Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Denboraren esku urdinak’ lehen poesia liburua eman du argitara Peio Iturraldek

Desira, heriotza, politika eta maitasuna elkar harilkatuta datoz ‘Denboraren esku urdinak’ liburuan. Aspalditik idazten du Peio Iturraldek eta hauek dira Susaren eskutik argia ikusten lehenak. 

‘Denboraren esku urdinak’ liburua gaur aurkeztu du Peio Iturraldek.
‘Denboraren esku urdinak’ liburua gaur aurkeztu du Peio Iturraldek. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Peio Iturraldek bere lehen poema liburua aurkeztu du astearte honetan Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluaga ondoan zuela. 

‘Denboraren esku urdinak’ liburuak hiru atal ditu: ‘Omnia’, ‘Sunt’ eta ‘Komunean’. Eta atal bakoitzak bi azpi atal zenbakitu ditu, bat eta bi, hiru eta lau eta bost eta sei. Azpi atal bakoitzean 9-10 poema daude, beraz, guztira 58 poema daude. «Omnia sunt communia-k ‘dena komuna da edo dena da denona’ esan nahi du eta XVI. mendean Thomas Münzer apaiz erreformista erradikal alemaniarrak erabilitako lelo bat da. Gerora hainbat mugimendu iraultzailek berreskuratu izan dutena. Pentsa daiteke badagoela kontraste bat liburuaren izenburu lirikoagoaren eta atalen izenburu politiko horren artean. Baina liburuan intimoa eta politikoa ez dira banatutako zerbait. Plano intimoa eta plano soziala oso-oso hurbil daude. Gurutzak eta modukoak dagoen bien artean», esan du Lopez Ziluagak.

Desira, heriotza, politika eta maitasuna ditu hizpide poematan. Eta hiria ageri da, Bilbo. «Poemotan daude oraindik hitz egiteko gai ez den iloba, langileak lan indarra saltzen, munduan atzerapenarekin ibiltzearen sentipena, hankarteko poeta gizontto izan nahi ez duen ahots bat, barraskiloak, mandarinak jaten eta norbait senarra duen beste norbaitekin oheratzen. Txileko estatu kolpearen urteurrena, urak irakiten jarri nahi bat, aititeren eta aitaren heriotzak, nola eraikitzen den gutasuna, amamaren aitortu gabeko lana, turisten kontrako auzo defentsa, amodioa sugandila infinitu gisa, eta, adibidez, polizia saldoa zinetik bueltan», kontatu du editoreak.

Formari dagokionean, idazlearen bilaketa nabarmen du Susako kideak. Marren erabilera eta lerroak mozteko modua aipatu ditu, «etengabe apurtzen baitut lerroen biribiltasuna. Irakurleak espero duena hausten du behin eta berriro eta irakurketa desnaturalizatzen du, poema bat irakurtzen ari garela, gogorarazi nahiko baligu bezala, ez errealitatea bera. Badaude txorro moduko poema luzeak, orrialdea betetzen duten lerro luzeekin eta poema labur-laburrak. Ahots poetikoak aldi berean dena kontatzeko eta dena ezkutatzeko pultsioa edukiko balu bezala».

Garaiaz eta lekuaz pentsatzeko gogo bat dago editorearen esanetan. «Gauzak ulertu nahi bat, baina poeta ez da begirale huts bat hemen, munduan parte-hartzen du eta munduan eragin nahi du, eragin nahi du harremanetan eta eragin nahi du ezagutzen dugun mundua eraldatzen. Barrutik idazten du harremanez,nahiz politikaz, praktikatik, ukitu egiten du bere hitzetara ekartzen duena».

Peio Iturraldek «autorearen heriotzaren defendatzaile sutsu» bezala aurkeztu du bere burua. Ondorioz, ez da saiatu bere liburua azaltzen. «Uste dut liburua hor dagoela. Nik egin nahi nuenak ez dauka garrantzirik, politena izango litzateke jendeak kontatzea zer irakurri duen», esan du. 

Egindako bideaz bai, egin ditu adierazpenak. «Liburuak biltzen ditu bi heriotzen arteko poemak. Gure aita hil zen 2022ko otsailean eta gure aitite 2024ko apirilean eta liburuak batzen ditu tarte horretako poemak. Orduan, heriotza oso presente dago. Baina ez bakarrik», kontatu du. 

Maitatzen jakitea

Pertsona bakartitzat du bere burua eta liburuak badu horren islarik. «Bakarrik sentitzearen irudi asko dago. Ez delako gauza bera bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea. Eta poema hauetan bai dago bakarrik sentitzearen sentsazioa une askotan. Eta horregatik ere neurri batean liburuaren antolakuntza, hiru atalen izenak. Komunitateak apurtxo bat obsesionatu nau une batean eta hori uste dut liburuan islatzen dela. Nola ikasi komunitatean bizitzen, nola ikasi bizitzen besteekin? Egia da militantzia badela halako bizitza komun bat, baina gero sare horiek nola zaindu? Maitatzen eta maitatzen jakitea... Maitasuna gauza bat da, baina gero egin behar da eta egite horren porrotetik erabiltzen diren poema batzuk daude. Maitasuna emozio bat da, baina jakin behar da maitatzen, jendea zaintzen, eta hori da daukadan arantzarik handiena igual batzuetan ez dudala jakin jendea maitatzen. Hau da, nola uztartu, Nakarrek esaten duena ‘Goazen bakarrik egotera, baina elkarrekin’. Horrelako zerbait», jarraitu du. 

Bakardadearen eta loturaren arteko gatazkari erreparatu dio hainbat poematan. «Ataletako batean bereziki aipatzen dira maitasuna eta heriotza. Eta Eros eta Tanatos konstanteak dira gure tradizio greko erromatarrean. Heriotza eta maitasuna edo desira ulertu ditzakegu Eros eta Tanatos bezala edo Eros eta Tanatos uler ditzakegu heriotza eta desira bezala, baina badago ere beste irakurketa posible bat, Markusek planteatzen duena. Eros dela nolabait lotura bilatzeko pultsio bat edo lotura bilatzeko behar edo gogoa eta Tanatos dela lasaitasuna eta ez egitearen pultsio bat. Nolabait elkarrekin egoteko gogo bat eta aldi berean banatzeko gogo bat. Horiek biak oso presente daude niri bizitzan eta nik uste dut liburuan bastante argi ikus daitekeela. Niretzako idazketa orain arte izan da lan oso bakartia ez neukalako orokorrean irakurlerik. Ama izan da neure irakurle bakarra. neurri handi batean ere, liburu honek bildu dezakeena da besteekin egiteko gogo bat, baita poesia bera ere», gaineratu du.

Idazte prozesuaz ere aritu da prentsaurrekoan. «Idaztea bada prozesu bat, hitzekin dema bat edukitzearekin konparatu daitekena. Zerbait esan nahi duzu eta hitzek ez dizute uzten, badago ezinbestean hizkuntzarekiko obsesio bat. Hori ere nik uste presente dagoela liburuan. Poema batzuk kendu ditugu, tartean txantxatik gehiago zeukatenak. Leirek oso ondo ekarri du liburua nire ustez, eta onartuko dut ez dela liburu alaia. Izan daiteke liburu tristea tarteka, baina beno, umorea ere badago, nahiz ezkutuago geratu den. Agian beste libururen batean sartuko ditut poema grazioso horiek». 

Asko idazten du. Sortu eta sortu, geldialdia egin eta galbahetik pasatzeko unea iritsi arte. «Lantzean behin esaten dut ‘ea azkenengo urteetan idatzi ditudan poemaetatik baten bat salbatzen da. Eta egiten dut atzera begira antzeko bat. Eta niretzako, ez dakit zergatik, poesia liburu batek behar ditu gutxi gorabehera 50-55 poema. Hori da arakatze horretan nabilenean bilatzen dudan zenbakia. Aiteren heriotza eta gero, 2024ko ekainean, hasi zintzen atzera begira eta niretzako interesgarriak izan zitezkenak biltzen», esan du. 

Beti nahi izan du idazle izan «ez horrenbeste mundua aldatzeko, baizik eta literaturaren mahaian eseri ahal izateko, nahiz izkina batetik urrutitik entzun eta elkarrizketaren parte izateko, besteak entzunez eta besteekin hitz eginez. Neurri batean bete da proiektu oso inportante bat, urte askotan bilatu dudana. Bidea, tarteka, luzea eta gogorra izan da. Eta asko hunkitu nau liburu honek eta prozesuaak. Oso pozik nago lortu dugun emaitzarekin».