«Etor dakigukeen ezgaitasun baterako tresnak prest izatea komeni da»
Aubixa Fundazioak ‘Eskubideen gida’ plazaratu du. Bizitzan etor dakigukeen mendekotasun edo ezgaitasun baten aitzinean erabakiak aldez aurretik hartzeko informazio praktikoa ematen du. Martin Auzmendi abokatua eta elkarteko idazkaria da egileetako bat.

Aubixa Fundazioaren “Eskubideen gida”-k kontu pertsonalak, ekonomikoak eta osasunarekin lotutakoak prest uzten laguntzen digu, badaezpada, etorkizunean horretarako gaitasuna galtzea gertatuko balitzaigu. Euskarazko eta gaztelaniazko gidaliburu laburra eta erraza da, Lakuako Gobernuaren babesarekin argitaratua. Adineko pertsonei, familiei eta, oro har, herritar guztiei gauza batzuk antolatuta uztea gomendatzen diete, zerbait gertatu eta erabakiak hartzeko edota gauzatzeko ahalmena galduz gero, ingurukoei kudeaketa errazteko.
Martin Auzmendi Aubixa Fundazioko idazkaria, abokatua eta gidaren egileetako bat da. Berak eman dizkigu tresna prebentibo eta pedagogiko honen xehetasunak, gida honen zergatia azaltzetik hasita.
Aubixak hamar urte darama Alzheimerrak eta bertze dementziek eragindako pertsonen ongizatea ahal den heinean laguntzen. Zahartzaroa eta belaunaldien arteko elkarkidetasuna jorratzen ditu, eta zahartzaroarekin lotuta aurreikus daitezkeen arazo batzuei erantzuten saiatzen da.
Familien premia batetik
«Alzheimerrak eragindako pertsonen senideak hurbiltzen hasi zitzaizkigun, arazo baten berri emanez: ‘Gure senitartekoa bere gaitasun kognitiboa galtzear dago, eta ez da erabakiak hartzeko gai izango’. Ez ziren bat edo bi, gehiago baizik, arazo horrek, gure jendartean gehiegi aipatzen ez bada ere, zoritxarrez familia ugariri eragiten dielako. Kasu batzuetan, notario bulegora joan eta notarioak berak esaten zuen: ‘Pertsona hau ez dago jada bere borondatea adierazteko kondizioetan’», kontatu du Auzmendik.
Aubixa fundazio txikia da. «Gure baliabide eskasekin, ahal genuen heinean familiak bideratzen eta laguntzen ahalegintzen ginen. Notarioekin hitz egiten genuen eta notario bulegoetara ere laguntzen genien batzuetan, konfiantza emateko. Notario bulegoetan, arrazoi guztiarekin, oso zorrotzak dira ahalorde horiek formalizatzeko orduan; izan ere, ahalordea beste norbaiti emateko bermea konfiantza bakarrik da».
Aldaketa bat Kode Zibilean 2021ean
Kode Zibilean aldaketa bat egin zen: epaitegi bidezko ezgaitasuna desagertu zen. «Aurretik, pertsona bat ez bazen bere burua gobernatzeko gai, epaitegietara jotzen zuen jendeak, pertsona hori ezgaitu eta tutore bat izendatzeko. 2021ean, mekanismo hori desagertu egin zen eta geroztik epaitegiak ezin du inor ezgaitu. Atzean dagoen arrazoia da, eta nik uste dut kontzeptualki egokia dela, pertsona batek jaiotzen denetik hiltzen den arte eskubide subjektiboak mantenduko dituela. Inori ezin zaio hori kendu», adierazi du abokatuak.
«Hori zuzenbidearen ikuspuntutik oso ondo dago, baina bizitzan ezintasun egoerak gertatzen dira. Hainbat arrazoirengatik, batzuetan sorreratik, besteetan bizitzan, pertsona batzuek gaitasuna galtzen dute autonomiarekin erabakiak hartzeko, baita gauzatzeko ere. 2021ean, lege berria onartu zutenean, ezgaitasun judizialaren ordez, ahalorde prebentiboa indartu zen. Horri eman zitzaion lehentasuna».
Ahalorde prebentiboa
«Ikuspegi legaletik, ahalorde prebentiboaren bidez, gu gai ez garen momentuan gu ordezkatzeko ahalmena eman diezaiekegu aldez aurretik beste pertsona batzuei», azaldu du Aubixako idazkariak. Bi egoera jazo daitezkeela erantsi du: «Erabakiak hartzeko gai ez izatea, batez ere arazo kognitiboak daudenean. Eta nahiz eta erabakitzeko gai izan, erabakiak gauzatzeko gai ez izatea. Istripu baten ondorioz gerta daiteke egoera hori, adibidez».
Ohiko ahalorde batek salerosketak, banketxeekin harremanak eta kudeaketa legalak jasotzen ditu. «Ahalorde prebentiboaren berezitasuna da, egina badago eta momentu bat iristen bada zu ez zarena erabakiak hartzeko gai, ahalorde horrek indarrean jarraitzen duela. Nahiz eta ezintasun kognitibo bat etorri, ahalorde horretan zehaztuta dauden pertsonek zure bizitzako erabakiak hartzen jarraituko dute. Hori egin gabe badago, berriz, epaitegiak erabakitzen ditu zure babes neurriak».
«Teorian, ondo dago. Gainera, pertsona horren beharrak aztertu ondoren jarriko ditu babes neurri horiek. Epaitegiak erabakiko du, gainera, zein pertsona izendatu babes neurri horiek betetzeko. Beraz, ahalorde prebentiboaren ezberdintasun nagusia hori da. Bertan jarritakoak lehentasuna dauka, ez daukazu epaitegira jo beharrik».
Agertu duenez, abantaila da ahalorde horretan izendatu duzun pertsona hori edo pertsona horiek zure konfiantzakoak direla eta zure bizitza eta baloreak ezagutzen dituztela.
Ezezaguna jaso eta zabaldu
Aubixa Fundazioak antolatzen dituen elkarrizketetako batean sortu zen gida egiteko ideia, joan den azaroan. Dementzia frontotenporalei buruzko solasaldia zen eta Donostia ospitaleko bi neurologo aritu ziren azalpenak ematen.
«Halako batean, senide batek hitza hartu zuen eta esan zuen oso pozik zeudela jasotzen zuten osasun zerbitzuarekin, baina arazo bat zeukatela jakinarazi zuen. Adibidez, kontatu zuen notario bulegora joan zenean notarioak esan ziola ezin zuela ahalordea onartu pertsona ez zelako askatasunez adierazteko gai. Han bertan esan genuen beharra bazegoela eta zerbait egin behar genuela. Haiek esan ziguten eskertuko luketela gai honen inguruan dauden tresnekin eta eman beharreko pausoekin gida bat eskuratzea», oroitu du Martin Auzmendik.
Ez dute inongo aurkikuntza berezirik egin. Baina ezezaguna zen zerbait jaso eta zabaldu dute. Eta gida aurkeztu dutenean, jende aunitzek erran die ez zuela ezagutzen.
Gai hauek ahal den heinean plazaratzea komeni dela iruditzen zaio Aubixako kideari. «Ez zaigu batere erraza egiten kontu hauetaz hitz egitea. Ez zait arraroa egiten badakidalako gizarte honetan zer baloretatik gatozen eta oraindik non jarraitzen dugun. Adibidez, testamentu bat egitea normaltzat jotzen dugu. Oso barneratua daukagu. Denek ez dute egiten, ez da derrigorrezkoa, baina oso ohikoa da. Testamentuak gu hemen ez gaudenerako bakarrik balio du. Erabaki batzuk hartzen ditugu gure ondorengoei gauzak errazte aldera, gauzak ordenatuta uzte aldera».
«Aldiz, hemen, gure bizitzan gertatu ahal zaizkigun hainbat egoeraren aurrean sortu ahal zaizkigun arazoei erantzuteko tresnak egon badaude, baina horietaz hitz egitea eta erabakiak hartzea kosta egiten da. Nik uste dut oso premiazkoa dela tresnak prest edukitzea, eta garaiz. Ahalorde prebentiboa ondo gaudenean egitea da hoberena».
Ez da gai dena ordezkatzeko
Denei gomendatuko lieke egitea. Baina gai hauetan erabakigarria izaten da zenbaterainoko hurbiltasunarekin ikusten dugun arriskua. «Zorionez, norberak bere saretxoa du eta zerbait gertatzen denean inguruan norbait izaten dugu lagunduko diguna. Horrek horrela jarrai dezala. Ahalorde prebentiboa egiteak ez du esan nahi bitartean egin duzun bizitza egiten eta hartzen joan zaren neurriak hartzen jarraitu behar ez duzunik».
«Desgaitasuna duten pertsonek egin ezin dutena egiteko bakarrik erabili behar da ahalordea, ez beraiek egin dezaketena ordezkatzeko. Beraiek egin dezaketena egiten jarraitu behar dute, egiten jarraitzea komeni da eta hori bultzatu behar da, daukaten autonomia hori mantentzea. Ahalorde horrek ez du izan behar gai dena ordezkatzeko», argitu du.
«Aurre hartzea ez da uko egitea, zaintzea baizik», nabarmendu zuen Nerea Melgosa Lakuako sailburuak aurkezpenean. «Badaezpada hor dago», erantsi du Auzmendik. «Gero, ez badauka inork erabili beharrik, zeinen ondo, niretzat, esan nahiko duelako azkenera arte gai izan naizela erabakiak hartzeko eta bizitza autonomo bat izateko, eta ingurukoentzat ere bai».
Aldez aurreko borondateak
Ahalorde prebentiboaz gain, aldez aurreko borondateen dokumentua ere jasotzen du gidak. Hori ezagunagoa eta hedatuagoa da. «Hor sartu dugu bi tresnak bereizteko. Osagarriak dira, baina ezberdinak. Aldez aurreko borondateen dokumentuak osasun arloan bakarrik du eragina, osasun instituzioetan eta gure bizitzako azken uneei lotuta».
Estatu espainolean, dokumentu hau egina dutenen ehuneko handienak Hego Euskal Herrian daude, bereziki Nafarroan. Ahalorde prebentiboaren daturik ez dute. «Erregistro berezirik ez dago. Horren informazioa notario bulegoek daukate, hor egin behar baita derrigor. Norbere jaioterriko erregistro zibilean inskribatzen da gero. Horrek berme ofiziala ematen dio».
Neurologiako adituek, pazienteen senideek eta gizarte laguntzaileek ondu dute gida. «Lauzpabost lagun elkartu ginen. Nik ikuspegi legaletik egin dut ekarpena. Prestatzeko enkargua eman zigun patronatuak eta gu arduratu ginen, abiada handi samarrean. Gai hauek egin behar badira, berehala egin behar direlako».
Zabalpena
Aubixaren Fundazioaren webgunean eskuratu daiteke gida, dokumentu zabalago batekin batera. Bertan, sakonago aztertzen da gai hau.
Horretaz gain, lehen arretako zentroetan zabaltzea nahi lukete, baita udaletako gizarte laguntzaileei pasatzea ere, eskuliburu bezala eduki dezaten, eguneroko beren lanean arazo hauek aurkitzen baitituzte. Ospitalean, neurologiako zerbitzuan dauden profesionalei ere helaraziko diete.

Tres hombres fallecen en la playa de Zurriola, el pantano de Allotz y las piscinas de Barakaldo

Laredo no es Bilbo ni menos Altsasu: el alcalde del PP reduce los ataques a «gamberradas»

Decenas de atenciones leves en Oftalmología, colas y rescates; la resaca del eclipse

Fallece un trabajador de 51 años tras indisponerse en la papelera de Iurreta

