
Pasaiko Albaola Itsas Kultur Faktoriako pantalanean egin da asteartean Atlantic Challenge Basque Team taldearen aurkezpen ofiziala. Zazpi herrialdeetako hainbat herritako gaztez osatutako talde honek Euskal Herria ordezkatuko du Atlantic Challenge Internationalen, munduko nabigazio tradizionaleko nazioarteko topaketa garrantzitsuenetako batean.
Lehiaketa uztailaren 6tik 13ra bitartean egingo da Roskilde (Danimarka) hirian, eta itsas tradizio sendoa duten hainbat herrialdetako taldeak bilduko ditu, besteak beste, Belgika, Kanada, Danimarka, Estatu frantsesa, Britainia Handia, Irlanda, Ipar Irlanda, Italia eta Estatu Batuetakoak.

Aurkezpenean espedizioko 17 kideak aurkeztu dira, baita lehiatzeko erabiliko duten ontzia ere: ‘Lafayette’ Bantry Yola. Tripulazioaren buru Ane Miren Miralles, mota honetako frogetan esperientzia gehien duen taldekideetako bat, eta Eider Arruti izango dira. Albaolako kide ere bada azken hau, arraunlari lehiakorra eta Orioko Arraun Elkarteko entrenatzaile ohia.
Irizar eta Laboral Kutxak babesten dute ekimena eta Negua Extreme-k ekipamendu ofizialaren zati bat babestu du.
Basque Team taldearen itzulera
2026ko edizioak esanahi berezia izango du; izan ere, Atlantic Challenge Internationalen euskal talde propio baten itzulera ekarriko du. Aurreko zenbait ediziotan euskal ordezkaritza egon bada ere, International Team delakoaren bidez –herrialde ezberdinetako gazteek osatutako taldea–, oraingoan berriz ere Euskal Herriak bere talde propioa izango du.

Gainera, topaketa 2016an euskal tripulazio oso batek azken aldiz parte hartu zuen hiri berean egingo da, hamar urte geroagoko itzulera honen sinbolismoa indartuz.
Basque Team-en Atlantic Challengeko parte-hartzea Albaolak ia hiru hamarkadaz garatu duen eta jarraitzen duen misioaren parte da: itsastartasuna gure gizartearen nortasunaren funtsezko osagai gisa berreskuratzen laguntzea.
Atlantic Challenge bezalako ekimenen bidez, Albaolak itsasoa belaunaldi berriei berriz hurbiltzeko lan egiten du. Nabigazio tradizionaleko teknikak ikasteaz harago, helburua gazteen artean itsas ondarearekiko interesa piztea, haien parte-hartzea sustatzea eta itsas kultura gaur egun ere bizirik dagoen errealitatea dela erakustea da; ezagutza, lankidetza eta aukera berriak sortzeko gai den errealitatea.
Erronka honetan parte hartzeko prestaketa entrenamendu fisikotik harago doa. Tripulazioko kideek arrauna, bela bidezko nabigazioa, erreskate-maniobrak, orientazioa, sokagintza eta nabigazio tradizionalari lotutako bestelako teknikak landu dituzte.

Era berean, zuzenean parte hartu dute lehiatuko diren ontziaren mantentze- eta prestaketa-lanetan. ‘Lafayette’ XVIII. mendeko frantziar yola baten erreplika da, 2015ean Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikia.
Nazioarteko hezkuntza-ekimena
1984an sortua, Atlantic Challenge International lehiaketa baino askoz gehiago da. Bi urtez behin hainbat herrialdetako gazteak elkartzen dituen nazioarteko hezkuntza- proiektua da, nabigazio tradizionala, kultura-trukea eta elkarlaneko ikaskuntza ardatz dituena.
Itsas probak alderdirik ikusgarriena badira ere, helburu nagusia honako balio hauek transmititzea da: talde-lana, berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, adostasuna lortzeko gaitasuna, norberaren erantzukizuna, zailtasunei aurrea hartzea eta kultura- nahiz itsas ondarearekiko sentsibilizazioa.
Tripulazio guztiak mistoak dira, eta parte-hartzaile guztiek ontziko edozein eginkizun betetzeko prestatuta egon behar dute, erronka guztiak elkarlanean gainditzeko.

Hernaniko segadan atxilotu eta 29 urte preso eman zituen Garratz Zabarte hil da

Salud desaconseja el baño en 11 playas de Bizkaia y Gipuzkoa por la calidad del agua

La familia de Ander quiere esclarecer los hechos que acabaron con su vida

«Había gente que vivía en Irulegi mil años antes de los vascones que escribieron en la Mano»
