Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Amatasunari eta zaintzari idatzi die Nerea Baldak hirugarren eleberrian

Zaurgarritasuna, erresilientzia, komunikazioa, belaunaldi arteko tirabirak... dira Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) ‘Zure arnasa zaintzeko’ liburuan harilkatu dituen gaietako batzuk. Denen azpian zaintza dago, bere gazi-gozoak.

Nerea Balda, nobela berria eskuan.
Nerea Balda, nobela berria eskuan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zaintza modu orokorrean hartu du gaitzat Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) ‘Zure arnasa zaintzeko’ liburuan. «Seme-alabena, komunitatearena, lagunen artekoa, norberarena. Hori izan dut abiapuntu», argitu du idazleak astearte honetan egindako aurkezpenean. 

«Amatasunaren inguruko irakurketa-idazketa tailerra eman nuen eta ondoren zaintzen gaia ardatz izan zuen greba orokorra etorri zen. Ondoren tailerra antolatzea eskatu zidaten. Giro hartatik atera zen ideia», kontatu du. Bere gertuko egoera, ezagun zuena eraman du orrietara. Ama-alabaren harremanarekin hasi eta beste hariak gehitu ziren matazara. 

«Harreman horretan protagonistak ama perfektua, ona, izan nahi du. Baina hanka sartzen du, normala den bezala. Ama perfekturik ez baitago. Hankasartzeak berak nola bizi dituen kontatu dut. Liburua irakurri duen lagun batek antiheoi bezala definitu du protagonista», jarraitu du. 

Alize liburuzainak ere badu pisua liburuan.«Liburuak gomendatuko dizkio protagonistak, eta berak, trukean, kantak erakutsi eta jarriko dizkio». Literatura eta musikaren arteko katea. 

Demetrio agurea eta Nunkui haren zaintzailea ere aurkituko ditu irakurleak orrietan. Protagonista da pertsonaie guztien arteko lotura. 

DBHko Euskara eta Literaturako irakaslea, gazteek pantailez egiten duten erabileragatik kezkatuta dago idazlea. Berdin liburu berriko protagonista. «Hogei urte daramatzat nerabeekin harremanean eta azken urteotan etxean ere badut», esan du. Belaunaldien arteko komunikazioari ere erreparatu dio. «Nortasunaren bila dabil alaba, umea da une batzuetan, heldua bestetan», zehaztu du. «Harremanaren alde onak ere agertzen dira liburuan», esan du. 

Musika eta metaliteratura

Musikak presentzia nabarmena du nobelan. ‘Ez nuen jakin hobeto egiten/ oraindik gogoan dut nola hautsi nintzen’ Esanezin taldearen letra entzun eta liburuaren hasierarekin lotu zuen Baldak. Gorka Urbizuren ‘Janela ireki bat zugana/ behar nauzunean naramana/ barneranzko janela txiki bat/ zure arnasa zaintzeko’ letrak, berriz, narrazioaren amaierarekin. Berak eman dio izenburua liburuari. 

«Kanta batzuen letrak literatura dira, eta hauek badira. Metaliteratura dago izenburuan», esan du. 

Idatzi dituen hiru lanek –‘Atzerrian’ izan zen lehena– irabazi dute Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketa eta aurrekoa bezala, ‘Azpimarrak’, Erein argitaletxeak kaleratu du sariketarekin duen akordioari esker.