Markel Garzon Goitia
Aktualitateko erredaktorea

‘Kirruli’-ren heriotza ekidin zitekeela nabarmendu dute 40. urteurrenean

Joseba Asensio ‘Kirruli’ euskal presoa gogoratu dute Bilbon eginiko ekitaldian, osasun arreta ezaren ondorioz espetxean hil zenetik 40 urte bete direnean. Ekidin zitekeen heriotza izan zela azpimarratu dute Egiari Zor fundazioak antolatu duen ekitaldian.

‘Kirruli’ espetxean hil zeneko 40. urteurrenean ekitaldi hunkigarria egin dute Indautxun.
‘Kirruli’ espetxean hil zeneko 40. urteurrenean ekitaldi hunkigarria egin dute Indautxun. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Lau hamarkada betetzen dira astelehen honetan Joseba Asensio Artaraz ‘Kirruli’ (Bilbo, 1959) euskal presoa Herrera de la Manchako espetxean hilda aurkitu zutenetik, tuberkulosiak jota eta salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz. 27 urte zituen ‘Kirruli’ eta soilik sei hilabete geratzen zitzaizkion kartzelatik irteteko.

Indautxuko auzokidea, EHAS, HASI eta ASK-ko militantea eta euskara irakaslea zen ‘Kirruli’. Horren geroztik, ETAn hasi zen militatzen. 1980an atxilotu zuten lehen aldiz, eta ondoren kartzelatu egin zuten. Hamar egun egin zituen inkomunikatuta Madrileko DGSn, ‘Billy el Niño’ torturatzaile frankistaren eskuetan. Asensiok berak aitortu zuenez, «benetako infernuan egotea bezala izan ziren hamar egun horiek».

Soria, Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha espetxeetan egon zen gatibu, eta sei gose-greba egin zituen, bista eta gorputza ahultzera arte. Zigorrak, jipoiak, miaketak eta isolamendu politikak jaso zituen kartzelan. Behin baino gehiagotan jo zuen medikuarengana, biriketako arazoak zirela medio.

1982ko urtarrilean, 36 eguneko gose greba baten ostean, Carabancheleko medikuek pleuritis gaitza zeukala komunikatu zioten ‘Kirruli’ri. Horren geroztik, medikuek ez zioten gehiago begiratu, eta soilik katarroaren kontrako edabeak eta pilulak baizik ez zizkioten ematen. Kirruli Kultur Elkarteak deitoratu duenez, ez zuten «behar bezala» artatu: «Ez zuten behin ere ez ospitalera atera utzi, ezta X-izpiak egiteko ere».

Osasun arreta ezaren ondorioz, 1986ko ekainaren 8an hilda topatu zuten Herrera de la Manchako ziegan, 27 urte zituelarik eta bederatzi urteko kondena amaitzea zegoelarik. Autopsiaren emaitzak argiak izan ziren: birika bat erdiraino kuzkurtuta, tuberkulosia eta pneumonia izugarria zituen Asensiok.

Gogorra izan zen euskal presoaren gorpuaren itzulera Bilbora egun batzuk beranduago, polizia gogor oldartu baitzen senideen eta lagunen aurka, Indautxuko auzokidearen hilkutxa bizkarrean zeramatela. Herritar ugariren memorian iltzatutako irudiak dira ‘Kirruli’-ren hiletakoak, 1986ko ekainaren 20an.

Egiari Zor: «Memoria eta aitortua izateko eskubidea»

Bere heriotzatik 40 urte betetzen diren honetan, Egiari Zorrek antoltutako ekitaldi hunkigarri batean gogoratu dute, Indautxuko plazan. Dozenaka lagun bildu dira, eta ezker subiranistaren ordezkaritza zabala egon da ekitaldian, tartean, Maria del Rio eta Karlos Renedo Bilboko EH Bilduko zinegotziak, Gaizka Suarez koalizioaren Bilboko arduradun politikoa edota Tasio Erkizia militante historikoa.

‘Ekidin zitekeen’ lelopean, gogoratu dute espetxe barruan giza eskubideen aurkako erasoak «etengabeak» izan direla azken hamarkada luzeetan, espainiako Estatuaren eta frantziar Estatuaren ezarritako salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz.

Ildo horretatik, salatu dute 36 euskal presok eta 16 senidek galdu izan dutela bizitza, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondoriozko egoera ezberdinetan: «Heriotza guzti horiek badute zerbait komunean; guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Behar bezalako osasun arreta ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloak modu arbitrarioan aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendu luzeak, 1.graduko eta FIES sailkapen sistematikoak, komunikazio guztien interbentzio iraunkorra, urruntze eta dispertsio politikak ere».

Egiari Zorretik lore-sorta bat eskaini diote Beñat Zarrabeitiari, 'Kirruli'ren senidea. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Zentzu horretan, salbuespenezko espetxe-politika, «gobernuek hartutako erabakien emaitza» dela azpimarratu dute, eta, beraz, «arduradun zuzenak» dituela. «Estatuek onartu beharko dute gatazka politikoaren baitan aintzat hartu zutela pertsona batzuk heriotzaraino eraman zitzaketela», eskatu dute.

Bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko, «aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak» exijitu dituzte: «Giza eskubideen eta giza duintasunaren balio gorenari buruzko erreferentzia ugari entzuten ditugu. Baina errolda eta estatistika guztietatik kanpo geratzen dira salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioak».

Horregatik guztiagatik, legegintza-aldaketa baten bidez, espetxe-salbuespenaren ondorio tragikoak ofizialki aitortzea aldarrikatu dute. Horien artean, ‘Kirruli’-ren osasun eskubidearen urraketak eragindako heriotza.

Oroigarri berria

Maiatzaren 29an Kirruli Kultur Elkarteak salatu zuenez, euskal presoaren oroigarria margotu zuten, mezu faxistak idatziz. Gainera, Iñigo Cabacas plazan beste eraso batzuk eman ziren, besteak beste, Iñigo Cabacasen loreontzia apurtu zuten eta herriko tabernari eraso egin zioten. Kirruli Kultur Elkarteak jakinarazi du oroigarri berri bat kolokatu dutela, Herriko Tabernaren alboan.

'Kirruli'ren omenez lehen zegoen plaka, Sarriren olerkiarekin, faxistek margotu zuten maiatzean (NAIZ)

Amaitzeko, Joseba Sarrionandiak eskaini zion olerkia irakurri dute, musika akordeekin batera. Horrekin batera, aurresku bat egin diote Beñat Zarrabeitiari, ‘Kirruli’-ren ilobari.

Zarrabeitiak hartu du hitza ondoren. «Esker hitz hauekin batera, iraganera begiratzea dagokigu gertatu behar ez zen heriotza baten aurrean gaudelako, espresuki planifikatutako espetxe-politika anker baten ondorioz izan zelako», deitoratu du.

Iragan larunbatean Arrasatetik Sarek deitutako manifestazioari ere egin dio erreferentzia Zarrabeitiak: «Espero dugu 2027ko urtarrileko manifestazioa azkenekoa izatea, azkenekoz betetzea Autonomia kalea, etxean, gurekin eta bizirik nahi ditugulako».