
Zinemaren munduak lerroburu ugari utziko dizkigu aurten. Zeintzuk izango diren aurreikustea zaila bada ere, ziur asko Zendayaren eta Robert Pattinsonen izenak agertuko dira. Bikote emankorra izateaz gain –Pattinsonek lau film estreinatuko ditu, eta Zendayak lau film eta ‘Euphoria’ telesailaren hirugarren denboraldia– hiru film garrantzitsu partekatuko dituzte: ‘The Odyssey’, ‘Dune 3’ eta zinemetara heldu berri den ‘The Drama’.
Film honekin Kristoffer Borglik intimitatera gonbidatuko gaitu, hausteko zorian dagoen bikote baten barrenera. Ezkondu aurreko egunetan bikote batek bizi duen krisi sakonean barneratuko da ikuslea; ezusteko errebelazio batzuek elkarri buruz zuten irudia hankaz gora jarriko dute.
Emmak (Zendaya) eta Charliek (Robert Pattinson) harreman idilikoa dute eta ezkontzeko zorian daude. Baina gau batean, zeremonia baino egun batzuk lehenago, lagunekin afari bat antolatu dute. Amaieran joko bat proposatuko dute “bizitzan egin duzun gauzarik txarrena” zer den aitortu beharko du bakoitzak. Emmak aspaldiko sekretu bat kontatuko die eta albiste horrek sekulako eragina izango du.
Kristoffer Borgli
Filmaren zuzendaria Kristoffer Borgli zinegile norvegiarra da, eta ‘Sick of Myself’ eta ‘Dream Scenario’ filmetan egin bezala, ikuslea eremu deseroso batean murgilduko du oraingoan ere.
Europako zinema garaikideko ahots berezienetako bat bihurtu aurretik, skate bideoak eta film labur esperimentalak egiten hasi zen. Bere istorioek gizartearen onespenaren bila itsututa dauden pertsonaiak izan ohi dituzte ardatz: dinamika nartzisistetan harrapatuta daudenak edo benetakotasuna eta irudikapena bereizteko gai ez direnak. Zentzu horretan, bere filmografia gaur egungo antsietatearen erradiografia modukoa dela esan daiteke.
Orain, ‘The Drama’ filmarekin, Borglik behin betiko jauzia egin du mainstream-era, bere obsesio narratiboak alde batera utzi gabe.

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

El Ayuntamiento de Mañueta «cubrirá» pero no retirará una inscripción franquista

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

