
Hasi da 2026ko Giroa eta Soudal taldeko Paul Magnier izan da aurreneko maglia arrosa jantzi duen txirrindularia. Bulgariako Burgas hirian amaitu den aurreneko etapan ez da ezer askorik gertatu, harik eta 600 metroren faltan, tropela esprinta bideratuta arrapaladan zihoala sekulako erorikoa gertatu den arte. Itxura baten txirrindulari guztiek amaitu dute aurreneko etapa eta azken bost kilometroetan gertatu denez eguneko erorikoa, sailkapen nagusirako ez du inolako eraginik izan.
«Taldeaz nik neuk eta egindako lanaz harro nago erabat. Ederki iritsi naiz Giro honetara eta arrosaz janztea ederra da», onartu du etapa irabazleak. «Mundu guztia oso fresko iritsi da azken kilometrora, etapa erraza izan baita, baina taldekideek lana asko erraztu didate eta oso eskertuta nago garaipen hau lortzeagatik», gaineratu du Paul Magnier esprinter gazteaak.
22 urte baino ez ditu Giroko aurreneko liderrak eta dagoeneko 27 garaipen pilatu ditu profesionaletan, Frantziako ‘Nouvelle Vague’ edo «Olatu Berriko’ harribitxi honek. Hori bai, aurten bi garaipen bakarrik eskuratu ditu Giroko etapa hau iritsi den arte, ez baita «esprinter peto-petoa», talde murriztuetan hobeto moldatzen baita tropel handietan baino, antza denez.
Ondorioz, tropeleko hogeigarren postutik atzera ziren txirrindulariak atzean gelditu ostean, Magnierrentzat esprint oso egokia geratu da. Egia da Lidl - Trek taldeko Jonathan Milan esprint horretan lehiatzeko moduan sartu dela eta bera zela faboritoa aurreneko etapa hau eramateko, baina azken metroetan errepideak gorantz egiten zuelako, luzetxo egin zaio antza italiarrari amaiera eta Paul Magnier gazteak bere indarra baliatu du azken metroetan aurrea hartu eta etapa bere palmaresera gehitzeko, halako itzuli handi baten sekula lortu duen aurreneko garaipena izan baita Burgasen erdietsi duen hau.
«Giroa egoki doakit», gaineratu du Giroko liderrak irribarrez. Izan ere, duela bi urte «Giro Next Gen» edo «Girino» delakoan bi etapa eraman baitzituen txirrindulari frantsesak. Duela bi urte hartutako ohitura onak mantendu ditu Magnier gazteak.
Vingegaard, pasieran
147 kilometroko etapan ez da ia ezertxo ere gertatu, ez bada Manuele Tarozzi (Bardiani) eta Diego Pablo Sevilla (Polti) ausartek Giro honetako aurreneko ihesaldi saiakera egin dutela. Tropelak, askorik sakatu gabe, bi txirrindulariok beti kontrolpean izan ditu, ezin izan baitute sekula bi minututik gorako alderik hartu. Are gehiago, inertzia hutsagatik, 22 kilometroren faltan harrapatu ditu talde nagusiak bai Tarozzi nola Sevilla ere.
Alabaina, tropela abiadura bizitzen joan baldin bada ere, faboritoek beste lasterketa batzuetan erakutsi ohi duten urduritasunik ez dute erakutsi. Esate baterako, Jonas Vingegaard eta Visma taldea tropelaren azken postuetan kokatuta, lasai ederrean mugitu dira Bulgariako errepide lau eta zabaletan. Txirrindulari profesionalak dira denak ere eta tropeleko abiadura bizitu denean ez dute gurpilik galdu, ezta inondik ere, baina esan liteke Giroa irabazteko faborito nagusi den daniarra pasieran ibili dela aurreneko etapa honetan.
Tropeleko buruan kokatu direnak, aldiz, ez dira pasieran ibili, ezta gutxiagorik ere. Burgas begi-bistan azaltzen hasi delarik, egundoko abiada jarri diote etapari txirrindulariek, bereziki esprinta prestatzen hasi diren horiek, eta hala, talde ezberdinetako morroiak lanean serio eta beltz aritu dira, talde bakoitzeko txirrindulari azkarrenari lanak erraztu nahian.
Halaxe gertatu da erorikoa bera ere, azken kilometro barruan sartuta. Azken bihurgunea, ezkerrerantz, ahalik eta abiada bizienean hartu nahian, errepideko eskuin aldera jo dute esprintean murgildu diren txirrindulariek eta hantxe joan dira hankaz gora, errepidea aldenik alde trabatuz eta azken garaipena aureneko 15-20 sailkatuetara murriztuz.
Esan bezala, erorikoa libratu duten horiek indarrez ekin behar izan diote azken metro horiei, errepideak apurtxo bat gorantz egiten zuelako. Jonathahn Milan indartsu abiatu da, baina Estatu frantseseko ‘Nouvelle Vague’ honetako beste harribitxietako bat den Paul Magnierrek aurrea hartu dio azken metroetan –baita beste zenbaitek ere–, Amerikako Estatu Batuetako Laredo hirian sortu zen txirrindulari frantsesaren pozerako.
Bigarren etapa, Burgas eta Veliko Tarnovo artean, ondotxo luzeagoa, 221 kilometro, eta gorabeheratsuagoa izango da eta ziurrenik nahikoa lan izango du Paul Magnierrek «maglia arrosa» soinean mantentzeko. Baina horrek ez dio aurreneko etapa honetako pozik zapuztuko 22 urteko esprinter gazteari.
Sailkapena:
1- Paul Magnier (Soudal) 3h21.08
2- Tobias L. Andresen (Decathlon) d.b.
3- Etahn Vernon (NSN) d.b.
4- Jonatan Milan (Lidl - Trek) d.b.
5- Madis Kihkels (Education First) d.b.
6- Giovanni Lonardi (Polti) d.b.
7- Pascal Ackermann (Jayco) d.b.
8- Tord Gudmestad (Decathlon) d.b.
9- Maximilian Walscheid (Lidl - Trek) d.b.
10- Dries Van Gestel (Soudal) d.b.
99- Markel Beloki (Education First) d.b.
134– Igor Arrieta (UAE) d.b.

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

El párroco de Uharte reclama una respuesta militar en Ceuta y llama a «reconquistar Marruecos»

El Aquavox que Barcina impuso para cargarse el gaztetxe acaba en fiasco millonario

El jefe de Policía de Santurtzi se marcha, con la muerte de Ander y la OPE aún sin aclarar

