Silueten atzeko isiltasunen aurpegiak eta bizipenak
Deportatu eta iheslarien alabak elkartu zituen atzo Antxeta Irratiak, iheslari izandako alaben lekukotasunak biltzen dituen «Alabak» podcastaren barnean. Umetan ulertzen ez zituztenak, isilpean gorde beharrekoak eta oraindik digeritzeke daudenak atera zituzten plazara, transmisioaren mesedetan.

Urte luzez ezkutatutakoak, gezurrez estalitakoak, ahapeka kontatu beharrekoak edo begirada konplizea zutenekin soilik mintzatutakoak plaza publikora eraman zituzten atzo Hendaian. Antxeta Irratiak antolatuta eta Aitziber Zapirain kazetariaren gidaritzapean, ordura arte podcast formatua zuen “Alabak” saioko protagonistak ahotsa izatetik gorputza izatera ere igaro ziren. Alabak, «ETAko militanteen alabak», emazteak, lagunak, ahizpak, senideak eta sarekideak, guztiak elkartu ziren Hendaiako Enbata gaztetxeko lorategiaren goxoan, transmisioaren ardura eskutik hartuta beren seme-alabei kontatutakoak ingurukoei ere kontatzeko asmoz. Hala aritu ziren Ihintza Aldana, Maider Zapirain, Elorri Igiñiz eta Haizpea Abrisketa, irribarre, malko eta ingurukoen besarkaden artean.
Beraien gurasoen erabaki militanteak beraien bizitza baldintzatu edo ezaugarritu ote zuen galdetuta, baiezkoa erantzun zuten guztiek, «eta harro», zehaztu zuten. «Gurasoen egoeraren ondoriozko bizimoduak zure bizimodua markatzen du, eguneroko guztia, nahiz eta umetan ez zaren kontziente zein den egoera horren arrazoia», azaldu zuen Zapirainek, eta Aldanak gehitu zuen umetan ohikoena gurasoek eraikitako bideari jarraitzea izan arren, nerabezaroan iritsi ohi dela galdera: «Nik bide honetan segitu nahi dut?»; eta hor hasi zela bera gatazka politikoaz interesatzen, gurasoek hartutako bidean. Hala ere, batzuetan abizenaren «zama» ere sentitu du: «Niretzat adin batean ez zen erraza, pisu handi bat zen. Jendeak espero du zu ere militantzia horretan sartzea eta niri horrek pisua suposatu dit, jendeak ainitz espero du zuregandik abizen hori duzulako».
Igiñizi nekezenak lehen hitzak egin zitzaizkion, «hitza ateratzearena oso zaila zait», onartu zuen, urte luzez -joan den urtarrilera arte- ez baitu sekula gaiaz hitz egin, eta gainera, aita oraindik ez dute etxean, «aita iheslari izatearen ondorio bat izan da gure bizia, baina harro nago eta eskertzen dut gure bizipena, horrek egin gaitu garena». Abrisketak aurrekoek esandakoei jarraikiz, aitortu zuen «anormala zen egoera bat normalizatuta» bizi zutela beraiek, finean, bizirauteko. Belaunaldi bakoitza aurreko belaunaldiaren hautuek baldintzatzen dute bere ustez, eta kontatu zuen batzuetan irudipena duela gurasoek beren ondorengoen bizitzetan «erru bat» dutela, eta gogoratu du bide horri jarraitzea hautatu dutela beraiek, eta horrekin harro dagoela, beraien gurasoek ere beste belaunaldi bati jarraipena eman ziotelako.
UME ZAPATETAN
Ume garaiko hamaika anekdota, istorio eta egoera «anormal» bizi izan dituzte, bakoitzak bere errealitatetik baina esan ezin zen bizimolde konpartitu baten konplizitatetik kontatu zituzten: errefuxiatu hitzaren esanahia ezagutu zutenekoa, Moskun hiru egunez hoteletik ezin atera egon ziren bidaia, galdutako maletak, hegazkinetako haur bakarrak izatea... Eta galdera zehatza egin zien Aitziber Zapirainek: «Noizbait ausartu zineten noiz arte galdetzera?».
Aldanak kontatu zuen berak ez zuela sekula galdetu, «banekien ez zela erraza izango», eta gehitu zuen deportatuen gaia presoena baino gutxiago aipatu izan dela urtetan, eta horrek ere irudikatzea zaildu zezakeela. Abrisketak ere ez zuen galdetu, eta iritsi da aita inoiz itzuliko ez zela pentsatzera eta dolua egitera, eta handik gutxira jakin zuen itzuliko zela, «mesfidati nintzen, baina itzulera azken prozesu politikoari esker izan da, bestela pentsatzen du ez zela itzuliko». Zapirainek egin zuen galdera hori: «Behin muga pasatzen ari ginela galdetu nuen ea noiz arte egongo zen aita ezkutuan eta esan zidaten 7 urte betetzen nituenean. Pentsatzen dut negoziazio potoloren baten garaia izango zela, eta bete nituen 7, 8, 9, 10…».
Haurrak zireneko zapatetatik memoria egiten jarraitzeko agindu zien gidariak, eta ea ezin kontatu horiek nola gogoratzen dituzten, edota handitu ahala konplizerik topatu zuten inguruan. Ia denek ikastola aipatu zuten gune seguru gisa, bertako inguruak bazekielako eta babesten zituelako. Abrisketak ordea, nerabe garaian eskola frantsesean beste ikaskideekin eztabaidatu behar izan zuela azaldu zuen: «Kolegioan asko garatu nuen nire militantzia, beti galdetzen zizuten eta aurre egin behar nien etengabe ‘zure aita terrorista da’, ‘zu terrorista zara’ esamesei».
Solasaldia osatu zuten laurak ama dira egun, eta laurek goraipatu zuten amaren eta amaren ingurukoen lana. Zapirain: «Ama izan eta pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen: ‘Ama, nola egin zenuen?’. Gure ama bi umerekin geratu zen, dirurik gabe eta lana egiteko baimenik gabe, Hendaiakoa izan gabe Hendaian, ezagunik gabe, frantsesa jakin gabe… Superheroi bat etortzen zait burura». Aldanak ere ezin du ulertu beraien amak bizitakoa: «Ez dut hitzik, borroka honetan preso edo iheslari edo deportatuaren gibelean bada pertsona bat etxe bat atxiki behar duena, zeren etxe bat atxiki behar da, eta ama izan da hori».
Igiñizek ez du sarea ainitz ezagutu, amak hurbileko laguntza bakarrik izan duela pentsatzen du, eta «momentuan momentukoa biziz» atera izan dutela indarra. Berak oraindik aita bisitatzeko bidaiak egiten jarraitzen du. Bere «bizitzako egunik txarrena» gisa deskribatu zuen 20 hilabeteko umearekin egindako bidaia: 9 orduz umea oihuka, «eta esaten nuen, nola egin du amak gurekin? Ninitan eraman gaitu ezker-eskuin, nola egin du?». Abrisketak alor ekonomikoa ere sarritan amaren bizkar geratzen zela gogoratu zuen, «amak puruak ekartzen zituen Kubatik kontrabandoan eta hemen saltzen zituen ondoren bidaiak ordaintzeko». Hunkituta kontatu zuen: «Amak egiten du, egin egiten du, ez du pentsatzen. Horrek lotura ikaragarria sortzen du amarekin, berak bizi izan duena guk ere bizi izan dugulako, eta aitak hori ez du berdin sentituko».
ETXEAN ETA KANPOAN
Lau solaskideek bizi dute arduraz transmisioaren gaia, guztiek kontatu diete etxeko txikiei modu batean edo bestean beraiek bizitakoa, baina Aldanak azpimarratu zuen transmisioa egiteko norberak ere behar duela «bizitakoa digeritu», eta horretan dabilela bera behintzat. Hala ere, iheslari ohiek edota gatazka bizi izan duten pertsonek transmisioa egitea garrantzitsua iruditzen zaio, «gure haurrek jakin behar dute zer egin den gure aurretik, guk gure aletxoa ematen dugu».
«Segur dena da, hau dena ez dela galdu behar», baieztatu zuen Igiñizek, eta bere etxean aitona-biloba transmisioa egun WhatsAppez ere egin badezakete ere, Zapirainek esan modura modu kolektiboan ere egin beharreko lana dela iruditzen zaio: «Gauza hauek guztiak ez dira galdu behar, kontatu behar dira; eta ez guk soilik alaba gisa, beti motxila potoloa guri jartzen zaigu, neskei ere beti eskatzen zaigu gehiago, eta denen ardura da». Abrisketa: «Transmisioan gu gara muina, militante guztiok egin behar dugu transmisioa etxean, baina etxetik at ere asmatu beharko dugu».

Preocupación por algunos episodios de agresiones y amenazas a veraneantes vascos en Laredo

Oihane Mateos EITBko kazetaria hil da

Etxebarria rectifica y pide perdón a Kerejazu tras criticar su discurso sobre el 3 de Marzo

La erupción del Etna suspende varios vuelos con destino a Sicilia

