Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Olatua hartuta eta beroari muzin eginez ospatu dute Araba Euskaraz Amurrion

Euskararen taupadak indartu, Pizkundeak hasitako olatuari jarraipena eman... kontzeptu horiek guztiek zentzu handiagoa hartu dute Amurrioko kaleetan igande kiskalgarriari honetan. Aresketa ikastolak antolatutako Araba Euskarazen itzalean babesa hartuta, giharra erakutsi du euskararen munduak.

Aresketa ikastolan hasi da aurtengo Araba Euskarazen festa.
Aresketa ikastolan hasi da aurtengo Araba Euskarazen festa. (Endika PORTILLO)

Iruñeko larunbateko Euskaltzaleen Martxaren oihartzunak bizi-bizirik daude igandean ehunka kilometroetara, Arabako txoko honetan. Goizeko 10etan –28 bat gradu– eman diote hasiera Araba Euskarazen edizio berriari herri dotore honetan, aurten Arabako ikastolen jaia herrietara itzuli baita ‘Taupadak berpiztu!’ lelopean. 

Aiaraldeko eskualde osoa legez, krisi ekonomiko egoera gogorrean murgilduta dago Amurrio. Tubacex katedral huts bat dirudi, herriaren irteeran, metafora bat izango balitz bezala. Metafora baino, errealitate kezkagarria. 

Herriaren goiko aldean dago, talaia batean igota bezala, 1977ean guraso kementsu talde batek sortu zuen Aresketa ikastola. 50 urte beteko ditu datorren urtean. Euskararen militantziagatik sortu zen eta, ordutik, lan horretan ari dira buru-belarri. Fruituak agerian daude; euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak egin dira; baina Udalaren datuen arabera, ordea, herritarren %4k baino ez dute euskara bere egunerokoan erabiltzen normaltasun osoz. 

Ate zabaleko topagunea

Hasiera ekitaldiak babes instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Ikastolen ordezkariekin batera, bertan hitza hartu dute Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Guztiek nabarmendu dute ikastolek hezkuntzan eta euskal gizartean egiten duten ekarpena.

Unai Mendizabalek, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak, argi utzi du
auzolanaren bidea ezinbestekoa dela. Bere hitzetan, Araba Euskaraz ez da jaialdi huts bat, euskaltzaleen bilgunea eta ate zabaleko topagunea baizik. Mendizabalek Aiaraldeko egoera sozioekonomiko zaila gogorarazi du. Egoera horretan, ordea, argi izpi bat piztu dela azpimarratu du: sektore ezberdinen arteko elkartasuna eta antolaketa kolektiboa.

Testuinguru horretan, ikastola eraldaketa horren parte aktiboa izan da azken bost
hamarkadetan, Mendizabalek adierazi duenez: «Eskualde honetako determinazioak erakutsi digu badirela herriak, badirela errotutako proiektuak, eta badagoela etorkizuna kolektiboki eraikitzeko borondate irmoa».

Gogorarazi du ikastolen hezkuntza eredua ez zela sortu euskarak irauteko bakarrik:
«Euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen», aldarrikatu du. Halaber, ikastoletako langile eta gurasoen ezinbesteko lana txalotu du, Iruñean sortutako olatuaren ondotik igandean Amurrion beste olatu indartsu bat sortzen ari direla azpimarratuz.

«Euskara da herri kohesiorako eta gizarte joskintzarako gure lehengai nagusia»

Bere aldetik, Josu Barrenengoak, Amurrioko Aresketa Ikastolako lehendakariak,
auzolanaren balioa eta komunitatearen indarra ekarri ditu gogora: «Denok zerbait ematea, gutxi batzuek dena bere gain hartu behar ez dezaten». Gizarte gero eta anitzagoan gaudela onartuta, Barrenengoak ezinbestekotzat jo du inklusioa sustatzea.

Ildo horretan, mezu sendoa utzi du: «Euskara da herri kohesiorako eta gizarte joskintzarako gure lehengai nagusia, etorkizun partekatu bat eraikitzeko zubia». Duela ia 50 urte ikastolaren lehen adreilua jarri zenetik, bertan hezitako belaunaldiak gaur egun herriaren garapenean motor direla harrotasunez adierazi du. Azkenik, belaunaldi berriei lekukoa hartzeko deia egin die, euskarazko hezkuntza eraldatzailean erreferente izaten jarraitzeko.

Lekukoa, Argantzunera

Trebiñura itzuliko da Araba Euskaraz, 2027. urtean. Hasiera ekitaldian, ohiko lekuko aldaketa ekitaldia ere egin da, eta Argantzun ikastolako ordezkariek jaso dute Arabako ikastolen jaia antolatzeko eginkizuna. Euskara ofiziala ez den Arabako kuadrilla honetan ikastolak haurrak euskaraz hezteko duen funtsezko eginkizuna azpimarratu dute, eta igandean Amurriora bezala, datorren urtean Argantzunera joateko deia egin dute Ikastolako ordezkariek.

Argantzoneko ikastolari datorren urteko Araba Euskarazen lekukoa eman ondoren, Amurrio festa gune bilakatu da.  Bide batez, aitor dezagun aurtengo Araba Euskarazen abestiaren Karibeko doinuek zoragarri doazkio aurtengo festaren giroari. Atera dituzten abanikoak eta biserak ziztu bizian saldu dira. 

Guneetan, itzala eta festa

Hiru gune nagusi atondu dira, adin guztietako jendearentzako proposamenak hartzen ari direnak. Guk lehenengoan, ‘Bihotza parkea’ gunean, bertako itzala ederraren freskotasunean hartu dugu babesa. Bertan zuzeneko saio bat prestatzen harrapatu ditugu, kalean, Aiaraldea.eus hedabidekoak.

Orain dela 16 urte sortu zen tokiko euskarako hedabide honek Aiaraldeko eskualdeko (Bizkaia eta Arabako bederatzi udalerri hartzen ditu bere baitan eskualdeak) errealitatearen berri ematen du. Eta hor dirau. Eskualdearen sena izango al da? Egun Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren partaidea da eta «euskararen biziberritzerako proiektu handiago baten edo globaleko adarretako bat da», argitu digu Txabi Alvarado kazetariak. 

Webguneaz gain, hamabostean behin tabloide formatuko aldizkari bat banatzen dute, doan, eskualdean. «Gurea da proiektu defizitarioa, berez», aitortu digu Alvaradok. 

Eta, gaur egun, zein komunikabide ez da defizitarioa?, galdetu diot nire buruari, handik kilometro batera inguru, Refor kiroldegiaren instalazioetan kokatuta dagoen  bigarren gunerantz noan bitartean. Zuhaitzez inguratuta, mendi lerro ikusgarri baten aurrean, oholtzaren gainean Porrotx eta Marimotots aurkitu ditugu; txikiak, zoratzen. Etorkizuna ez da hain beltza. 

Kontzertuak antolatu dituzte han NUN Gazte Talent, Ganibet, Nafarroa 1512 eta Bad Sound musika taldeekin eta jateko guneak eta haurrentzat txokoa dibertigarriak ikusi ditugu, Eta hirugarren guneak, berriz, Taupadak izenekoa, kirol, musika eta familia aisialdirako jarduerak eskaintzen ditu. Egitarauan zumba saioak, Loa eta Laiaren emanaldiak, Yogurina Borova eta Patxi eta Konpainia, puzgarriak... 

Balorazio oso positiboa

Eguna amaitutakoan, eguna igaro den moduarekin oso pozik ageri dira antolatzaileak. «Balorazioa ezin positiboagoa da; jai giro osasuntsuan eta pozgarrian erakutsi dugu euskarak taupada indartsua duela Araban», adierazi dute.

«Ikastolen mugimendua herri ekimenez eta elkarlanaz eratutako sare zabala da, eta gaurkoan, beste behin ere, agerian geratu da gure komunitatearen indarra. Araba Euskarazen antolakuntzatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Amurriora etorri diren euskaltzale guztiei. Baina, batez ere, esker berezia zor diegu urte osoan zehar eta gaurko egunean lanean jo eta ke aritu diren boluntarioei —ikasle, irakasle zein gurasoei—, baita jaia posible egin duten laguntzaile, babesle, erakunde eta elkarteei ere», erantsi dute.

Emaitza honek «indar berrituta uzten gaitu aurrera begiratzeko», nabarmendu dute. Eta hurrengo urteko hitzordua Argantzunen izango dela berretsi dute, jada horretarako gonbita luzatuz.