Joan den ekainaren 21ean, Hike&Fly modalitatea jasotzen duen X-Pyr lasterketak edizio berri bat hasi zuen. Hain zuzen ere, kirolariek Hondarribian egin zituzten lehen urratsak; azkenak, berriz, El Port de La Selvan (Girona). Hots, Pirinioetako mendilerroa punta batetik bestera zeharkatu zuten. Denera, 529 kilometro.
Arauak oso «soilak» dira: oinez eta parapentean hegan egin zeharkaldi hori biribildu ahal izateko. Beste era batera esanda, aire kirolarekin lotutako lasterketa da, baina oinez-korrikako jarduna gehitu behar zaio. Bi urtean behin egiten den lasterketa horretan 50 kirolarik parte hartu zuten, eta 36k aukera izan zuten helmugara iristeko. Aurtengo ekitaldiak, gainera, maila handia izan du; izan ere, hamar-hamabi kirolari elitekoak ziren. Eta zalantzarik gabe, lasterketari plus bat erantsi zioten.
Horren isla da garailearen izena: Chrigel Maurer. Kirolari suitzarrak bosgarren aldiz jarraian irabazi du X-Pyr proba. Askok diote historiako gidari onena dela. Eta ez da harritzekoa baieztapen hori. Adibide bat: Maurerrek 529 kilometroko zeharkaldia 79 ordutan egin zuen. Errekor zoroa askorentzat. Lasterketan zehar ikusi dutenek adierazpen irmo batekin laburbildu dute suitzarraren lana: irakurketa aerologikoaren erakustaldi magistrala.
Errekor horrekin batera, antolatzaileek beste arlo bat azpimarratu nahi izan dute: emakumezkoen parte-hartzea. Sei izan ziren Hondarribiko irteera puntuan, eta erdia helmugara iritsi zen. Elisa Deutschmann alemana gailendu zen, eta sailkapen absolutuan 21. postua sinatu zuen.
Euskal kirolariei dagokienez, Romain Larripa 16. postuan iritsi zen, Mattin Iñiguez 22.ean eta Aner Bueno 24.ean.
Ikusgarria
X-Pyr lasterketako kirolariek ez zuten batere samur izan klimarekin. Hondarribian bero itogarria egin zien: 40 ºCko tenperatura. Eta kondizio horiekin lehen etapan 15 kilometro egin behar izan zituzten Larrungo tontorrera heltzeko eta, ondoren, parapentearen hegala zabaltzeko. Bederen, bigarren eite horretarako baldintza egokiak zituzten. Ondorengo etapetan antzeko eguraldia izan zuten. Jakina, hegaldietan, batez ere altuera handietan, tenperatura jaisten zen. Gogoratu behar dugu, gehienez, hegalariak 4.200 metroko altuera har dezakeela. Hori da muga. Garaiera horietatik, bederen, aukera paregabea izan zuten Pirinioetako gailur nagusiak gainetik ikusteko.
Horretaz gain, 529 kilometroko zeharkaldi horretan derrigorrez zazpi pasagunetan kirolariak sinatu egin behar du. Jakina, baieztatzeko puntu horretatik igaro direla. Estrategiaren aldetik gidariak bikain kudeatu eta aztertu behar ditu erabakiak: erliebea, haizea, egoera fisikoa, lainoen eboluzioa… Horrek guztiak garaipena edo lasterketa bertan behera uztera ekar ditzake.
Parapenteko proba bat dirudi, baina, aurreratu dugunez, erresistentzia fisikoa eta orientazioa uztartzen ditu. 7-10 kiloko motxila arin batekin korronte termiko onenak aprobetxatu behar dituzte ahalik eta kilometro gutxien oinez egiteko.
Iñigo Redin egungo Nafarroako Aire Kirol Federazioko lehendakariak eta lasterketaren antolatzaileak X-Pyr lasterketaren arima edo esentzia bikain definitzen du: «Giza erresistentziaren, hegan egiteko askatasunaren eta, beste ezeren gainetik, mendiarekiko erabateko errespetuaren ospakizuna da».

EHUko errektorearen aurka esandakoak zuzendu ditu Antxustegik (EAJ): «Hanka sartu nuen»

La ‘cabeza de Baco’ sustraída por un ex alto cargo del PNV llega 50 años después al museo Bibat

Una correctora corrobora que el sistema es «muy garantista» y se puede «sacar un cero y menos»

Salud desaconseja el baño en 11 playas de Bizkaia y Gipuzkoa por la calidad del agua

