Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

22 urteko Chris Deutok Yosemiteko Triple Crown biribildu du

Watkins, Half Dome eta Kapitain lotzen, estatubatuarra eskalatzaile gazteena bihurtu da. Erik Andersen sokakide izan du, eta, denera, 22 ordu eta 16 minutu behar izan dituzte helburu handi hori egiteko.

Deuto eta Andersen sona handiko Triple Crownekin egin dira.
Deuto eta Andersen sona handiko Triple Crownekin egin dira. (Chris Deuto)

Urtero legez, Yosemiteko udaberriko denboraldiak berri esanguratsuak biltzen ditu. Horietako bat, azpimarra berezia behar duena, Chris Deutok eman du. Gaztea diogu soilik 22 urte dituelako, eta lehen lerrora ekarri duena Kaliforniako haran horretan sona handia duen egitasmo bat izan da: Triple Crown.

Koroa hirukoitza horrek Yosemiten oso ezagunak diren hiru hormatzar jasotzen ditu: Watkins, Half Dome eta Kapitan. Bada, Erik Andersen sokakidearekin, Deutok helburu hori sinatu du 22 ordu eta 16 minututan.

Horri esker, Triple Crown egiten eskalatzaile gazteena bihurtu da; aurrekoak 23 urte zituen. Cheyne Lempe izan zen protagonista. Xede hori lehenbizikoak egiten Dean Potter eta Timmy O´Neill historikoak izan ziren. Hain zuzen ere, 2001ean. 25 urte beranduago, Deuto gai izan da balentria hura errepikatzeko. Gogora dezagun sokada gutxik erronka handi hori lortu dutela. Denera, hamaika izan dira hiru murru luze horiek lotu dituztenak. Alex Honnoldek, berriz, bakarka egin zuen.

Yosemiteko notiziak jarraitzen dituztenek esan dute Andersenek eta Deutok egin duten kronoa txapela kentzeko modukoa dela. Hots, oso azkar jardun dute. Murru bakoitza soilik behin eskalatuta zuten; hortaz, Triple Crown ez zuten bereziki prestatu. Halere, arrakasta itzela izan dute.

Xede hori, berez, Watkinsen hasten da, Kapitain izaten da bigarren helburua eta Half Dome hirugarrena eta azkena. Baina gazte hauek (Andersenek 31 urte ditu) hormatzarren arteko lotura hori oinez eta bizikletaz egin nahi zutenez, Watkinsekin hasi, Half Domekin jarraitu eta Kapitan paretarekin amaitu zuten. Gainera, errekor pertsonalak erdietsi zituzten: Kapitain 6 ordu eta 55 minututan eta Watkins 3 ordu eta 24 minututan.

Erresistentzian oinarritutako helburu hori bukatu bezain laster, Deutok sare sozialetan esan du Triple Crownen izandako eskarmentua berezia izan dela oso: «Erabat aldatu nau. Nolabait esateko, banatze puntu bat dago arrakastaren eta bizi izan dudan esperientziaren artean. Eskarmentuak gainerako eite guztiak gainditu ditu».

Ezustekoak

Proiektu zorrotz horrek 71 luze jasotzen ditu. Estrategiari begira, norabidea aldatu zuten: Watkins itzalean igo zuten, Half Dome gauez eta Kapitain goizez. Protagonisten hitzetan, norabide agerikoena da. Watkins oso azkar igo zuten, baina Half Dome eskalatzen ari zirela, Andersenek karranpak izan zituen. 

Hortaz gain, luze samur batean ia erorikoa izan zuen. Eta, gainera, kopetako-argiarekin arazoak izan zituen. Egoera horrek zalantzak sortu zituen, eta onartu dute Triple Crown uzteko zorian egon zirela. Baina erritmoa berreskuratu, krono ona zeramatela ohartu eta aurrera jarraitu zuten.

Kapitainen zirela, Great Roof edo sabai handia izeneko luzean, kide batek esan zien bost ordu zituztela aurretik proiektua biribiltzeko. Une jakin horretan, lasaitu ederra hartu eta azken luzeak disfrutatzen eskalatu zituzten. 22 ordu eta 16 minutu markatu zien kronoak.

Egun luze eta gogor hori amaitu bezain laster, Deutok adierazi zuen oso harro dagoela eginiko lanarekin: «Laudorioak baino ez ditut jaso Triple Crown egiten eskalatzaile gazteena izan naizelako. Zaila egiten zait egoera hori barneratzea, baina, neurri handi batean, ez diot berebiziko garrantzia ematen. Lehena izatearen kontu hori oso erabilita dago. Nahiz eta ehungarren errepikatzaileak izan, berdin dio. Proiektu oso erakargarria da, eta kito. Gauza bera “The Nose” ibilbidearekin gertatzen da; ikusi eta eskalatzeko gogoa pizten zaizu. Ederra da oso Potter, O´Neill, Honnold eta enparauen taldean sartzea. Triple Crownek soilik hamaika igoera ditu, eta egin dituzten protagonistak nire heroiak izan dira haurtzarotik. Errekor kontu bat izan daiteke, baina horren atzetik gizabanakoak daude. Erik eta ni orain talde horretako ordezkariak bihurtu gara».