NAIZ

Larreen irekiera ospatu dute Larraitzen eta Zelatunen, ekitaldi ikusgarri banarekin

12.00etan puntuan suziria bota, eta langa ireki dute Larraitzen, behor, ardi, behi eta ahuntzak pasatzeko. Jai giroan ikusi du jendetzak larreen irekiera, Errezilgo Zelatungo larreetan bezala. Gipuzkoan, orotara 42.841 abelburu igoko dituzte 637 abeltzainek mendietako larreetara.

Larreen irekiera, Larraitzen.
Larreen irekiera, Larraitzen. (Jon URBE | FOKU)

Langileen Eguna ez ezik, larreen irekierarena ere bada Maiatzaren Lehena, bai Aralarren eta bai Zelatunen. Lehenbizikoan, azokak eta trikitilariek girotu dute jendetza abereak ailegatu bitartean. Eguerdian suziria jaurti, eta langa ireki dute, behor, ardi, behi eta ahuntzak pasa zitezen. Gero, bertsolariak eta herri kirolak izan dira gozagarri.

Errezilgo Zelatunen, berriz, Gipuzkoako larreen zabaltzea ospatu dute. Guztira 637 abeltzainek 42.841 abelburu igoko dituzte Gipuzkoako mendietako larreetara. Zelatunera, zehazki, ardi, behi eta behorrak igo dira. Foru Aldundiak, Errezilgo Udalarekin batera, ekitaldi publiko bat antolatu du. Bertan bildu dira hainbat udaletako ordezkariak, abeltzainak eta herritarrak.

Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, mugarri horren garrantzia eta sinbolismoa azaldu du: «Mendeetan Gipuzkoako kultura eta nortasuna zaindu duten abeltzainen eta familien zereginaren aitorpena da». Era berean, kolektibo horrek biodibertsitatearen zaintzan eta lurraldearen oreka berdean duen zeregina balioan jarri du. «Abeltzainen lana ez da soilik tokiko elikadura osasungarri batez hornitzea, askoz harago doa, eta ezinbestekoa da horrelako ekintzen bidez balioan jartzea».

Larreen eta Artzaintzaren Urtea

Ekitaldia Nazio Batuek bultzatutako Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtearen baitan egin dute. Ekimen horren helburua ekosistema horiek lurraldearen orekan, biodibertsitatearen kontserbazioan eta lehen sektorearen jasangarritasunean duten garrantziari balioa ematea da.

Testuinguru horretan, larreen kudeaketa iraunkorrarekin eta abeltzaintza-jarduerari laguntzearekin duen konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, funtsezkoa baita, besteak beste, paisaia mantentzeko, suteei aurre hartzeko eta lurraldearen garapen orekaturako.