Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mendiko eskiko jarduera ezberdinek bat egiten dutenean

Matthias Giraudek Aiguille du Planeko lehen eski-BASE jaitsiera egin duen bitartean, Fay Mannersek eta Marco Malcangik ibilbide berria eskiatu dute Andeetako Ranrapalcan. Bestalde, Marc Oller itsuak Aneto igo eta jaitsi du.

Azken asteotan, mendiko eskiko “erakusleihoa” bete-beteta egon da. Ingurumari honetan zein munduko mendilerro ezberdinetan jarduera oso adierazgarriak egin dira. Lerrootara ekarri ditugun hiru aktibitateek, gainera, ekarpena egin dute. Matthias Girauden sinadura darama lehenbizikoak. Joan den maiatzaren 28an, muturreko jaitsieretan espezialista den frantziarra Chamonixen gainean dagoen ibilbide historiko batekin egin zen. Hain zuzen ere, Giraudek Aiguille du Planeko (3.673 m) iparraldeko aurpegiko lehen eski-BASE jaitsiera egin zuen.

Frantziarrak ingurumari hartako horma zorrotzenetarikoa aukeratu zuen. Horretarako, jakina, alpinismoa, eskia eta BASE jauzia uztartu zituen. Alex Perinet mendi gidariarekin egin zuen igoera. 20 kiloko zama bizkarrera eraman zuen; hots, eskiekin eta parapentearekin batera alpinismoko tresneria bizkar-zakuan sartu zuen. Goizeko 9etan gailurra zapaldu eta gero, eskiak jarri eta 600 metroko ibilbide tente bat jarraitzeko prestatu zen. Tarte jakin batzuetan, 50ºko aldatsak eskiatu behar izan zituen. 

Hortaz gain, jaitsiera horretako une zailenean 60 metroko pare bat rappel egin zituen, eta, ondoren, korridore oso arriskutsu batean sartu zen. Hormaren ia oinarrira iritsi zenean, 55 metroko serac erraldoi bat zain zuen. Hura eskiatzeko aukerarik ez zuenez, jausgailua zabaldu eta hegan egin zuen. 

Andeak

Joan den maiatzaren 28an, berriz, Fay Mannersek eta Marco Malcangik Peruko Mendilerro Zurian dagoen Ranracalpan (6.162 m) ibilbide berri bat eskiatu zuten. Bikoteak dio semilakoaren hego-mendebaldeko ertz batetik eginiko jaitsiera oso nahasia izan zela. “Acceso Momentaneo” (900 m, 5.1, E3) deitu diote lerro berriari.

Mannersek aurreratu du Andeetako bidaia ez zegoela bere asmoen artean: “Himalaiara joateko espediziorik ez dudanez, etxean bertan, Alpeetan, geratu nahi nuen. Baina mendi garaiekin oso lotuta nago, eta Mendilerro Zurian eskarmentu berri bat bizitzera abiatu nintzen. Ez nuen helburu zehatzik, baina, maiz gertatzen den bezala, han zaudenean erronken deiak indarra hartzen du”.

Girora egokitu ostean, bikote hori Vallunarajura (5.686 m) abiatu zen. Baina Morena kanpalekuan zeudela, beste aldera begiratu eta Ranracalparen eta Oschapalcaren artean dagoen lepotik jaisten den marra erakargarri bat ikusi zuten. Alabaina, itxura dramatikoa zuen. Beheko sekzioa oso puskatua (seracak eta arrakala handiak) zegoen bitartean, goikoak irudi adeitsuagoa zuen.

Halere, ikusitako bideak asko erakarri zituen, eta helburu berrian lehen urratsa egin zuten. Lehenbiziko egunean, sekzio arriskutsu horretan marra ageriko bat aurkitu eta kanpaleku nagusira jaitsi ziren. Biharamunean, oso goiz, eskalada oso zorrotzari egin zioten aurre. Artesi arriskutsuak zeharkatu behar izan zituzten, eta elur egoera ezberdinetara egokitu behar izan ziren. Alabaina, 1.200 metroko igoera gorabeheratsua gainditu ondoren, Ranracalpako gailurrera iritsi ziren.

Ondoren, eskiak jarri eta igotako ia ibilbide bera jaitsi zuten. Lehenbiziko zatia oso atsegina izan zen, baina glaziarra eskiatzeak buruhausteak sortu zizkien. Oinarrizko kanpalekura arazorik gabe heldu ziren: “Bertako gidariak txundituta utzi genituen. Esan zuten aukeratutako ibilbideak azken urteotan izan dituen aldaketengatik eskuraezina zela. Guk ahalegin handia egin genuen, eta, zorionez, arrakastarekin amaitu genuen Ranracalpako eskarmentua”.

Aneto

Amaitzeko, Marc Ollerren izena aipatu behar dugu. 49 urteko Jacako mendizale hori itsua da, eta gai izan da Pirinioetako tontor garaiena, hots, Aneto (3.404 m), igo eta eskiekin jaisteko. 15 orduko jarduera izan zen. Hori egiten lehen itsua da. Hil honen lehenbizikoan Oller prest zegoen jarduera hori egiteko. Zortzi mendizaleren laguntza jaso zuen, eta, aurreratu behar da elur eskasiarengatik kondizio txarrak izan zituela.

Tenperaturaren igoerak elur asko urtu zuen, baina mendizale aragoiarra prest zegoen erronka horrekin jarraitzeko. Horregatik, eskiei foka-larruak jarri ordez, igoera oinez eta kranpoiekin egin zuen. Mahoma izeneko igarobidea zeharkatu, Anetoko gailurra zapaldu, eskiak jarri eta Ollerrek jaitsierari ekin zion taldeko baten gidaritzapean.

Zoritxarrez, 2.600 metrora zirela, elurra desagertu, berriro eskiak kendu eta autoa zegoen lekura oinez abiatu zen. Protagonista honek adierazi du, eskiekin eginiko jaitsiera oso atsegina izan zela; ez, ordea, oinez eginiko azken sekzioa. Izan ere, harri handien, erreken eta elurtegien artean ibili zen. Azken hiru kilometroak sei ordu eta erdian egin zituen.