
Sanjoanetako txupinazoa botatzen goiztiarrenak Tolosa eta Andoain izango dira, ostiral honetan bertan zabalduko baitute ofizialki jai egitaraua. Tolosan arratsaldeko 18.00etan botako dute suziria Udaletxeko balkoitik eta egitaraua datorren asteazkenera arte luzatuko da. Aurten txupinazoa botatzeko ardura izango duen taldea Tolosaldeko Arraun Kluba izango da, herri honen izena estropadaz estropada lau haizeetara zabaltzeko eta emakumezkoen kirolaren alde egindako bidea eskertzeko.
Larunbatean, ekainak 20, kuadrilla egunaren txanda izango da. Aurten, Zerkausian elkartuko dira egunari hasiera emateko (eguerdiko 12etan), Oria ibaian baltsa-jaitsiera amaitu ondoren.
Iganderako, ekainak 21, bertsolariak eta herri kirolak daude iragarrita; astelehenean, Urkizun Et Incarnatus Orkestraren solstizio kontzertua izango da; asteartean, San Joan su txikia eta haundia; eta asteazkenean, ohiko eskopetariak eta bordodantzariak ibiliko dira kalez kale. Aurten, Batasuna elkarteak antolatzen duen sagardo txapelketa ekainaren 27ra atzeratu da.
Musika eskaintzari dagokienez, herriko musika-talde eta txarangen urteroko ikuskizunez gain, Nhil, Añube, DJ Rani, Txaston Dixie Band, Laket taldea, Alarma Morea, Joxe Mendizabal, Neomak eta Muxutruk eta Puro Relajo entzuteko aukera izango da.
Albiste honen establezimendu laguntzaileak: Borobil, Iurre taberna.

Andoainen, jaietako zapia
Andoainen ere ostiralean botako dute txupinazoa, arratsaldeko 19.00etan, aurten Joxemari Oiartzabal Beloki musikariaren eskutik. Herritar honek sortua da Andoaingo ereserkia eta danborradako zein inauterietako 50 pieza inguru konpondu eta instrumentatu ditu, edozein talde edo esparrutan kalitate profesionalarekin jo ahal izateko.
Aurtengo berritasunen artean, aipatzekoa da lehen aldiz San Juan jaietako zapia sortu dela. Herritarrek aukeratutako diseinua Hilario Rodeiro andoaindarrak egin du eta dagoeneko salgai dago herriko 38 saltokitan.
Egitaraua asteazkenera arte luzatuko da. San Juan sua astearte gauean piztuko da, ohikoa den moduan kanpai-errepika eta txalapartariekin. Ondoren, suaren inguruko zortzikoa dantzatuko dute eta Alberto Agirre eta Udal Musika Eskolako abesbatzak, Udal Musika Eskolako banda eta Olagain Txistulari bandaren emanaldia izango da, Urki dantza taldearen emanaldiarekin amaitzeko. San Juan egunean, axeri-dantza, herri kirolak, bertso jaialdia, erromeria eta kalejira piroteknikoa izango dira.
Musika arloari dagokionez, ostiralean Marea, Platero y tú eta Extremoduroren tributoa daude iragarrita; larunbatean, Su ta Gar eta Makala DJ; igandean, Puro Relajo; astelehenean, rap, trap eta DJ saioak izango dira; asteartean, Queen tributoa, Mirua, Bengo eta Siwanaba DJa. Eta asteazkenean, Trikidantz erromeria.
Albiste honen establezimendu laguntzaileak: Xixori belar denda, Andoaingo udala, Autoescuela Vallina, Mapfre aseguroak, Elizondo taberna.

Arrasaten, jaio-berriei zapia
Arrasaten, bestalde, larunbatean (ekainak 20) abiatuko dira jai ekitaldiak eta datorren larunbatera arte luzatuko dira. Aurtengo egitarauan ahalegin berezia egin dute haur eta gazteentzako eskaintza zabaltzeko eta herritarren iradokizunak txertatzeko.
Gazte olinpiadak larunbatean ospatuko dira –aurten 68 kuadrilla eta mila gazte inguruk hartuko du parte–, eta igandean, lehenbiziko aldiz, jaio-berriei ongietorri zapia emango zaie Udaletxeko pleno aretoan. Asteartean herriko plazan makala jasoko dute herriko gazteek aintzinako ohiturari jarraituz eta ondoren errementari dantza eta San Juan sua daude iragarrita; asteazkenean, San Juan eguna ospatuko dute; eta ostegunean haurren eta gaztetxoen eguna.
Txosnen irekiera eta pregoia astearte eguerdian egingo dute, eta bertan egitarau zabala prestatu dute egun hauetarako, honako ekitaldiekin: gazte bazkaria eta Zatekeen erromeria asteartean; haur eta helduentzako DJa eta kontzertuak asteazkenean; Palestinaren aldeko argazki herrikoia eta Bele, Maruxak eta Brigade Loco taldeen kontzertuak ostegunean; eta Etxepe, La Txama eta Merina Gris taldeen kontzertuak ostiralean (ekainak 26).
Egitarau ofizialeko musika emanaldiak, honako hauek izango dira: Sei Pistols eta Trabuko Bat ostiralean (ekainak 19); Fitoskins eta Gozategi (larunbata 20); Ein Go taldea (igandea 21); Fillas de Cassandra eta Oxabi (asteazkena 24); Oihan Vega (osteguna 25); La Perra Blanco (ostirala 26); eta “Hauspoa eta tunela” dokumentala aurkezteko kontzertua larunbatean (ekainak 27), Gorka Hermosa akordeoilariarekin eta hainbat gonbidaturekin.
Albiste honen establezimendu laguntzaileak: Agirre-etxe Coviran, Elma taberna, EreindaJan, Aldedi burdindegia, JMA-IFAM, Kajoi taberna, Larrinetxe jatetxea, Takolo autoak.

Eibarren, ia hilabete osoko egitaraua
Eibarren, azkenik, San Juan bezperan botako dute txupinazoa, astearte eguerdian (ekainak 23). Hala eta guztiz ere, jai ekitaldiak ia hilabete osoan zehar luzatuko dira. Izan ere, programazioa ekainaren 4an hasi zen eta hilaren 27ra arte luzatuko da kultura, kirola, tradizioa eta familientzako jarduera ugarirekin.
Ostiral honetan, pilota eskola partidak, Ballet Eibarres taldearen emanaldia eta kontzertuak izango dira, Maialen Ibarra, Kaparrak eta Emeka taldeekin. Musika arloarekin jarraituz, larunbatean (ekainak 20) Jonkass eta Leire Martinezen eskutik kontzertua izango da Untzaga plazan.
Asteartean (ekainak 23), kuadrillak aterako dira kalejiran eta, ohikoa den moduan, ongi-etorria egingo zaie Lizarrako dultzaineroei, jarraian Udaletxeko pregoira abiatzeko. San Juan sua gaueko 23.30ean piztuko dute «…eta Kitto!» elkartearen eskutik.
Albiste honen establezimendu laguntzaileak: Acitain gasolindegia, LAB Eibar.
Sanjoanak ospatuko dituen Gipuzkoako beste herria da Hernani. Jaien hasiera ofiziala asteartean izango da, akelarrea, San Joan erronda eta San Joan suarekin; baina egitaraua ostiral honetan zabalduko da Hernaniko Akelarrearen 40. urteurrenaren erakusketarekin. Larunbatean (ekainak 20) udako solstizioa ikuskizuna izango da Chillida Lekun; eta igandean (ekainak 21) palankari proba, plater tiraketa eta xake topaketa jokatuko dira. Hernaniko jaietako informazio zabalagoa albiste honetan aurkitu daiteke.

Fiscalía pide 30 años para cinco presos y expresos por la muerte de Ordóñez hace tres décadas

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

Madrid encaja el independentismo vasco en un informe sobre terrorismo de Europol

El jefe de Policía de Santurtzi se marcha, con la muerte de Ander y la OPE aún sin aclarar


