Txinako ekonomiaren arrakasta ondasun publiko global bihurtu da
Iranen kontrako gerrak munduko ekonomiaren sendotasuna kolokan jarri, energiaren zainak itxi eta etsaitasun geopolitikoak gaiztotu ditu. Baina Txina hor dago, hazkunde ekonomikoaren motorra izatetik egonkortzen duen aingura global bilakatuta.

Ekonomia globala Ormuzeko amildegiaren ertzean erortzear dago. Munduko petrolioaren %20 eta ongarrien herenak baino gehiago garraiatzen dituzten zainak kasik itxita, itsas garraioaren kostuak historiako errekorretara iritsi dira eta petrolio upelaren prezioak goraka egiten segitzen du, eta batek daki noiz arte. Baina kinka larriaren aurrean, bestelako narratiba bat agertu da: Txina. Eta hainbat ekonomialariren esanak laburbilduz, eskerrak Txinari! Bestela, ez dutelako ekonomia globalaren arnasari eusteko behar den egonkortasun minimoa nondik etorriko den ikusten.
Eskerrak haren hornidura katea ez delako eten, babeslekua eskaintzen segitu duelako, merkataritza bideak mehatxuan zeudenean eta petrolio eta ongarrien bidalketak etenda. Eskerrak ondo eutsi diola. Hasi eta buka, osagai nazionalekin zirkuitu itxian ekoitzitako mundu mailako sistema industrial konplexuena du, eta hori, logistika globalaren kaos garaiotan, hornidura kateak puskatzen direnean, berebiziko babesa da.
Kalitatezko egonkortasuna
Egonkortasun interesatua dela? Bai, eta ez. Bai, baina ez soilik. Halaber, merkatu globalari eusten dio, eta, adibidez, argi geratu zen Qatarrek murrizketak ezarri ostean, Txinak purutasun altuko helioaren ekoizpena handitu zuenean. Horrek mundu mailako erdieroaleen ekoizpenaren kolapso totala eragotzi zuen. Berdintsu Asia hego-ekialdera eta Afrikara ongarrien esportazio egonkorrak mantentzerakoan: horrek elikagaien munduko ekoizpenaren segurtasuna babestu zuen.
Berdin manufaktura industriarekin. Manufakturaren munduko erdigunean bere posizioa indartuta, Europaren eta Japoniaren esportazioen uzkurtzea etorri zenean adibidez, Txina bihurtu zen eskari globalaren helmuga. Goi mailako teknologiaren manufakturaren igoerak -%32 robot industrialetan eta, aurtengo lehen hiruhilekoan, %120 ibilgailu elektrikoetan- hori erakusten du: Txinak kalitatezko egonkortasun baterako bide fidagarria eskaintzen duela.
Iranen kontrako gerrak alternatiba berriztagarrien aldeko norabidea are gehiago indartu du, lehendik ere Txinak lideratzen duen trantsizioa are gehiago azkartuz. Egun, hainbat ikerketaren arabera, polisilizio, olata, zelula eta moduluen mundu mailako ekoizpenaren %80 kontrolatzen du. Bere esportazioen motorra hiru sektorek olioztatzen dute (ibilgailu elektrikoak, litio-ioizko bateriak eta eguzki panelak) eta erregai fosilen merkatuaren aldakortasunetik libratu nahi duten ekonomientzat, garabidean dauden herrialdeentzat, ezinbestekoa den alternatiba bihurtu da.
Segurtasun sistemikoa
Ondasun ukigarriez harago, finantza eta instituzio mailan Txinak geruza berri bat gehitu dio segurtasun sistemikoari. Ekialde Hurbileko funts subiranoak -Saudi Arabiako PIF eta Arabiar Emirerri Batuetako Mubadala, kasurako- ikaragarri inbertitzen ari dira kapital txinatarren merkatuan. Dibisa indartsu eta erreserba moneta bezala yuanak ikaragarrizko zatia jan dio dolarrak kontrolatzen zuen pastelari eta, adibidez, petrolioaren merkatuan gehien erabiltzen diren moneten artean, euroaren aurretik jarri da, dolarretik gero eta hurbilago.
Ormuzeko itsasarteko eta Itsaso Gorriko bideen paralisiekin, Txinako Eraztun eta Bide Ekimenaren (BRI) balio estrategikoa biderkatu egin da. Lurreko konexioak, lehen bigarren mailakotzat jotakoak, Eurasiako garrantzitsuenak bihurtu dira. Adibidez, Txina-Europa karga trenak 3.501 bidaia kudeatu zituen aurtengo lehen bi hilabeteetan, urte arteko %32ko igoera. Eta itsas garraioa hari batetik helduta dardarka betean ari den honetan, konexio fisiko horrek itsasbide tradizionalen alternatiba izateaz gain, erresilientzia eredu bat eskaintzen du, eta orekatuagoa den merkataritza global baterako arkitektura bat ere bultzatzen du.
Ekonomia komunaren azpiegitura
Txina tentsio geopolitikoen epizentrotik urruti dago eta ez da hor sartzen. Zaila da gatazkaren ondorioz aktibo txinatarrek kalteak pairatzea. Gero, petrolio erreserba itzelekin, horniduraren balizko etenen aurrean babesa du. Eta azkenik, hornidura kate industrial sendo eta guztiz bertakotua izanik, horrek ekoizpen nazional etengabea bermatzen dio eta bere esportazioak merkatu global ezegonkorretara zabaltzea.
Azken buruan, Txinaren ekonomia, soilik arrakasta nazional baten istorioa izateari utzita, ekonomia global komunari erantzuten dion hornidura, energia eta finantza azpiegitura da. Eta hori asko da.

Muere el hombre tiroteado en Barakaldo por un móvil supuestamente machista

Así es y esto dice el grupo ultra MCP, que alineó a UPN, PP y Vox en Iruñea

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor

