Asier Aiestaran
Kazetaria

Julen Alberdik nagusitasun handiz irabazi du Euskal Duatloiaren finala

Azkoitiarrak iazko garaipena errepikatu du Tolosako zezen-plazan, erakustaldia emanda eta bere markak hobetuz. Aizkoran tarte handiak atera ditu hasieran eta gero gai izan da abantailari eutsi eta handitzeko. Ibai Soroa izan da bigarren eta Xabier Zaldua hirugarren.

Julen Alberdik besoak jasota helmuga zeharkatu duen unea.
Julen Alberdik besoak jasota helmuga zeharkatu duen unea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Julen Alberdi "Txikia IV.a" nagusitasun osoz gailendu da Tolosako zezen-plazan jokatu den Euskal Duatloiaren final handian. Azkoitiarrak iazko garaipena errepikatu du, 22 minutu eta 44 segundoko denborarekin, bigarren izan den Ibai Soroari 3 minutu eta 36 segunduko aldea sartuz eta hirugarren izan den Xabier Zalduari 4 minutu eta 24 segundukoa.

Iaz ezarri zen formatuan jokatu da proba: 45 ontzako bi enbor erdibitu behar, bat etzanda eta bestea zutik, eta 500 metro korrika, lau errepikapenetan. Eguzkiak ere gogor jo du Tolosan eta kirolariek asko sufritu dute, gehienek iazko denborak hobetu ezinik.

Zozketak hala erabakita, txapela janzteko lau faborito nagusietako hiru –Alberdi, Zaldua eta Atutxa– txanda berean aritu dira, bigarrenean. Baina azkoitiarrak lehen aizkora saioan sekulako tarteak ireki ditu: 2 minutu eta 36 segundo behar izan ditu, aurkariekiko minutu inguruko abantaila hartuz.

Hortik aurrera, korrika dosifikatuz eta aizkoran bere maisutasuna erakutsiz, aldeak gora egin du. Atzeko lehian, Aitzol Atutxa indartsu hasi da, baina lana luzatzen joan ahala Xabier Zaldua inguratzen joan zaio, bigarren erdian bizkaitarrari aurrea hartuz.

Emozioa lehen txandan Eneko Saralegik egindako denbora hobetzeko saiakeran egon da, ozta-ozta hobetu duelako Atutxak. Saralegi oso beteta aritu den arren, Atutxak azken korrika saioan gogor estutu behar izan du nafarrari bost segundo baino gutxiagoko aldearekin gailentzeko.

Hirugarren eta azken txandan, onena Ibai Soroa izan da. Sekulako lana egin du, hasi eta buka, eta horri esker bigarren postua lortu du, Alberdirengandik urrun samar baina Zalduaren denborak aise hobetuz.