«‘Txinatarrera noa’ esateak, bazarra edo denda erabili beharrean, mina ematen du»
Xingyi Lin Chen durangar artista eta diseinatzaile grafikoak ‘你吃了吗? (nǐ chī le ma) Jan duzu jada?’ lanean Euskal Herriko diaspora txinatarraren artxibo emozionala bildu du. Bilbo Itsasmuseumen dago ikusgai. Ahots goxoarekin, bizkaiera ederrean, gai sakonak jarri ditu mahai gainean.

Lehen belaunaldiko euskaldun-txinatarra da Xingyi Lin Chen artista. Eta bere lehendabiziko artelana da ekainaren 28ra arte Bilboko Itsasmuseumen ikusgai dagoena. Bertan diasporako txinatar komunitatearen ohiko agurra –‘Nǐ chī le ma’, alegia, ‘jan duzu jada?’– oroimenaren, zaintzaren eta identitatearen sarrerako ate bihurtu du. Izan ere, esaldia sarri ez da hainbeste benetan jan duzun jakiteko, ondo zauden galdetzeko baizik.
Instalazioa Euskal Herriko txinatar diasporako pertsonen ahotsetatik abiatuta eraiki du, belaunaldi eta migrazio-ibilbide desberdinetako pertsonen ahotsetatik, adopzioaren bidez iritsi zirenenak barne. Horiek ardatz hartuta, gainerako elementuak sortu dira: bideo dokumental bat eta proiekzio-gainazal bihurtzen den plater bat, esaterako. Mina Qiu ekoizle eta abeslariarekin batera sortu du soinu-paisaia duen sistema audiorreaktibo bat.
‘Nī chī le ma’ esan didazu. Azaldu iezadazu.
Agur bat edo zubi-galdera bat da, garrantzi historiko eta kulturala duena. Guri, bi kulturaren artean bizi garen gazteoi, transmititu digu migratu duen belaunaldiak.
Oinarri historikoa du, ezta?
Bai. 60ko hamarkadan, Txinan gosete handia egon zen eta, ordutik, normalizatu egin zen jendea elkartzen zenean lehen galdera hau izatea: ‘Jan duzu?’. Kulturalki, gaurdaino agurtzeko modu gisa mantendu da. Ez du esanahi literal hori soilik; kontzeptualki hainbat ditu: agurtzeko, zaintza adierazteko eta, pertsona ezezagun bati, onartua dela jakinarazteko erabiltzen da. Geruza desberdin horiek biltzen ditu.
«Pentsatu ohi dugu gure gizartea ez dela arrazista, baina berez gure eguneroko hiztegian badago normalizatu egin den arrazismoa»
Txinatar komunitatearen immigrazioaren gaineko istorio luzea da, XV. mendetik abiatzen baita, eta lehenago ere bazegoen. Eta galderari buruz, gure amak, zehazki, oso estresatuta ikusten nauenean galdetzen dit: ‘Aizu, baina ez al duzu jan dagoeneko?’.
Zu durangarra zara, ezta? Eta gurasoak Txinatik etorritakoak dituzu?
Bai. Durangon jaio, hazi eta hemen bizi naiz! [barrez] Ni lehenengo belaunaldikoa naiz, gurasoek Euskal Herrira migratu zutelako. Guk esaten dugu lehenengo belaunaldiko gazteak garela.
Oso interesgarria iruditzen zait, migraziotik sortutako komunitate horri gehitu diozulako adoptatuak izan diren txinatarrak.
Bai, zeren formalki artxibo bat izan ahal da zerbait itxia; baina niretzat artxibo hau biltzea izan da dibertsitate hori adierazteko modu bat, zeren oso garrantzitsua zait bizipen desberdin hauek lotzea 90eko hamarkadan migratu zuten belaunaldiei. Lehenengo belaunaldi txinatar-euskaldunen, hemen hazi eta bizi garenon, eta pertsona adoptatuen lekukotasuna jaso dut, zeren esperientzia eta identitate kontu sakonak daude hor.
Gizarte irekia da gurea? Harrera ona egin al zaie? Zer sentimendu dago komunitate txinatarrean?
Erantzun eta sentimendu sorta zabala dago. Baina bada zerbait nahiko arrunta dena eta modu grafikoan islatzen duena dagoen sentipen hori; izan ere, historikoki, migratu dutenak kostaldeko probintzietakoak izan ohi dira eta, bitxia bada ere, esperientzia horiek guztiek hemen Euskal Herrian dugun paisaia partekatzen dute; hau da, mendien eta itsasoaren arteko paisaia. Migratu duten batzuek esaten zidaten: ‘Bueno, hainbeste kilometro egin arren, hemen ere etxe-sentimendua sentitzen dugu’. Dena den, nik uste dut oso garrantzitsua dela sentitzea gizarteko hainbat eragilek ongi etorria sentiarazten zaituztenean, horrek laguntzen eta errazten baitu egokitzapena.
«Migratu duten batzuek esaten zidaten: ‘Bueno, hainbeste kilometro egin arren, hemen ere etxe-sentimendua sentitzen dugu’»
Gurean beti uste izan dugu gurea ez dela gizarte arrazista. Baina ez dakit hala ote den.
Lan honetarako jaso ditudan testigantzetan eta egin dudan lanean islatzen ditut diskriminazio eta bizipen deseroso hauek, zeren dauden profil desberdin bakoitzak bere bizipenak, minak eta zauri propioak adierazi izan ditu. Zuk diozun bezala, pentsatu ohi dugu gure gizartea ez dela arrazista, baina berez gure eguneroko hiztegian badago normalizatu egin den arrazismoa. Esate baterako, txinatar komunitateari dagokionez, gaztelaniaz esaten denean ‘achinado’ (txinatar itxurakoa) edo ‘es una copia china’ (kopia txinatar bat da), edo, are gehiago, ‘txinatarrera noa’ esatea, denda edo bazarrera zoazela esan ordez, horrek mina ematen du, zeren diskriminazioa edo desberdintasuna iraunarazten duzu.
Dena den, desberdintasuna adieraztea garrantzitsua da, bakoitzak bere istorio propioa duelako. Baina hausnarketa sakon bat egin beharko genuke gure eguneroko hiztegiari buruz, zeren, azkenean, gure hizkuntza da, gizartea bezala, elkarren arteko bizikidetza finkatzen duena.
Adibidez, covid garaian xenofobia handia jasan genuen. Ni, esaterako, batxilerra egiten ari nintzen eta bizipen arrazistak izan nituen, txinatar jatorrikoa nintzelako. Horri buruz pentsatu beharko genuke. Eta garrantzitsua da arrazista izatea zer den finkatzea ere; zeren pertsona on batek ere izan ditzake keinu arrazistak. Horrek ere mina eragiten du, esaten denean ‘ni ez naiz arrazista, ez naizelako pertsona txarra’. Baina denok gara pertsonak, eta nork esaten du onak edo txarrak garen?
Funtsean, gakoa beldurrean dago, ezta?
Bai, eta oso garrantzitsua izango litzateke bakoitzak hausnarketa eta barne elkarrizketa introspektibo hau egingo balu.
Zein da lan honekin duzun asmoa? Zer lortu nahiko zenuke?
Niretzat egokiena litzateke kulturen arteko elkarrizketarako gune bat sortzea, jendeak beste esperientzia batzuekin konektatu ahal izan dezan. Oso polita izango litzateke, halaber, erakusketaren izenak jatorri desberdinetako pertsonengan oihartzuna izango balu, profil emozionalagoa izango balu.
Ez dakit, hau ikustera etortzen direnek txinatar komunitatearen bizipenak eta esperientziak zentzu barnekoi batetik lot ditzatela eta hau erakusleiho izatea nahiko nuke.

La torre de Disney en Gaubea que ha molestado a los escaladores

Detenido en Gipuzkoa un menor considerado referente de la extremista Red 764

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

Al menos 90 fallecidos en la frontera de Ceuta, que Sánchez atribuye a «las mafias»

