«Argi esanda, Mirandek gu baino modernoagoa izaten jarraitzen du»
1978an Iruñean jaioa, urte luzez editore izan da, eta egun irakaskuntzan dihardu. Miranderen obraz eta gugan sortzen duenaz interesaturik, saiakera puska ondu du. Liburu latza da, idazkera ez akademikoan paratua. Epaiketa moralen aurka, pentsatzeko gonbita da, kantzelazio saio oro madarikatuz.

Jon Mirande Aiphasorho (Parise, 1925), zuberotarren semea, 1973ko lehen egunetan aurkitu zuten bere gelan hilda, whisky boteila eta barbituriko pote hutsez inguraturik. Badakizkigu heriotzaren detaileak, bere ideologiaren inguruko anekdota eta etiketak, baina ezagutzen al da gizona eta bere obra? Idazle autentikoa izan zen, mugauslea, arau eta sermoi moralen aizkolaria, «euskaldun ispiritu ertsiontzat gauza ez oituak eta berriak idaztea margaritas ad porcos botatzea da». Fikzioari lizentzia emanda, soin eta gogo ikasi zuen euskara literaturaren goi-mailara ekarri zuen.
Bizirik zela egurtu, baztertu eta zokoratua, eta hilda mende erdia pasatuta ere, egurtzea, kalumniatzea, gauzarik normalena? Bake-bakean utzita, bere obra dasta eta goza leitzea inposiblea ote? Hortik tiraka pentsamendurako txokora dejada eder askoa egin digu Mikel Sotok bere lan puskan.
Baina zer eman zizun Miranderekin? Zer, obra bezain bat euskaldunengan sortzen duena ikertu eta pentsatzeko?
Beti irakurri dut Mirandek bretoieraz idatzi zuela baina ez daukat kontzientziarik inoiz bere bretoierazko testuak irakurri izanaz, bilatzen hasi ginen Covidarekin itxita ginela eta hortik tiraka aurkitu nituen. Nahiz eta ni 78koa izan, usten dut Sarri eta guzti hauen belaunaldiari eman ziena eman zidala. Ikusten baduzu ordura arteko literatura, bai zaharra erlijiosoa zelako, edo berdin zait, Pizkundekoak, Lauaxeta eta hauek, maila batean sabinistak… eta, bat-batean azaltzen da Mirande eta da zerbait guztiz ezberdina, beste rollo bat. Poema lesbikoak, onanismoari buruzkoak, abertzalea, erakunde armatu bat aldarrikatzen du ETA sortu baina hainbat urte lehenago. Gero ateratzen da nazia zela, eta druida ere. Druida? Nor ostia zen tipo hori? Atrapatu egiten du. Aresti kenduta, esango nuke Mirande dela gure euskal idazle belaunaldiartekoena.
Zer gertatzen zaigu harekin? Okerrera egin dugula diozu.
Ideia Amaia Elizalderena da. ‘Haur Besoetakoa’-ri buruz egin zuen tesian esaten du 90. hamarkadatik aurrera «diskurtso zentsorearen bersortzea» ematen dela. Mirande bakardadean hil zen, bere obra ezin argitaratuta. Baina hil bezain pronto ikusten da zerbait gertatu dela, eta 80. hamarkada da Mirandismoarena. Argitaratzen da, berrargitaratzen da, Susak ale bat eskaintzen dio, Saguzarrak egiten du, eta Argiak, omenaldia egiten zaio, lehen kantak egiten hasten dira, gero hasten da Oskorri… Orduz geroztik diskurtso zentsoreak okerrera egin du. Begira, frogatuta dago, causa finita da: ez da bakarrik pedofiloa ez dela, berak pedofiliaren aurka idatzi zuen. Eta argi kontatzen du: ez du idazten pedofiloa zelako, pedofiloa ez izateko idazten du. Saiakera argitaratu, hori demostratua dagoela azaldu eta handik hilabetera: «Mirande pedofiloa!» Nola? Zer gertatzen da hemen?
«Modernitatea abiatzen du, bera da guretzat, aldi berean, frantses adibide bat ematearren, Baudelaire, Flauvert eta Sartre; poesia eta nobela iraultzen ditu»
Ez al da Mirande zebra bat? Dena zuri ala beltz. Eta pentsatzea epaitzea baino nekosoagoa denez.
Jon Alonsok ondo esaten du: «Azkenean, idazle bat, idazle normal bat!». Badirudi Mirande aipatzea rara avis batez aritzea dela, eta hori besterik ez da, idazle normal bat: irakurtzen duena nazioarteko literatura, ez duena beldurra planteatzeko gaiak, mugak hausteko, fikziorako askatasunaz idazteko, berdin onanismoari buruz edo ipuin bat non atso bat agertu eta hiltzailea atsoa den… Argi esanda, Mirande gu baino modernoagoa da. Bere garaikideak baino modernoago? Ez dago zalantzarik. Mirande aipatu eta jende batek behartu nahi zaitu: ‘nazi! nazi!’ oihu egitera. Literaturaz ari garela! Borges aipatzean ez dugu ‘faxismoa! estatu kolpeak!’ oihukatzen, ezta? Mirande gure aurretik doa ikusita ze arazo dauzkagun bere obrarekin.
Itzultzaile fina izan zen, Baudelairen ‘Les Fleurs du mal’ (Zithal-liliak) eta beste perla asko oparitu zituen, hizkera literario guztiz partikularrean, artean euskara batua ez zegoenean. Itzultzea gimnasio bat izan zuela diozu.
Bergarako Olaso Dorrean agertu diren Monzoni bidali lehen gutunetik oso argi esaten du: euskara batua behar da! Gaitasun handikoa zen hizkuntzentzat. Hogeita bost hizkuntza ulertzen zituen eta hamazazpi bat hitz egin. Kuriosoa da, gero euskara guztiak erabiltzen ditu. «Poema honek doinua zuberotarrez behar du», «ijito euskaldunen hainbat hitz sartu ditut», «hau bizkaieraz hobe», euskara total bat erabiltzen du. Kontutan hartu 1947. urte inguruan euskaraz ikasten hasten dela, 1958ko gabonetan ‘Haur Besoetakoa’ idazten du, eta handik hilabete batzutara idazten dio Federico Krutwigi: «aizu! argitaratzeko arazoak dauzkat, aurkituko bazenu modu bat lapurtera klasikoan argitaratzeko, lapurtera klasikoan berridatziko dizut». Euskaldun berri bat! Hizkuntzak abertzaletzen du, zentralitate osoa hartzen du, [Jose Luis Alvarez Enparantza] ‘Txillardegi’-k hori egin baino lehenago.
Orain, betikoa: nazia, pedofiloa, arrazista, ezmorala… purrusten bilduma konpletoa. Etiketokin ba al dago bere obra dasta eta gozatzerik.
Bi maila daude. Euskal irakurle bat baldin bazara, hurbiltzen zara eta ezin baldin baduzu, utzi! ‘Haur Besoetakoa’ leitzen hasi eta sentitzen baduzu ezin duzula, haurra dagoela erdian eta gogorregia egiten bazaizu, utzi! Ez dago beharrik. Beste kontu bat da akademiak eta adituek egin behar dutena. Eta enora ezina da. Egia da Arestik eragin handia duela, baina modernitatea Mirandek abiatzen du. ‘Haur Besoetakoa’ ez da ez zela existitzen euskaraz, hura bezalakorik apenas existitzen zen munduan. Euskal literaturan izan duen inpaktua itzela da, enoraezina. Gero, ideologiaz hitz egin behar badugu, ba egingo dugu. Eta ez dezagun ahaztu euskaltzain falangistak ere badauzkagula...
«Bere moralaren hainbat alderdirekin batere ados, baina bere etikarekin guztiz ados nago. Ze gauza iruditzen zaizkion ondo eta ze gauza gaizki, gezurra, azpikeria... badakit harekin ondo eramango nintzela»
Ez nuen ezagutzen Chillidarena, zure liburuan irakurri dut, gogorra benetan.
Neuk ere duela gutxi arte ez nuen horren berri. Pasada bat, Cristo Reyko legionario bat bezala jipoiak ematen! Dena ezin da zuri ala beltz izan. Zentzu horretan, nik uste herriak gure intelektualak baino askoz ere argiago daukala kontua. Xabier Leteren urteurrenean atera zen plagioarena, jendeak jakin zuen, ekitaldi mordoa antolatu ziren hura omentzeko, eta, hala ere, jendea geratu zen gauza onak egin zituela, zein musika ederra. Egin zuen gauza itsusi bat, baina horrek ez du kentzen guri ematen diguna. Eta naturaltasunez aitortu zuen bere ekarpen izugarria. Eta Miranderekin antzeko zerbait. Jende askok natural esaten dizu bere literatura larreostia dela eta ideologiak, aldiz, beldur piska bat ematen diela, ‘Haur Besoetakoa’-n gauza batzuk oso tristeak direla… Inork ez du esaten: ideologikoki chapeau zen! Hautsak harrotzen zituela... eta?
Bernando Atxagarentzat «ez diogu barkatu behar euskaraz idatzi zuelako».
Bada jende bat Mirande esan eta nahi duena jarraian ‘nazi! nazi!’ ohikatu dezazun. Mugimendu neonaziarekin zituen harremanak, Frantziako zerbitzu sekretuen txostenak… ikertu ditut eta demostratu dut zalantzarik gabe nazia zela, eta ze maila arte. Gauza bera pedofiliarekin. Demostratu dut ez bakarrik ez zuela praktikatu baizik eta haren kontra idatzi zuela. Zergatik ‘pedofiloa! pedofiloa!’ oihukatu nahi hori?
Zure hitzak dira: «faxista inofentsiboa zen, jelkideak kristau diren bezala, era nahiko inofentsiboan».
Bere inguruan Frantziako fiskalen ikerketaren txostena daukat, eta argi esaten dute: ez dauzka ardurak, ez da uste zena, nazia zela baina kultur ikuspegi batetik, eta ikerketatik kanpo uzten dute. Ez dut esango ideia naziak inofentsiboak direnik, baina aldi berean, zer da [Eduardo] Chillida Donostian? Eta Chillidari buruz ez gaude ideietaz hitz egiten ari, hogeita lau urte zeuzkanean bere ideia falangistei jarraiki tipo bat ia hil zuela, jipoituta, kataluniarra zelako. Aizu, ba bi gauza horien artean, esan dezaket Miranderen ideiak, praktikara eraman ezin izan zituenez, inofentsiboagoak zirela Chillidaren ekintzak baino. Eta pentsa Donostian dauzkan lekuak. Atxagak dio ez diogula barkatu behar. Joder! Aurreko urtean, Chillidaren urtemuga zelako atera zuten liburu bat Bernardoren hitzaurrearekin, eta Miranderen ideietan barkatzen ez duena Chillida gaztearen ekintzetan ahazten du. Hori asko interesatzen zait. Mirandek zer mugitzen du gugan? Zer gertatzen da?
Kuriosoa da: bere lagun onena Aresti zen, marxista, eta bestea Jon Etxaide, ultrakatolikoa. Sotanak eta kristauak sumintzen zituen pagano nardagarria zela zioten, baina ez zen batere sektarioa.
Bere lagun onenak apaizak ziren. Saiakera ontzerakoan egin aurkikuntza guztien artean, liburuari buruz harroen nagoena, Mirande izan zen gizonaren erretratoa da. Nik ere ez nuen ezagutzen, eta lagundu nautenek pasatu zizkidaten haren gutunak irakurtzean ikusten duzu gizon bat daukagun ideiatik oso ezberdina. Ze badirudi bronka eta polemikazalea zela, eta inondik inora! Justu kontrakoa. Bere artikulu problematikoenak, berak argitaratu nahi ez eta besteek argitaratutakoak dira. Zergatik? Ba Isidoro Fagoagak, Andima Ibiñagabeitiak, ikusten zutelako abertzaletasuna berritu beharra zegoela, eta esaten zioten, ‘benga, idatzi Jon, segi idazten!’. Baina argitaratu eta gero, ostiak berak jaten zituen!
«Ulertzen ez dugunez dena sartzen da barruan, Orixe’-k existentzialista dela dio, Chabagno apaizak komunista… Literaturan eta abertzaletasunean munstro bat. Baina munstroa da edo munstro bilakatu dugu?»
Abertzaletasunaz mintzo, badu poema bat, ‘Belarri motzai’, non erdalzalekeria eta hipokrisia salatzen dituen: «Espainolari auts sudurra/ Begiak erten, motz zintzurra/ baita sabela aiztoz urra; Frantses guziak erre bertan/ gar jori eder gorrietan/ Frantzia oro jarriz sutan».
Oso poema ona da. Niretzat Mirande ezberdina da poesian eta saiakeran. Mirandek laguntzen dio naziekin kolaboratutako bretoi bati ihes egiten baina gero ETAko errefuxiatu bat iristen denean Parisera eta bidaltzen dutenean Euskal Etxetik eta etxe guztietatik, bere etxean amaitzen du. Parte humano horretan, bere etikarekin bat nator. Eta berak dio, ‘joder, teorian apestatua naiz abertzaleen artean baina gazte hau etorri da, ate guztiak jo eta denak itxi dizkiozue, eta bukatu du nire etxean eta laguntzen saiatuko naiz, beti, aberkidea delako’. Eta beste gauza bat: Miranderentzat literatura jolasa da, Arestirentzat mezu bat dauka. Guztiok idatzi ditugunak hartzen baditugu hitzez hitz, akabo!

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

«El abuso de pantallas en niños no solo retrasa el habla, está generando discapacidad»

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia

