Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ernai, euskal gazteriarentzat borrokarako «etxe» izateko prest

IV. Kongresuaren amaieran pozik daude Ernaiko kideak, egungo testuingurura egokitu dute antolakundea, bere sorreran zegoen misioari eutsiz. Nazio bulkada indartzea eta, gazte independentistak erdigunean jarriz, Ernai «zabaltzeko» gogoa erakutsi dute, gazteriari borrokarako etxe bat eskaintzeko.

Amaiur Egurrola eta Maddi Urruzuno, Ernaiko eledunak.
Amaiur Egurrola eta Maddi Urruzuno, Ernaiko eledunak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ernairen IV. Kongresuaren ondorio nagusiak biltzen dituen liburuxkako azalean ukabil bat ageri da eta ondorioak partekatu zituzten Bergarako ekitaldian ehunka ukabil altxatuta ikusi genituen. Ilusioa eta konbentzimendua daude irudi horien atzean, eta horietan sakontzeko Amaiur Egurrola eta Maddi Urruzuno eledunekin elkartu gara.

Kongresu prozesuaren balorazio positiboa egiten dute, antolakundea eguneratzeaz gain, militantzia trebatzeko une eta gune bat direla uste baitute: «Kongresuak badira testuinguruaz eta Euskal Herriaz egiten dugun irakurketa gaurkotzeko ariketak, eta irakurketa horrek balio behar du daukagun estrategia birpentsatzeko; hori izan da egin dugun ariketa».

Horregatik, tesi nagusiak azaldu aurretik ziklo politikoa «fin» irakurtzeak duen garrantzia azpimarratu dute eta hiru «aukera potentzialetan» oinarritu dira ziklo politikoaren irakurketarako. «Begirada altxatu behar dugu eta erreparatu 2011n nola aurkitzen zen askapen mugimendua eta askapen prozesua bera: aurrera egiteko zailtasunak zituen eta egokitzapen bat behar zen. 15 urte geroago esan dezakegu ate berriak ireki direla», diosku Egurrolak.

Hala, gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak egin izana da irekitako ateetako bat: «Gure belaunaldiaren perspektiban begiratzen badiozu, gure militantzia beste fase batean hezi da, txikiak ginenean ikusi genuen Euskal Herrian 500 preso politiko zeuden garaia, eta egun ehundik behera daudela ikusi dugu; etxeratzeko bidean urrats esanguratsuak ikusi ditugu, dispertsio politikarekin amaitu dela eta beste. Gure politizazio fasean gertatu dira urrats horiek, eta orain egon gaitezke behin betiko urratsak egiteko momentuan».

Ezkerreko independentismoaren gorakada ziklo politikoa ardazten duen bigarren elementua dela azaltzen dute arrazoi ezberdinengatik. Hautetsontzietan jasotako babesaz haratago, babes sozial eta politikoa aipatzen dituzte, baita gizartearen zenbait balio ordezkatzen dituen mugimendu politikoa dela ere: «Gure ustez badaude beste elementu batzuk hegemonia hori benetan disputatzen ari garela erakusten dutenak. Korrikan zein osteko adierazpenetan ikusten da hori, mugimendu feministaren mobilizazioetan ere ikusi dugu nork ordezkatzen dituen balio batzuk eta nor agertzen den modu nabarmen batean; ikusi dugu azken urteetan zaintzaren inguruko eskakizun batzuk egon direla, eta batzuek zaintzaren eta osasunaren pribatizazioan urratsak egin dituztela»

Eta hirugarrenik, jauzi juridiko-politiko baten inguruan mintzo dira, Euskal Herriari sistematikoki erabakitze eskubidea eta nazio izaeraren aitortza ukatu izan zaizkiola gogoratu dute, eta edozein urratsek «askapen prozesua agertoki hobe batean kokatzen duen elementua» izan behar duela.

MISIOAREN BERRESPENA

Talaia horretatik berretsi nahi izan dute Ernairen misioa: «Hipotesi estrategiko horrek egungo zikloan zein izan behar duen definitzeko, oinarrira bueltatu nahi izan dugu», azaldu du Urruzunok. «Nazio askapen mugimenduko gazte antolakundearen misio historikoa beti izan da gazteria askapen prozesura batzea, gazte independentistak sortzea, eta, beraz, oinarri moduan hori eraiki behar genuela iruditzen zitzaigun, hori gaurkotasuna duen estrategia batetik abiatuz. Eta oinarri horrek gaurkotasuna hartzen du gure egitekoa, eraldaketa sozial eta politikoa, gazte eremutik hauspotu eta gazteria horren baitan agente aktibo bilakatzen duenean. Kongresu honetako ebazpen nagusia da, horretarako, borrokarako tresna nagusia Ernai izango dela», argitu du.

Baina, era berean, horrek beste galdera bat dakar berarekin: zer-nolako Ernai? Erantzun argia dute gazteek: «Ernai zentratu eta zabala». Zentratua izan behar duela diote ardura sentitzen dutelako «nazio auzia erdigunean jarri eta gazteria balio horietan politizatzeko». Eta zabaltasunaren ideiari ere garrantzia eman diote: «Ernaik ahalik eta gazte gehienen etxe izan behar du, ahalik eta gazte gehienek aurkitu behar dute Ernain tresna bat garaiko arazoei erantzuteko, zabaltze hori gauzatu behar dugu gu izateko gazteriaren ahotsa ordezkatzen duen antolakundea».

Begi bistan dituzten galderen inguruan galdetuta, argitu dute erronkak ez direla «modu isolatuan» ulertu behar, guztiak elkarreraginean daudela, «elkarren artean modu dialektiko batean ulertzen ditugu». Eta xehatzen hasi aurretik Egurrolak zehaztapen bat egin du: «Badugu hipotesi estrategiko bat: Euskal Herrian aldaketa politiko eta soziala hauspotzea eta horretarako gazte eremua elikatzea».

Gazte bulkada nazionala indartzea. Zerrendan dituzten erronketariko bat hori da: «Erdigunean nazio auzia bera jartzen dugula esan nahi du erronka horrek, eta egiten dugun analisian Ernai da Euskal Herriko gazteria balio independentisten barruan politizatu ahal duen eragile bakarrenetako bat». Ondorioz, nazio gatazka azalaraztea eta gazteria horren baitan politizatzea dute helburu.

Gazteriaren nahi, behar eta kezkak politizatzea eta agendaren erdigunean kokatzea. Hori dute bigarren erronka nagusia. Garrantzitsua iruditzen zaie gazte independentistei gazteriaren problematikei eta desirei arreta jartzea: «Auzi horiek politizatzen ditugunean, horien aterabide modura planteatzen duguna da, hain justu ere, burujabetza lortzea. Eta uste dugu benetan askapen prozesua gauzatzen dugunean aurkituko dugula gazteriaren nahi, behar eta kezkei erantzungo dien aterabidea».

GAZTE PROBLEMATIKAREN ULERKERA

Hala ere, ñabardura bat ekarri dute mahai gainera, baita autokritika bat ere: «Lehen oso modu zurrunean ulertzen genuen zer zen gazte problematika: gazteoi modu oso esplizituan eta konkretuan eragiten zizkiguten arazoak soilik hartzen genituen, izan etxebizitza, lana edota bestelako batzuk». Ikasturte honetan egindako ariketarekin batera, ordea, ondorioztatu dute gazteriaren nahi, behar eta kezkak «askotarikoagoak» direla eta ez direla beti gazteei modu propioan eragiten dieten auziak. «Eta, beraz, guk horiek guztiak lantzeko marko bat jarri eta erantzuteko alternatibak planteatu behar ditugu», gaineratu dute.

Erronka horretan sakonduz, Urruzunok nabarmendu du askotan entzuten dela «gazteriaren adina handitu» dela, eta argi mintzo da: «Kontua ez da gazteriaren adina handitu dela, baizik eta orain arte gaztetasunarekiko zegoen pertzepzioan, balio natural gisa hartzen zen prekaritatea, eta momentu honetan, prekarizazio prozesuak areagotu eta zabaldu direnean, jendarteko geruza ezberdinei eragiten die. Kontua ez da lehen 26 urtera arte ginela gazteak eta orain, berriz, 35 urtera arte garela gazteak; baizik eta prekarizazio prozesu hori orokortu dela».

Hirugarren erronka nagusia: gazte borrokarako ekosistema indartu eta elikatzea. Gazteria biltzen den modu, forma eta espresio ezberdinei erreparatu eta proposamenak egitea dagokie gazteei. Horri lotuta ulertzen dute ez dutela bidea bakarrik egingo, eta horretarako ekosistema bat sortu behar dela. Bidelagunak behar dira, «aldaketa sozial eta politika hauspotzen duten horiek gazte borrokarako ekosistema gisa ulertzen ditugu, ez subjektu homogeneo moduan ulertuta, baizik eta eremu ezberdinetan eta gazte espresio ezberdinetan».

Erronka horiekin guztiekin batera, badute paraleloan landu beharreko egiteko bat: «Gazteriarengan anbizioa eta ilusioa sustatzea, une honetan askapen prozesuan aurrera egin ahal izateko urrats nabarmenak egiteko aukera dugu, eta ildo horretan ez dugu esango epe motzean gure proiektu politikoa, Euskal Herriaren askapen nazionala eta Euskal Herri sozialista, feminista eta euskalduna lortuko dugunik, baina bai egon gaitezke hortik gertuago kokatu ahal gaituen eszenatoki batean, eta hortik gertu kokatzeak prozesuaren potentziala eta gaitasuna handitzen duela uste dugu». Horregatik, «epika berri batzuk» sortzeko, aldaketaren aukera gauzatzeko eta ilusioa pizteko egingo dute lan.

Ahotan darabilten txostenean ildo estrategikoak zeintzuk diren ere definitu dute. Urruzunok aukeraketa hori egiteko erabilitako logika azaldu du: «Ildo estrategikoak definitzearen ariketa egin genuenean bi elementu hartu genituen kontutan: batetik, borroka edo auzi horiek gazteria biltzeko duten gaitasuna, gazteria zein borrokaren barnean antolatzen den. Eta, bestetik, gure ustez Euskal Herriarentzat momentu honetan zeintzuk diren eremu erabakigarriak». Bost lerro zerrendatu dituzte ia arrapaladan: feminismoa, jatorri eta kultura aniztasuna, euskara, hezkuntza eta maila lokaleko espazio askotarikoak.

Kongresu prozesuak eledunen ustez militantziaren artean «gaitasunak irabazi eta ahalduntzeko» balio izan du. «Edozein eztabaida prozesuk funtzio hori betetzen ez badu, ez da hain emankorra izan», zehaztu dute, eta, era berean, «momentuaz jabetu» eta antolakundeak behar duena eraikitzeko ariketa izan dela, baina ez dela «ariketa teoriko isolatu» bat izan. Intuizio batzuetatik abiatu ziren, eta eztabaidak egin bitartean, ikasturte honen praktika ere oso emankorra izan dela baloratu dute: «Ikasturtea Donostiako mobilizazio jendetsuarekin hasi genuen, abenduko borroka astean ekintza ezberdinak eginez, espainolismoak eta faxismoak Euskal Herrian hartzen duen forma seinalatuz, ardatz nazionala erdigunean jarriz eta gazteriarekin konektatuz. Topagune oso jendetsu bat egin genuen, edukiz ere testuinguruaren irakurketa egiteko baliatu duguna, eta borrokarako espazio horiekin batera Euskal Herrian izan ditugu mugarri feministak, izan dugu greba orokorra, izan dugu Martxoaren 3a...». Ernai dira, ernai daude.