Asier Aiestaran
Kazetaria

Orio eta Arraun Lagunak Euskadiko txapeldun, baina bigarrenari tarte ikaragarririk atera gabe

Orio, gizonezkoetan, eta Donostia Arraun Lagunak, emakumezkoetan, izan dira garaile Getarian jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketan. Bi ontziak faborito ziren eta pronostikoak bete dituzte, baina aurkariekiko aldeak ez dira izugarriak izan eta ikuskizuna ederra izan da.

Orio, Getarian irabazitako ikurrina astintzen.
Orio, Getarian irabazitako ikurrina astintzen. (FOKU)

Orio eta Donostia Arraun Lagunak izan dira azkarrenak gaur eguerdian Getarian jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketan. Aurreko denboraldian emandako maila ikusita, eta bi taldeek blokea mantentzen dutela kontuan izanda, faboritotzat jotzen ziren bi ontziak, eta pronostikoak bete dituzte.

Hori bai, azken unera arte ez dute garaipena ziurtatuta izan. Gizonezkoen lehian, Gipuzkoako Txapelketan gertatu zen bezalaxe, Donostiarrak estu hartu ditu oriotarrak eta hiru segundora amaitu du. Arraun Lagunaken kasuan, bere txandan nahiko nabarmen nagusitu da, baina Tolosaldeak lehen txandan lortutako denborak hobetzea kosta egin zaio azken unera arte.

Modu horretan, Oriok bere zortzigarren titulua lortu du eta Arraun Lagunakek bere laugarrena.

Laugarren kalearen penitentzia

Giro eguzkitsu aparta Getarian estropada jarraitzeko. Ia haizerik ez, baina itsasoa indartsu, bi metro inguruko olatuekin. Baldintza txarrak estropada eremu berezi horretan laugarren kaletik arraun egiteko, gero argi geratu den moduan.

Gizonezkoen estropadarekin hasi da txapelketa, eta lehen txandan garaipena Hondarribiarentzat izan da. Txinguditarrek, eskifaia oso gaztearekin, hasieratik hartu dute estropada burua, baina beti izan dute aurkariren bat gain-gainean. Lehen hiru luzeetan Zierbena izan da 3-4 segundo atzetik ibili dena, Getaria lehen kaletik nahikoa atzean geratzen zen bitartean.

Baina getariarren azken luzea bikaina izan da, lehen kaletik laugarrenera enfilatu eta olatuak baliatzeko aukera ederki baliatuz. Azken txanpa ikusgarria suertatu da, baina Hondarribia gai izan da bere abantailatxoa baliatu eta Getaria nahiz Zierberani aurrea hartzeko. Santurtzi, inork nahi ez zuen laugarren kaletik, oso urrun geratu da.

Bigarren txandan, Orio bigarren kaletik aritu da eta Donostiarra hirugarrenetik. Gipuzkoako Txapelketan borroka estua izan zuten bi ontziak elkarren alboan, beraz, eta printzipioz kale zozketak eragin nabarmenik izan gabe. Zorte txarra Bermeorentzat, laugarren kalea egokitu zaiolako, eta Isuntza lehenengotik.

Donostiarrak ongi eutsi dio Oriori lehen luzean, baina Iker Zabalaren mutilek bigarren luze ikusgarri batekin aurreneko tarte serioa ireki dute; bigarren ziabogan aldea 7 segundokoa zen. Distantzia kritikoa izaten da hori, eutsi ala erabat erori, baina donostiarrek ongi eutsi diote egoerari eta azken luzean aldeak murrizteko gai ere izan dira. Igor Makazagak entrenatutakoek hil ala bizi lehenago igo dute erritmoa eta Oriok, aldiz, zuen abantailaren jakitun, ez dute horren beharrik izan.

Azkenean, Orio garaile 20:44.24ko denborarekin eta Donostiarra bigarren 3,39 segundora, Gipuzkoako Txapelketan ikusitakoa –aldea 33 ehunenekoa izan zen– ez zela kasualitatea izan argi utziz. Beste ontziak urrunago geratu dira: Hondarribia hirugarren 20,21era eta Getaria laugarren 21,52ra.

Tolosaldeak goian jarri du langa

Jarraian, emakumezkoen lehia iritsi da. Lehen txandan Hondarribia, Isuntza, Ondarroa eta Tolosaldea irten dira. Benetan aipagarria izan da, gizonezkoen estropadan ikusitakoa ikusita, Tolosaldeak laugarren kaletik eman duen maila. Hasieratik hartu dute estropada burua eta erlojuaren aurkako lanean jardun behar izan dute. Denbora 11:31koa izan da eta Hondarribia zortzi segundora iritsi da, azken luzean olatuak ederki hartuz. Espero bezala, bi bizkaitarrak urrun geratu dira.

Erreferentzia horrekin ekin diote lanari San Juan, Arraun Lagunak, Deustu eta Kaikuk. Eta hemen ere ezusteko gutxi. Donostiarrek hasiera-hasieratik jo dute aurrera eta ziabogan 11 segundoko aldea ateratzen zieten pasaitarrei. Baina argi geratu da Tolosaldearen erreferentzia oso kontuan hartzekoa zela, ziabogan abantaila lau segundo eskasekoa baitzen.

Erreferentziak ezagutzearen abantailarekin, Arraun Lagunaken garaipena ez da inoiz arriskuan egon, baina udan etorriko denari begira, tarteak gutxienez ez dira horren esajeratuak izan. 11:24.81 izan da donostiarren denbora, Tolosaldea bigarren 6,30era, San Juan hirugarren 11,81era eta Hondarribia laugarren 14,51ra.

Aipamen berezia merezi du Hondarribiak, aurten ETE Ligan arituko baitira Osertz Alday entrenatzaile berriaren esanetara, baina Euskotren Ligako onenekin lehian ikusi dugu aste hauetan.

Arraun Lagunak, garaipena ospatzen. (FOKU)