NAIZ

Plazandreak aurkeztu dute, 'prime-timean' Bilboko Esperantzan jokatuko den txapelketa

Uztailaren 6an hasi eta bost astelehenez jarraian jokatuko da txapelketa aipaturiko Bilboko pilotalekuan. Bakarka –lau pilotari– eta bikoteka –beste lau– arituko diren pilotariek bina partida jokatuko dituzte eta bi onenek abuztuaren 10erako iragarrita dagoen finalerako sailkatuko dira.

Plazandreak txapelketan parte hartuko duten pilotariak, ostegun honetan, Bilbon.
Plazandreak txapelketan parte hartuko duten pilotariak, ostegun honetan, Bilbon. (EMAKUME MASTER CUP)

Azken hamarkada honetan emakumezkoen esku pilotak ikaragarrizko garapena izan duen arren, ikusgarritasunak eta erreferentzialtasunak erronka handia izaten jarraitzen dute. Bide horretan, Plazandreak txapelketa bere ale garrantzitsua ekartzera dator.

Garrantzitsua, alde batetik emakumezkoen esku pilota erdigunera ekarriko duelako, Bilboko, Euskal Herriko metropoliaren erdian kokatuta dagoen Esperantza pilotalekuan jokatuko delako, kirol hau publiko zabalari gerturatuz; eta beste alde batetik, EiTBren Prime-Timea beteko duelako, uztailaren 6an hasi eta bost astelehenez jarraian. 

Erronka handia da, beraz, eta antolatzaileak bezala pilotariak, euren onena emateko irrikaz daude, aukera eder honi ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Antolatzaileen kasuan, garaiko espezialistarik onenak jarriko dituzte lehian, Plazandreak txapelketak berezkoa duen eran, jaialdi bakoitzean binakako eta kaiolako partida bikain bana jarrita.

Izenei erreparatuta, egungo espezialistarik onenak ikusiko ditugu lehian. Lau bikote arituko dira: Arrizabalaga-Bergara, Aldai-Arrillaga, Zabaleta-Mendizabal eta Salsamendi-Capellan. Eta baita bakarka arituko diren beste lau pilotari ere izango dira: Gaminde, Etxegarai, Erasun eta Ibarrola. 

Nabarmendu beharra dago, iaz binaka txapela jantzi zuten Ibarrola eta Gamindek kaiolan arituko direla aurten eta, egungo Binakako eta Banakako txapelduna eta iaz horren itxura ederra emanda kaiolako txapela jantzi zuen Itsaso Erasun elkarren aurka ikusteko aukerak ikusmin handia piztu du. Binakakoak ere, hasiera batean behintzat, lehen mailako ikuskizuna bermatzen duela dirudi, egungo aurrelaririk ikusgarrienek bertan parte hartuko dutelako.

Bakarka eta bikoteka arituko diren pilotariek bina partida jokatuko dituzte eta bi onenek abuztuaren 10erako iragarrita dagoen finalerako sailkatuko dira. 

Kirol guztiek dituzte euren kantxa eta estadio kuttunak eta Bilboko Esperantza pilotalekua ere erreferentziazkoa bilakatzen ari da emakumezkoen esku pilotan bere kokapen eta neurriei esker, eta aurten ere, Plazandreak saioko jaialdi guztiak Bizkaiko hiriburuko bihotzean kokatutako pilotaleku xarmantean jokatuko dira.