Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ramon Saizarbitoriaren ‘Ene Jesus’ nobelaren argitalpen bikoitza ondu du Ereinek

Soineko berria jantzita dakar Ramon Saizarbitoriak ‘Ene Jesus’. 50 urte joan dira idazleak bere hirugarren nobela argitara eman zuenetik. Edizio gaurkotua prestatu du Ereinek. Horrez gain, Joxean Muñozek egindako hurbilpen grafiko-artistikoa ere eskuratu dezake irakurleak bigarren argitalpen batean.

Ramon Saizarbitoria eta Joxean Muñoz, gaur.
Ramon Saizarbitoria eta Joxean Muñoz, gaur. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mende erdi geroago itxura berria hartuta dator Ramon Saizarbitoriaren ‘Ene Jesus’. Liburuaren hirugarren ‘bizitza’ da. «1976an argitaratu zen eta ‘Ehun metro’-rekin batera irakurria izan zen, azken hau 1974ean atera arren bahitua egon baitzen. Biek oihartzun desberdina izan zuten, ‘Ehun metro’-rena handiagoa izan zen. Ereinek 1994an atera zuen bigarren edizioa, lehenengoa Aranburu Altunak egina zen. Gaur edizio berritua dakarkigu. Bi lagun, Ramon Etxezarreta eta Josu Zabaleta, arduratu dira», azaldu du astelehen honetan  Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak. 

Ramon Saizarbitoriaren hirugarren nobela da ‘Ene Jesus’. 1976an argitaratu zuen, ‘Egunero hasten delako’ eta ‘Ehun metro’-ren ondoren. «Bi hauek orduan sortzen ari zen euskal irakurlego berriaren berotasuna jaso bazuten, ‘Ene Jesus’ nobelak isilik utzi zituen irakurle horietako asko. Mutu. Urte askotako isiltasuna eragin zion idazleari ere. ‘Ene Jesus’ argitaratu ondoren, hemeretzi urte pasatu zituen Saizarbitoriak nobelarik argitaratu gabe. Bere nobelagintza mutur posible bateraino eramana zuen testu honekin. Historiak kontatu ezinetik abiatuta, nobela muturreko, nobela hunkigarri, nobela ahantz ezina idatzi zuen Ramon Saizarbitoriak. Irakurle ausartentzat idatzia, orduan bezala gaur egun ere», adierazi dute Ereinetik. 

Hizkuntza gaur egunera ekartzea baino nobelaren zaharberritzea da Etxezarretak eta Josu Zabaletak egin dutena. «Euskarak bere garaian zeukan ezintasuna gorde egin da. Zakarkeriak, hizkuntzaren trakeskariek, oso bereak direnak, utzi egin dira orduan bezala.  Artegintzan egiten den moduan euskarari kapaz kapa garbitu zaizkio bernizak. Txalogarria da egindakoa, lan delikatua benetan», adierazi du Joxean Muñozek.

Argitalpen bat ez, bi atera ditu Ereinek 50. urteurren honetan. «Irudiz irakurri du Joxean Muñozek. Hurbilpen grafiko-artistikoa da. Nobela bakarrik ala bi liburuak pack batean salgai ditugu», esan du Mujika Iraolak.

Saizarbitoria bera, Joxean Muñoz eta Inazio Mujika Iraola editorea egon dira aurkezpenean. Familia batean jaio eta bizitzeak nola markatzen duen jaso nahi zuen idazle donostiarrak bere nobelan. «Ama –maitea bezain tristea– familia... horren inguruan idatzi nahi nuen», kontatu du. 

Patua da liburuan landutako gaietako bat. «Nola patu izugarria saihestu ezinean seme gizarajoak aurrea hartu beste ahalbiderik ez duen».

Itxurakeriarik gabe

«Nobela bitxia eta modernoa, horrela kalifikatua izan da ‘Ene jesus’. Ezin nuen egin itxurakeriarik. Kontatzeko nuena ezin nuen beste modu batera egin. Modu becketiarrean egina da, ez nuen ikusi modu duinean kontatzeko beste biderik. Liburuaren atzean ez dago modernoa izateko nahirik», argitu du Saizarbitoriak.

Gaztelerara eraman ez den bere izenburu bakarra da. Hala azpimarratu du idazleak. «Ez dakit zergatik ez duan interesik, zergatik euskarazkoa gorde nahi dudan. Lotsagatik? Beharbada gure testuinguruaren jabe dena delako aringarriak aplikatzeko gai, eta onbera izango delako?», bota du. 

Testuinguru historikoan kokatu du liburua, 70. harmardaren erdialdera, atzera eginez. «Garapenaren eta azpigarapenaren artean bitartekoa da egoera okerrena. Azpigarapenean ibaiko urak garbiak datoz, garapenean ere bai, ur-araztaileei esker (hemengo partean kostata). Azpigarapenean urak garbiak dira eta euskara bera ere egiteko dago. Aski meritua da euskaraz idaztea. Nork pentsatuko zuen euskaraz liburu gehiegi idaztera iritsiko ginenik? Burutik pasa ere ez zitzaigun egiten gaztelerara itzultzea. Orain urak zikinagoak dira, hainbat sariketa daude, lehia sustatzen dutenak. Garai hartan literatur sariak mespretxagarriak iruditzen zitzaizkigun, ‘sariak irabazteko hipodromora’, genion». 

«Idazleak ez zuen masarentzat idatzi behar. Ze hitz itsusia! Ecoren irakurle kritikoa nahi zuen benetako idazleak. Ibon Saraolaren onespena lortzeko idazten nuen nik», aitortu du. 

Muñozek idatzitako hitzaurrea nabamendu dute gaurko prentsaurrean. «Bikaina da. Ez da tramitezko hitzaurre kariñosoa, laudoriosoa. Nire liburuarena ez balitz bezala irakurri dut. Liburuaren klabeetan asmatu du, intuizioa dario eta nobelaren ezagutza erakusten du. Modu argi eta finean –bera da fintasuna–».

‘Esku artean daukazuna ez da liburuaren ilustrazio bilduma bat, ez du testuak dioena iruditan emateko asmorik’, zehaztu du Muñozek irudiz irakurritako edizioaren hitzaurrean. «Hala da, obra diferentea sortu duzu, objektu metaforikoa. Lan dotorea da, liburutik orriak erauzi eta ormetan itsasteko gogoa ematen duena. Aurreko beste batzuk baino ilunagoa, eta artegagarriagoa da, erabili duzun materialagatik izango da. Erein eta biok zintzoak izan gara elkarrekiko eta argitaletxeak edizio honekin erakutsi du dirua irabaztea ez duela helburu», izan dira idazlearen hitzak. 

Kritika sari espainola jaso zuen ‘Ene Jesus’-ek. Sariaren berri nola izan zuen kontatu du Saizarbitoriak, irribarre artean. «Igande goiz batean trajedun gizonezko bat agurtu nuen. Askotan gurutzatzen ginen eta elkar agurtu egiten genuen. ‘Egunkariak dio sari bat eman dizutela’ esan zidan. Horrela jakin nuen. Ez da notifikatzen. Uste dut gehiagotan ere jaso dudala sari bera». 

Giltza aurkitzea, gakoa

Idazle donostiarraren nobelarekin duen loturaren berri eman du Muñozek. «Badira irakurlearengan modu berezian txertatzen diren liburuak, berak zergatik ez dakiela. Ez du zertan libururik onena edo hunkigarriena izan. Berea du irakurleak. Niretzat ‘Ene Jesus’ da eta bizitzan askotan jo dut liburura. Liburu fetitxea da niretzat. Ereinek bazeken eta hitzaurrea eskatu zidan. Liburuari zer ikusten nion azaldu nahi izan diot irakurleari, eta orain berriz irakurrita zenbateraino sentitzen dudan lehenagoko lilura. Oso garaiko modernidaden kokatua da. Sakonki denbora bati errotutako lanek eusten diote denborari. Ez da liburu zaila, giltza aurkitu behar da. Hitzaurrean saiatu naiz pistak ematen. Ez da supermerkatuetan aurkitu daitekeen giltza, berezia da. Giltza aurkitzean erraz joango da irakurketa, nahiz liburu gogorra den». 

«Fantasma propioak eskutik helduta idatzi behar dela dio Saizarbitoriak. Idazleak beharrezkoa izan ez duen libururik ez ezazu irakurri. Ezintasunetik nobela gogoangarria sortu zuen. Gordina eta beharrezkoa da», jarraitu du. «Abenturan sartzera» animatu du jendea, «merezi du eta hunkituko du». Irakurle saiatua eskatzen du bere esanetan, ausarta baino gehiago. 

Azala ere egiteko eskatu zion Ereinek. «Liburuaren gainean irudiak egiten hasi nintzen. Jolasa zen hasieran. Lanean hasi eta koherenzia hartuz joan zen. Nobelarekin akordioan zegoen, tonuan fideltasuna zuen. Lagun artean banatutako edizio pribatua izan zen. Ereinek aukera eman dit edizio publikoa egitekoa. Liburuari omenaldia da, irakurle baten eskerrona agertzen duena».

Paper milimetratu zati bat nobelaren lehen orriaren gainean ipintzearekin sortu zen, Muñozen lehen irudia. «Testuari paper milimetratua txertatzea ‘Ene Jesus’ nobelan zazpinaka kontatzearen parekoa iruditzen zitzaidan: bestelak kode bat, idazketaren kodearekin talka egiten duena, diskutsoaren ordena ukatzen duen ordena geometriko bat, erabat erregularra, beti berbera, lelo bat, errepikakorra, subjektibitatearen ukoa, abstraktua, errealitatearekiko loturarik erabat gabea», azaldu du liburuaren hitzaurrean. 

Beste hainbat gaiez hitz egiteko abagunea hartu du Saizarbitoriak gaur Koldo Mitxelenako aretoan bildu direnekin. «Euskal eremuan eta kultura guztietan desagertu egin da garai haietan zegoen goi literatura eta herrikoiaren –Marcial Lafuente Estefanía edo Corin Tellado– arteko muga. Batu egin da. Ez da produzitzen behe mailako literaturarik, maila altxa egin da. Baina aldi berean esperimentalizazioa egiteko leku gutxiago dago hitzkuntza gehienetan. Literatura kultoan errazagoa zen gauza berriak egitea. Orain gustatzeko eskakizuna du irakurleak. Lehen gutxi saltzen zirenak nahi genituen, orain kutrea da. Literatura ona egiten da orokorrean», egin du gogoeta. 

Edizioaren karietara liburua berriz irakurri duen galdetuta, erantzuna hauxe. «Ez. Guztiekin gertatzen zait gauza bera. Ez dut sekula irakurri nobela bat, gogorra egiten zait».