Hegoi Belategi-Ion Salgado
Entrevue
Arnaldo Otegi
EH Bilduko idazkari nagusia

«Aukera leihoa itxi nahi dute, eskarmentuarekin gainera»

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia NAIZ Irratian izan da. Bertan hitz egin du Euskal Herriak dituen erronkei buruz, eta aztertu du mundu mailako egoera, bereziki espainiar Estatuarena. Ohartarazi duenez, Trantsizioa babestu zutenek «aukera leihoa itxi nahi dute, eskarmentuarekin gainera».

Arnaldo Otegiren elkarrizketa.

Loading player...
Arnaldo Otegi Naiz Irratian.
Arnaldo Otegi Naiz Irratian. (NAIZ IRRATIA)

«Ustelkeria dago? Noski. Ustelkeria borrokatu behar da? Noski, irmoki. Baina norbaitek pentsatzen du Guardia Zibila ari dela operazio hau egiten ustelkeriaren kontra?». Hala galdetu du Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak astearte honetan NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Beraren hitzetan, trantsizioa aurrera eraman zutenek gaur egungo PSOE «suntsitu» nahi dute, «Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerrak nahi zuten» alderdia berreskuratzeko. «Ez Sanchez hobeagoa edo txarragoa delako, baizik eta Sanchezen aliantza politikei esker hartutako neurriak zalantzan jartzen dituztelako erregimenaern gauza batzuk. Eta hori barkaezina da beraientzak. Eta horretan guade. Aukera lehioa itxi nahi dute, eskarmentuarekin gainera».

Dena den, Otegik argi utzi du marra gorriak badirela, eta finantzazio irregularra muga bat izan daiteke. «Baina ardura handiarekin jokatu behar dugu momentu historiko honetan, jakin badakigulako zer dagon atzean», gaineratu du, Guardia Zibilak Euskal Herrian izandako jokaera gogoratuz. «Badakigu guri zer nolako sumarioak egin dizkiguten», ohartarazi du, ustelkeria erregimenaren berezko arazoa dela azpimarratuz.

Honen aurrean, nabarmendu du «euskaldunok badugula aukera bat gauzak beste era batean egiteko», Estatu propio bat eraikitzen. «Ez dezagun Madrilgo agenda ekarri hona, egin dezagun gure bidea», esan du Naziometroaren emaitzak aztertu ondoren.

Naziometroaren inkestak erakusten du euskal herritarren %40a Euskal Estatu baten alde dagoela, eta %70ak babestu du erabakitzeko eskubidea. Otegiren esanetan, herritar ugari independentziaren ideia talkarekin lotzen dute, espainiar Estatuak Katalunian ezarritako errepresioa gogoratuz. Baina egoera oso ezberdina izango litzateke itunduko erreferendum bat eginez gero. «Horrek aldaketa ekarriko luke ziur». Egoera horretara heltzeko lanean ari direla adierazi du. «Horretan gaude. Lasaitasunez. Hauxe ez delako bukatzen hilabete batean, ezta bi urteetan. Bermatu behar duguna da bidea irekita dagoela, ta bidea irekitzen ari gara».

Eta bide hori gainerako alderdiekin egitearen garrantzia mahaigaineratu du. «Asko hitz egiten da orain Agirre lehendakariaz. Honek egin zuen Gobernu bat non abertzaletasunaren bi familia geunden, baita komunistak eta sozialistak ere», gehitu du, eta gogora ekarri du Alan Iriartek Ipar Euskal Herrian osatutako taldea, baita Joseba Asironek Iruñean egindakoa. Fronte zabalak osatu dituzte, eskuin muturrari aurre eginez. «Ez al da ba hori Agirreren espiritua?», galdetu du Otegik.

«Ez dira egon behar preso politikorik, ez erbesteraturik, ezta errefuxiaturik. Garai hori gainditu behar da. Fase historiko luze bati amaiera eman behar zaio, legakotasuna aplikatuz, ez dugu besterik eskatzen»

Euskal gatazka gainditzeko pausuak eman behar direla ere azaldu du. «Ez dira egon behar preso politikorik, ez erbesteraturik, ezta errefuxiaturik. Garai hori gainditu behar da. Fase historiko luze bati amaiera eman behar zaio, legakotasuna aplikatuz, ez dugu besterik eskatzen. Non dago arazoa? Arazoa dago kultur bat hedatu dela urteetan zehar non salbuespenezko neurriak begi onez ikusi direla. eta orain salbuespenezkotasuna PSOEri aplikatzen diote».

«Garaia da kartzelak husteko eta erbesteratuak itzultzeko. Ez norbaiten kontra egiteko, baizik eta bakea eta elkarbizitza sustatzeko termino sendoetan», esan du ozen. Eta mundu mailan aldarrikatu du «printzipio sozialistetan» oinarritutako gizartea, herrien burujabetza, aberastasunaren banaketa eta arauak errespetatzen dituena. «Mundu multilaterala babesten dugu, arauekin, eta ez orain dagoena», aipatu du Estatu Batuek eta Iranek adostutako akordioa «eszeptizismo» handiarekin hartu duela aitortuz.