Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Disfrutatzeko unea heldu zaie txuriurdinei

Reala oporretan doa ondo egindako lanaren pozarekin. Atsedenaldiaz gozatzeko gogoak dituzte txuriurdinek, baina zaila egingo zaie hurrengo denboraldiko erronka erakargarrien deia ez entzutea.

Azkenengo aldiz zapaldu dute txuriurdinek Zubietako soropila oporretatik bueltatu arte.
Azkenengo aldiz zapaldu dute txuriurdinek Zubietako soropila oporretatik bueltatu arte. (Andoni Canellada | Foku)

Amaitu da denboraldia Liga Fen, baina Zubietan azken hitzordu bat egon da urte osoko egunerokotasunak maletei eta hegazkinei bidea eman aurretik. Realak jokalarien eta kazetarien arteko topaketa antolatu du, ikasturteak utzi duenaz eta hurrengoak ekarri dezakenaz hitz egiteko. Eta ez da sorpresarik egon, irrifarre batekin agurtu diote txuriurdinek bati eta irrifarre bera sortzen die besteak.

«Oporrak hartzeko gogoak ditugu –onartu du Intza Egigurenek–. Egia da denboraldia oso ona izan dela alderdi guztietan, zelai barruan egin dugunagatik, zelai kanpoan osatu dugun taldearengatik, emaitzengatik… Baina lan asko egin dugu eta deskonektatzeko eta atseden hartzeko beharra dugu, egia bada ere oporretan Txapeldunen Ligako lehen kanporaketa horri pixka bat begira ere egongo garela».

Ulergarria, jokalari gaztearen kasuan amets handi bat betetzeko aukera eskainiko baitio lortutako hirugarren postu horrek. «Zaletu bezala jarraitu nuen Europarako sailkapena aurrekoan lortu zuenean taldeak, ezin nuen imajinatu lehen pertsonan bitzitzeko aukera izango nuela. Sekulako ilusioa daukat, amets bat da». Europan debuta egitea ez da Intzaren amets bakarra. «Ilusioa lehen kanporaketa hori gainditzea izango litzateke. Eta asmoa, denboraldiari orokorrean begira, aurten bezain erregularrak izatea, zelai gainean disfrutatu aurten egin dugun bezala, eta zaleei disfrutatzeko aukera eskaintzea ere».

Europan aurreko esperientzia hura bizi izan zuen egungo plantillako jokalari bakarretakoa da Cecilia eta errepikatzeko irrikan dago. Denboraldiak pixka bat gehiago irautea nahiago lukeen bakarretakoa da ere, azken aste hauetan bere maila onena eskaini ondoren. «Apiriketik hona oso boleada onean sartu naiz, bai entrenatzen, bai lehiaketan. Oso pozik nago, oso ondo sentitu naizelako, disfrutatu dudalako… Egia da agian pare bat partida gehiago jokatuko nituzkela oraindik kar-kar». 

Baina gainontzeko taldekideak bezala, «oporrak behar» dituela onartzen du, hurrengo denboraldian pentsatzen hasi baita ere. «Atsedena hartu eta deskonektatu nahi dut, denen moduan. Baina itzuleran, azken aldi honetan eskaini dudan mailara hasieratik heltzeko ilusioa daukat. Eta taldeak ere honelako denboraldi on bat egiten laguntzea espero dut».

Erronka ezin erakargarriagoa izango da, baina exijentzia nabarmena izango da ere. «Taldea prest ikusten dut denari aurre egiteko. Aurten denok parte hartzea lortu izan dugu, denok izan dugu gure lekutxoa, ondo sentitzeko aukera izan dugu… Oso garrantzitsua izan da hori hain emaitza ona lortzeko eta, nire ustetan, horri eusten badiogu, guztiok gure rola daukagula badakigu, talde teknikoaren konfiantza nabaritzen badugu… aukera gehiago izango ditugu gauzak ondo egiteko».

Ilusioa eta lasaitasuna

Nerea Eizagirreren esanetan, lasaitasuna garrantzitsua izango da ere. Badaki zertaz hitz egiten duen, aurrekoan Txapeldunen Ligarako txartela lortu eta lehiaketan parte hartu zuen taldean egon baitzen. Orduan nolabait gaindituta ikusi zitzaion Realari, ez bakarrik zelaian, eta kapitainak esperientzia hori orain onuragarria izan daitekela uste du. «Esperientzietatik ikasten da. Eta taldeak esperientzia gehiago dauka orain, prestatuagoa dago. Kluba ere bapatean harrapatu zuen eta orain ez». Guzti horrek, lehiaketa kontinentalari normaltasun gehiagorekin ekiten lagunduko du. «Lasaitasuna transmititzen saiatuko gara –esan du Eizagirrek–. Neskatxoei, horrenbeste energia dutela, partida bat besterik ez dela esan behar diegu, presio barik eta lasaitasunez beren maila izugarri hori eskaintzen jarrai dezaten. Lasaitasuna, egonkortasuna, ezinbestekoak dira, horrelakoetan bihotzak hankek baino gehiago agintzen duelako askotan eta beharrezkoa da biak batera eta ondo joatea».

Bihotza eta hankekin batera, buruaren laguntza ezinbestekoa da. Momentuz, oporretan pentsatzen dago txuriurdinena, baina etorkizunak ekarri dezakenarekin amets egiteko tartetxoa ere eskaintzen du. Eizagirrek argi dauka zein da berea: «Txapeldunen Ligako aurreko kanporaketa gainditzea. Gainditu eta lehiaketaz gozatu gero, munduko talde onenetarikoen kontra jokatu… Aurrekoan Bayernek irabazi gintuen baina oraingoan aurrera jarraitzen saiatu gara. Ikasi dugu, prestatuagoak gaude… Talde handiak dira, Olympique, Arsenal , Chelsea… Baina futbolariok onenen kontra jokatzea dugu gustoko eta, gainera, badakigu partida horiek irabazi ditzakegula ere. Aurten munduko talderik onenari irabaziz gozatu dugu. Ia horrelako egun gehiago bizitzeko gai garen».