa bat». Kontaketa bisual eta idatzizkoa, John Bergerrek testuak eta Jean Mohrren argazkiak harilkatzen baitira liburuan. Bien artean deskribatuko dizkigute nolakoak ziren migranteen lan berriak, non eta nola egiten zuten lo, nolakoa zen euren osasuna, kartzela, atzean utzi zuten mundua... «Baina liburuak badu beste alde bat –jarraitu du Etxartek–, nahi bada kronika horretatik haraindi doana. Bergerren bazuen kezka politiko bat: nola artikulatu migranteek bizitza duina izatea eta aldi berean langile natiboek parte hartzen zuten borroka horietan elkarrekin egotea», nabarmendu du.
Bergerren figuran sakondu du, bere aldetik, Roquek. Susan Sontag eta Roland Barthesekin batera, XX. mendeko bigarren erdiko kultur kritikari eta irudien teoriko erreferentzial handia izan zen Berger, eta Mohrrekin batera ondu zuen obra honek Booker Prize saria eskuratu zuen besteren artean. Sariketan jazotakoa Bergerren kokapen politikoaren adierazle da: «Booker Prizeren babesleak itxura batean nahasita egon ziren esklabutza kontuetan eta, hori dela eta, sariaren erdia Black Panther-ei eman zien eta beste erdia erabili nahi izan zuen pelikula bat egiteko, baina ez zuen nahikoa diru biratu eta, orduan, erabaki zuen liburu hau egitea, argazkiekin. Aurretik egina zuen ‘Fortunate Man’ jean Mohr-ekin, eta harekin jarri zen berriro harremanetan». 1975ean argitaratu zuten liburua.
Irudia eta testua, tentsioan
Roqueren aburuz, liburuan bada irudiaren eta hitzaren arteko tentsio bat. Izan ere, Berger arte kritikari modura ezagun egin bazen ere irudia eta margogintza edota argazkilaritza landu zituen, zenbait filmetarako gidoilari eta aktore lanean ere aritua zen eta irudiaren gaineko gogoetan sakon murgildu zen. Itzultzaileak gogora ekarri du nola, Susan Sontagekin izan zuen elkarrizketetako batean, honek esan zion berak liburu bat idatzi aurretik hitzak zeuzkala, eta hitz horiek oihartzun bat egiten ziotela. «Baina Bergerrek irudietan ikusten zuen kontatu nahi zuena, eta berarentzat borroka latza zen iruditan ikusten zuen hori ahalik eta doien edo zorrotzen ekartzea hitzetara», zehaztu du Roquek, eta gaineratu: «Bergerrek berak esaten du: argazkia eztabaidaezina da froga gisara, baina esanahia aldetik ahula. Hitzek ematen diote esanahi hori». Hor datza liburu honen muina.
Obraren beste gakoetako bat «neurritasuna» da Roqueren ustez, hau da, irudiaren eta testuaren arteko oreka, «behar baino gehiago ez kontatzea, ez errepikatzea argazkiak esaten duena».
Liburuko ‘zazpigarren gizona’-ren inguruan, itzultzaileak interpretazioetara jo du. «Zazpigarren gizona aurkezten digu, ez izenik ez jatorririk ez duena, interpretatu liteke turkiarra dela, baina beste batzuetan izan daiteke portugaldarra edo espainiarra. Gizonak dira liburu denak –jarri du azpimarra–, garai hartako migrazio molde jakin batez hitz egiten duelako. Hitzaurrean esaten du komeniko litzatekeela emakumeen migrazioaz ere liburu bat egitea, beste era batekoa delako».
Berger eta Mohr, baina, fenomeno jakin batean zentratzen dira, 70eko hamarmadako mendebaldeko Europakoaz: «Eskulan migrantea behar zen lan egiteko, eta gizonak ekartzen zituzten. Horien bizipen pusketatik abiatzen dira». Gehienak laborariak jatorriz, nekazari kultura batetik mundu industrial batera egiten zuten jauzi. «Oso garbi ikusten da langile kualifikatu gabeak ekartzen zituztela eskulan falta zegoenean eta, horien beharra ez zegoenean, kanporatu egiten zituztela», esan du Roquek, eta horretarako lan-baimen laburrak baliatzen zituzten, besteren artean. Paralelismoa ikusten du hor egungo errealitatearekin: «Gaur egun, politikariek eufemismo bat erabiltzen dute. Orain ez dugu edonor ekarri nahi, nahi dugu Yaleko unibertsitatean ikasitako norbait. Garai hartan hirugarren mudnuko herrialdeei eskulan gaztea, ekimenduna, bururik argiena lapurtzen zitzaizkien eta orain ari gara talentua lapurtzeaz».
Obra honetan beste alderdi bat ere ikusten du itzaltzaileak, bere ustez emozionalagoa litzatekeena. «Migrantea bazaezpada gaizkiletzat hartzen da, ukatu egiten zaie identitatea. Gaur egun ere, hau da ‘moroa’ eta hau ‘matxupitxua’, baina izenik nekez ematen zaie. Kartzela batean bizi dira, lanaz aparte ez daukate sozializatzeko beste modurik, ez bada komunitate itxi horietan». Bergerren «loaren metafora» izendatzen du errealitate hau aurkezteko: ‘Loaldian bakarrik lortzen dute benetan libre izatea’. «Presoek ere loaldian bakarrik lortzen dute harresiak gainditzea eta libre izatea», jarri du amaiera puntua Roquek.
Ekitaldi irekia
‘Zazpigarren gizona’-ren argitalpena ez dator esku hutsik. Apirilaren 22an, asteazkenarekin, Donostiako Tabakaleran Bergerren jaiotzaren mendeurrena oroitzeko ekitaldia egingo da eta bertan autoreaz eta liburu honek jorratzen dituen gaiez ariko da berbetan Iñigo Roque itzaultzailea bera, Iskandar Rementeria ikertzailea eta Jone Laspiur antzezlearen partaidetzarekin.

Varios activistas de la Flotilla llegan a Turquía heridos; dos de los vascos, hospitalizados

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

Iberiar Penintsulan ia desagertuta dagoen landare espezie bat aurkitu dute Gasteizen
«Guretzat eztabaida da hezkuntza sisteman ze ratio egon behar diren»

