NAIZ

San Telmo Museoa Argiaren itzalean dantzan ari den herriaren lekukoa da

Gaur egungo euskal dantza, bere egoera eta azken 60 urteetako bilakaera ezin daitezke ulertu Argia talderik gabe. San Telmo Museoa ibilbide honen lekuko bihurtuko da ekainaren 21era arte ikusgai dagoen ‘Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia’ erakusketari esker.

Erakusketa museoaren laborategian kokatu dute.
Erakusketa museoaren laborategian kokatu dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Marian Arregiren eta Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean 60ko hamarkadatik gaurdaino Argia dantza taldeak egindako lanak dantzaren geografia zabaldu du, koreografia, dantza-era, pausu, doinu, erritmo edo jantzi berriak dantza taldeen errepertorioari eta euskaldunon imajinarioari gehituz.

Herriz herri egindako landa lanak betiko galtzear zeuden hainbat dantza, doinu zein janzkera ahanzturatik erreskatatu zituen eta agertokietan azaldu, ondoren herrira itzultzeko. Dantzak mugimenduan dauden sinboloak direla ulertzeak aldaketa handia ekarri zuen beren begiradan eta lan egiteko moduan; dantza haiek aztertzeari eta ikertzeari aparteko garrantzia eman zioten aurrerantzean. 

Urbeltz: «Guk gaur eguneko euskaldun bezala dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu»

Argia San Telmo Museoaren babesean sortu zen, elkarlanean, taldeari egoitza eta ikerketarako museoko materialak eskainiz. Museora Jorge Oteiza, Ez Dok Amairuko partaideak eta, oro har, 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal kulturaren biziberritzearen sustatzaileak gerturatzen ziren. Hala, taldearen entseguak ideia berrien laborategi bilakatu ziren. Laborategi hartan landutakoak, euskal dantzaren ekosistema eraldatu eta biziberritu zuen guztiz, gaurdaino.

«Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu». Hitz horiekin laburbildu zuen J.A. Urbeltzek hurrengo urteetan Argiak burutuko zuen lanaren zioa, hau da, iturrietara jotzea, 1966an Rikardo Arregik ‘Zeruko Argia’ aldizkarirako egindako elkarrizketan.

Ibilbide hau museora itzuli da zabaldu berri den ‘Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia’ erakusketari esker. Donostiako San Telmo Museoak eta Argia dantza taldeak elkarlanean sortutakoa, San Telmok, Argiak eta Ikerfolkek egin dituzte ekoizpen lanak eta Argiaren bilakaera du ardatz. Euskal dantzaren azken 60 urteetako bilakaera ulertzeko gakoak diren testuingurua, irudiak, doinuak eta jantziak biltzen ditu.

Erakusketa sarrera eta bi gune nagusitan dago antolatua, arkupea eta plaza. Ikusgai jarri diren piezen artean, Argiaren funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude.

San Telmok bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean Darío de Regoyosen margolan bat, XVIII. mendeko egurrezko kutxa baten aurrealde landua, eta hainbat grabatu eta akuarela. Gainera, Gipuzkoako Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguak eta artxibo partikularretatik etorritako pieza, liburu eta dokumentuak ere biltzen ditu erakusketak.

Apirilaren 24tik ekainaren 21era ikusgai izango da museoko Laborategia aretoan, doako sarrerarekin. Erakusketari lotutako jardueren programazioan, solasaldi eta hitzaldi bana, tailerrak eta bisita gidatuak izango dira. Argia taldeko Ane Albisu, Iñaki Arregi eta Mikel Urbeltz, Frantxi López Landatxerekin eta museko lantaldearekin batera, aritu dira erakusketa prestatzen.