Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Cesare Paveseren ‘Zure bazterrekoak’ euskarara ekarri du Jon Alonsok

Italiar literaturako klasiko bat –«nik ere nahiko nuke nire liburuak hemendik 80 urtera irakurtzea», aitortu du itzultzaileak berak– ekarri du euskarara Jon Alonsok Katakrak argitaletxearen eskutik: Cesare Paveseren ‘Zure bazterrekoak’. 

Jon Alonso idazlea eta itzultzailea, liburuaren aurkezpenean.
Jon Alonso idazlea eta itzultzailea, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

«Marra bat egin genuen, alegia, hiruki moduko bat: Vergaren ‘Malavogliatarrak’, Vittoriniren ‘Solasaldia Sizilian’ eta Paveseren ‘Zure bazterrekoak’, handik hasi ginen». Italo Calvinoren aipua da, Paveseren (Santo Stefano Belbo, 1908 -Turin 1950) obra honen garrantziaren erakusle. Honek bultzatu du Jon Alonso (Iruñea,1958) lana itzultzera. «Beste liburu batzuk dagoeneko euskaraz daude, tartean Katakrakek ateratakoak daude. Bagoaz osatzen nolabaiteko lerro hori eta horregatik iruditzen zitzaidan interesgarria lehenengo harria ipini zuena, Paveseren liburua, itzultzea», kontatu du.

«XXI. mendean jaiotako italiarrentzat ere arrastoa uzten jarraitzen du», esan du Hedoi Etxarte editoreak. 

«Italiako literatura markatu zuen liburu nagusietako bat da. Idazle izateaz gain eta sarri idazle izan baino lehenago, itzultzaileak izan ziren Pavese, Fenollo eta beste asko. Eta bereziki XX. mendearen hasierako AEBko literaturaren itzultzaileak izan ziren. Eta horrek eragin handi bat izan zuen haien gainean», adierazi du.

Italiako jendartearen ispilua

Bat dator Alonso. «Paveseren kasuan, Faulkner, Steinbeck, Hemingway ere baietz uste dut, belaunaldi galduko idazle batzuk itzuli zituen eta horrek eragin handia egin zion bere literaturan. Itzuli bakarrik ez, Italiako gerraondoko giro literarioko eztabaidetara eraman zituen eta modan jarri».

Iruindarrak beti mirestu du «italiarrek nola adierazi duten zer nolako gizartea den berena literaturaren bidez».

Berto du protagonista ‘Zure bazterrekoak’ liburuak. Espetxetik atera ondoren, Turingo Berto mekanikariak kartzelan ezagutu duen Talino baserritarrarekin landa gunerako bidea hartuko du. Bi munduren talka dago, hiria eta landa eremua. «Calvinok esan zuen Bertoren hitz egiteko moduari dagokionean ez duela egin nahi izan espresionismo dialektala, saiatu da hark konta dezan istorioa gauzak burura datorzkion moduan. Horrek dakar jatorrizkoan, batzuetan, esaldi beraren baitan, aditzetan denborak aldatuz joatea. Horrelako jokoak egiten ditu nahita eta horiek dira liburuaren estiloaren ezaugarri bat», argitu du.

Zalantzak izan ditu euskaratzerakoan. «Bortitzak dira hitz batzuk eta pixka bat goxatu egin ditut, hain gordin gera ez daitezen», esan du. 

Desirak, naturarekiko gorrotoa eta maitasuna aldi berean, horrelako gai unibertsalek dute presentzia liburuan. «Unibertsalak diren pultsioak gizartean eta pertsonengan daudenak. Zeozer izango du, baldin eta 80 urte geroago hondik ere iruditzen baldin bazaigu liburu irakurgarria dela eta aintzat hartzeko modukoa».

Tragedia 

Liburuaren tramaz, hau aurreratu du: «Italiako landa eremuko herri apartatu batean gertatzen den indarkeriazko gertaera bat da. Poliki-poliki egosten doana, hasieran ez duzu horren argi nora joango den hori guztia, badoa bideratzen, nolabait esateko tenperatura igotzen eta azkenean tragedia bat gertatzen da».

Obraren gaurkotasuna nabarmendu du Alonsok. «Ez du galdu gaurkotasunik. Aldi berean imajinatzen duzu 1939an gauzak nola izango ziren Euskal Herrian eta segurutik oso ongi islatzen du hemengoa ere. Hangoa beste paisaia bat da konparatzen baldin baduzu Euskal Herri Kantabrikoarekin, baina konparatzen baldin baduzu Euskal Herriko hegoaldearekin oso antzekoa izan daiteke. Matxismo ikaragarria duen istorioa da eta seguru hemen hori edo gehiago izango zela. Eta gaur egun ere nor noraino gainditu den hori...», azaldu du.