Ilargi Avila
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lizarraldeko bibliobusak sareak ehuntzen ditu herrietan

Lizarraldeko herrietako milaka biztanleri zerbitzua ematen dien liburutegi ibiltaria bere bilduma gutxinaka handitzen ari da. Koloretako furgoneta, kultura eskaintzeaz gain, herritarrek bizilagunen arteko sareak ehuntzeko gune bihurtu da. Datorren urtean beste ibilgailu bat jarriko dute martxan.

Lizarraldeko bibliobusa Santsol herriko bizilagunei zerbitzua ematen.
Lizarraldeko bibliobusa Santsol herriko bizilagunei zerbitzua ematen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lizarraldeko bibliobusak martxan jarraitzen du eta inoiz baino hobeto dabil. Egitasmoa eskualdean kokaturik dauden herri txikietako biztanleei kultura eskaintzeko jaio zen duela hiru urte eta erdi. Iñaki Suso liburuzainak proiektuaren hasieratik liburuz betetako koloretako furgoneta koordinatzen lan egiten du, Marta Garciarekin eta beste lankide batekin batera.

Hirukoteak txandaka lan egiten du, bat goizetan bulegoan telefonoaz eta bibliobusa prestatzeaz arduratzen da eta beste biek Lizarraldetik ibilbideak egiten dituzte arratsaldez. Hasieran, 28 herritatik pasatzen ziren eta sei ibilbide egiten zituzten. Gaur egun, 60 herri bisitatzeko, 8 ibilbide dituzte, «ahalik eta zerbitzu osoena eta onena emateko».

«Lehen Vianako liburutegian lan egiten nuen. Behin, zerbitzu eginkizunen bidez, bibliobusean aldi baterako jardutea proposatu zidaten. Hainbeste gustatu zitzaidan lan hau, non azken lekualdatze lehiaketan plaza hartzea erabaki nuen», gogoratu du Susok.

Liburutegi ibiltariaren eredua liburutegi tradizionalarena baino askoz gehiago gustatzen zaio, izan ere, «neure buruarekin askoz hobeto sentitzen naiz herri horietan liburuzain gisa, bulego batean eserita baino». Horrekin batera, lanaldia dinamikoagoa dela adierazten du, egunero leku ezberdin batera bidaiatzen dutelako eta irakurle ugari ezagutzen dituztelako. «Jendeak asko eskertzen du gure lana. Oso lan pozgarria da», adierazi digu.

Bibliobusaren sorrera

Susok lehenengo urtean herrietako biztanleek ekimena ulertzen ez zutela gogoratu du. «Ekaina ailegatzean iraileraino agur esan ziguten. Guk azaldu genien udan zerbitzuak jarraituko zuela. Gabonetan eta Aste Santuan gauza bera gertatu zitzaigun. Zerbitzua ikasturtearekin lotzen zuten», azaldu du. Hasieran, bizilagunei proiektuan sinestea kostatu zitzaiela onartzen duen arren, gaur egun bibliobusaren zain egoten direla ziurtatu digu.

Liburuzainak dioenez, zerbitzuaren izaera ibiltariaren ondorioz, erabiltzaileek maileguak eskatu ahal izateko denbora gehiago behar zuten. Hori dela eta, haien liburutegi txarteletan kode berezi bat daukate liburuak tarte luzeago batez eduki ahal izateko. «Liburutegi arruntek hiru asterako hiru liburu hartzeko aukera ematen dute. Gu hilabetero bi aldiz etortzen gara, beraz, erabiltzaileei sei asterako sei liburu hartzeko aukera ematen diegu», argitu du.

Garciak, Susoren lankideak, gurpildun liburutegi estuan dauden apalategiak seinalatu ditu. Haietan, maileguan hartuak izateko zain, 1.300 liburu inguru, 200 DVD eta hamaika aldizkari daude. «Bibliobusaren bildumaren zati bat dago, besterik ez, hemen ez baita osorik sartzen. Bilduma gordetzeko biltegia Nafarroako Liburutegian dugu, azaldu digu.

Espazio kulturala eta soziala

Bibliobusak eskualdean bizi diren milaka pertsonari ematen dio zerbitzua. «9.000 bizilagun dira eta 1.800 erabiltzaile aktibo dauzkagu. Ehuneko handia da», hausnartu dute Garciak eta Susok, zerbitzuak duen arrakastaz harro.

Liburutegi ibiltariaren arduradunek estimu handitan dauzkate erabiltzaile ohikoak eta haien eskaerak entzuten dituztela adierazi digute. Normalean WhatsAppez jasotzen dituzte eskari horiek. «Haien eskaerak betetzen saiatzen gara, jendeak etortzen jarrai dezan; baina, egia esan, ez daukate etortzeko arazorik, gure zerbitzuarekin poz-pozik daude eta», nabarmendu dute.

Erabiltzaileen artean oso desberdinak diren bi profil bereizten dituzte. Ohikoenetako batzuk zortzi eta hamar urte bitarteko haurrak dira, «liburutegirik ez duten ikastetxeetan bost geltoki ditugu eta». Liburuzainek «herrian bizi den adineko emakumearen» profila ere nabarmendu dute, bizpahiru liburu eraman ohi dituelako, «oso fidela» delako eta «argitaletxeen nobedadeen berri» duelako.

Suso bereziki harro dago betetzen ari diren lanarekin, ez soilik kultur espazio gisa balio duelako, baita hirugarren adineko bizilagunen arteko topagune ere badelako. «Adineko pertsona asko kalera aterarazten ditugu. Ez dira etxean geratzen telebista ikusten edo bakardadean zimeltzen. Bibliobusaren unea etxetik irteteko, jendearekin elkartzeko eta elkarrekin hitz egiteko baliatzen dute», laburbildu du.

Papera vs digitalizazioa

Erabiltzaileek gehien eskatzen dituzten liburuei dagokienez, eleberriak nabarmentzen dira, poliziakoak, beltzak, historikoak eta erromantikoak bereziki, ohiko liburutegietan gertatzen den bezala. Susok eta Garciak onartu dute harrituta geratu zirela bisitatzen dituzten herrietako bizilagunak ezagutzak eta trebetasuna handitzeko edo eskuratzeko liburuak eskatzen hasi zitzaizkienean. «Mundu guztiak du baratze bat, beraz, baratzezaintzako liburuak eskatzen dizkigute. Emakumeek eskulanei, joskintzari, kakorratzari, sukaldaritzari eta abarri buruzko liburuak ere eskatzen dituzte. Entretenituta egon nahi dute, ikasi eta hobetu», azaldu digute.

Haurren kasuan, liburuzainek youtuber eta influencer-ei buruzko liburuak irakurtzeko gero eta interes handiagoa dutela nabaritu dute. «DVD asko ere eskatzen dituzte, haurrentzako ikus-entzunezko asko, plataformak egon arren», gaineratu dute.

Pandemiarekin plataforma digitalen gorakada iritsi zen eta errealitate horrek liburuak baztertuko zituela irudi zezakeen, baina, Susoren arabera, paperaren eskariak gora egin zuen. «Ebookak funtzionatzen du, baina ez du papera ordezkatu. Jendeak fisikoan irakurtzen jarraitzen du, leiala da paperarekin», dio.

Hurrengo helmuga

Datozen urteei begira, liburuzainek bibliobusaren egoitza helmugetatik gertuago egotea negoziatu nahi dute, izan ere, gaur egun, egoitza Nafarroako Liburutegian egoteak egunero ordu osoko joan-etorria egin behar izatea dakar. «Egoitza Lizarran bertan balego, ordu hori irabazi ahal izango genuke zerbitzu hobea emateko edo herri gehiagotatik pasatzeko», arrazoitu dute.

Bai Suso bai Garcia ziur daude bibliobus zerbitzua «geratzeko» eta «hedatzeko» iritsi dela. Diotenez, azken hiru urteetan liburutegi ibiltariak arrakasta izan duenez, Nafarroako Gobernuak aurrekontua mantendu du eta beste bibliobus bat martxan jartzea ere pentsatu du.

«Ibilgailua erosita dago, bilduma osatzen ari dira eta liburuzain plazak sortu dira», aurreratu dute. Aurreikuspenen arabera, ibilgailua urte honen amaieran hasiko da martxan, eta Tafalla eta Zangoza artean ibiliko da liburutegirik ez duten inguruko herri txikiei zerbitzua ematen.