Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Arrotz diren etxeei erreparatu die Olatz Mitxelenak bere bigarren narrazio liburuan

‘Etxe arrotz hau’. Olatz Mitxelenak bigarren narrazio liburua ondu eta Susarekin eman du argitara. ‘Etxea’ eta ‘arrotza’, elkarren kontra doazen kontzeptuei heldu die hamar ipuinetan. Emakumeak dira protagonista.

Olatz Mitxelena, liburu berria eskuan, Donostian.
Olatz Mitxelena, liburu berria eskuan, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Hamar ipuinez osatutako liburua da Olatz Mitxelenaren (Oiartzun, 1989) ‘Etxe arrotz hau’. «Izenburutik beretik ageri zaizkigu ‘etxea’ eta ‘arroztasuna’. Emakumeak dira protagonista eta haietako nahikotxo bikote harremanetan daude», esan du aurkezpen ekitaldian Leire Lopez Ziluaga, Susako editoreak.

«Etxea askotan arrotza zaigu eta arroztasuna etxea izan daiteke gutako askorentzat. Ipuin hauetan ezinegona sortzen duen zerbait dago, protagonistaren bizitza oztopatuko duen zerbait. Batzuetan modu agerikoagoan, besteetan ez hainbeste. Harremanak ez dira ustez beharko luketen bezain errazak edo ondo ezagutzen dugula uste dugun norbait ez dugula hain ondo ezagutzen ikusten dugu. Edo gu geu ikusten gara arraro egiten zaigun modu batean jokatzen».

Ipuin guztietan dago «ohikotasuna uzten duen zerbait, deserosotasuna sortzen duen zerbait» Ziluagaren esanetan. «Etxea leku lasaitzat jo ohi da askotan, deskantsatzeko dugun espazioa, guk geu izateko lekua. Horregatik da askotan zaila etxeko deserosotasunak identifikatzea, zerk egin duen krak ulertzea. Gure etxean, gure etxekoekin arrotz sentitzen gara horrela onartzea. Eta arrarotasun sentsazioa sortzen digu horrek, ipuinak sortzen duten arrarotasunaren modukoa», gaineratu du. 

Kontrakotasuna

Getariako Udalak astebetean sormen egonaldi bat egiteko aukera eman zion eta hantxe hasi zen forma hartzen liburua. Izenburua izan zuen abiapuntu Olatz Mitxelenak. Eta hark eman zion haria ipuin sortari. «Interesatzen zitzaidan etxeak hizketan jartzea, protagonismoa ematea. Etxea ez da edozein espazio, gertukoa da, intimoa, egunerokoa, eta horregatik aldi berean deserosoa, batzuetan behintzat. Etxe arrotzak kontrakotasun bat seinalatzen du», adierazi du.

Ideia honetatik egin dio tira hari matazari. «Badira tartean etxe fisikoak, errepide bazterreko etxe bat, herentzian jasotzen den bat, etxe aldaketa bat. Baina uste dut arroztasuna sortzen duen etxea geure burua dela. Eta etxea nolabait gure luzapen bat dela. Hortaz, etxe fisiko horiez aparte, liburuan agertzen dira etxe sinbolikoak. Izan daiteke umetoki bat, izan daiteke harreman bat ere. Kontua da etxe horien bueltan gertatzen zaiela pertsonaiei zerbait, arroztasuna eragiten diena».

Arroztasunarekin batera badago arrarotasuna ere. «Silvina Ocampok esaten zuen arraroa beti dela benetakoagoa. Eta uste dut denok edo gehienok behintzat sentitzen garela neurri handiagoan edo txikiagoan, pixka bat arraro, ezberdin, bazterreko...» eta horri begira jarri nahi zuen.

Bada besterik. «Hizkuntzak eta pentsamenduak eramaten gaituzte dena kontzeptuetan biltzera, dena sailkatzera, ulertzera, baina dena ez da razionala eta pentsamenduaren araberakoa. Mila modutara agertzen zaigu irrazionaltasuna, ulertu ezin den hori, esaten zaila den hori, izan ametsetan, manietan, obsesio edo arrarotasunetan».

Oiartzuarrak beretzat inportantea den beste kontu bat aipatu du, tonua. «Bai ipuin hauetan eta baita literaturan ere orohar. Forma, ahotsa. Ez bakarrik zer gertatzen den, zer kontatzen den, baizik eta nola kontatzen den. ‘Otea erre’ lehenbiziko ipuinean, adibidez, nahi nuen narratzaileak haserre kontatzea. Edo ‘Sehaska kantua’-n dolu handi bat kontatzen da. Min handi horrekin batera nahi nuen baita ere narratzaileak edo pertsonaia horrek haserre eta amorrazioz hitz egin zezan. Edo beste ipuin batzuetan ahots jakin bat bilatzea izan da lagundu didana edo horrek eraman du ipuina».

Pertsonaia eta giro batzuentzako etxeak sortu ditu. «Bi zentzutan. Ipuin hauek eta literatura badira zerbait, etxe bat, objektu bat, espazio bat hartzen duen neurri berean, literatura eta ipuinak ere badira zerbait, munduaren parte dira dagoeneko. Ez dira zerbaiten osagarri edo, badira. Eta beste alde batetik, zerbait biltzen dute. Ipuinak nahiko laburrak dira. Esango nuke halako sartu-irten bat dela, ezezagun baten etxe bati begira jartzearen pareko zerbait. Eta hor bizitza puska bat ikusten da bere ilun eta argi».

Ipuin batzuetan kontatu duenaren ondoren dator istorioa. «Niri justu interesatzen zait haustura, leherketa, eten horretara iritsi arte edo horretara iristeko gertu gertatu den edo sortu den giro hori kontatzea. Sentipen multzo bat agertzea, nolabait anbibalentzia bat eta era berean zerbait irekia».

Zaila egiten zaio bere ipuinak kontzeptu bati lotzea. «Esango nuke gizakiaz hitz egiten dutela, gizakiaz eta harremanez», esan du. 

Bigarren liburua da eta ez bakarrik kronologikoki edo ez bakarrik lehenbizikoaren ondoren etorri delako. «Uste dut sormen lan bakoitzak bide bat egiten duela eta lan bat bukatutakoan geratzen zaizkigula bestelako asmo, gogo eta obsesio batzuk. ‘Arrain hezur bat eztarrian’ liburuak puntu batean utzi ninduen eta handik jarraitu dut bigarren honetan. Han egindakoari eta orduan ikasitakoari segida eman dion zerbait da. Bide honetan ere beste gauza batzuk ikasi ditut, beste leku batzuetan ibili naiz eta esango nuke orain beste puntu batean nagoela baita ere. Eta bide hori erakusten duela liburuak», esplikatu du.

Nagore Legarretaren irudia du azalean liburuak. «Itzalari ateratako argazki bat da, tartean dagoena, gustatu zitzaidan asko irakurketa hori, ze uste dut ni ere neurri batean itzalei argazkiak ateratzen aritzen naizela, baina aldi berean itzalez gain badago argia ere, badago jolasa eta geruzak daude. Etxeko pareta batean bezala, pintura edo paper geruzak, eta asko gustatu zitzaidan azalera ekarri dituen elementu horiek», esan du.