Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Udaldia, oporrak eta estatusak

Uda giroa Hondarribiko hondartzan.
Uda giroa Hondarribiko hondartzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kamio, udako oporrak aurten ez zaizkizu nahi bezala atera, baina ez ernegatzea erabaki duzu. Datorrena datorren bezala hartzearen kontzientzia modu latzean iltzatu zizuten barren-barrenean memoria aktibatu zitzaizun istant berean, eta Pepe Mujicaren hitzak errepikatzen dizkiozu zeure buruari errenkada amaigabe batez: «Edo gutxirekin zoriontsu izaten eta ekipaje arinarekin joaten ikasten duzu, edo ez duzu ezer lortuko».

Haurrak udaleku irekietara eta itxietara apuntatu dituzu eta familia osoa hartuta oporretara joateko aukera izango duzula ere jabetzen zara. Alboan esertzen zaizkizunak haien udako planak errepikatzen dizkizute behin eta berriro, hasi, gaur, uztailak 1ean hasten baita askorentzat udaldia. Badira paradisu urrunetara joango direnak, nonahi guraso eta aitona-amonek erositako etxeak dituztenak, uda urteko festarik handiena balitz bezala bizi dutenak eta bi hilabeteko oporraldia abiatzeak ematen dien estatusa hanpatzen dutenak.

1.175 zergadunek 1.635,7 milioiko zorra dute Hego Euskal Herriko ogasunekin. Mugikorra esku artean hartu eta kalkulagailura jo duzu zuzenean, emaitza zein den jakiteak sortu dizun irrika baretzeko. Damutu egin zara; hobe zenbakia begi bistatik kentzea. Gizartearen doilortasunaz jabetu zara berriro, aukera berdintasun gero eta urriagoaz.

Bi hilabeteko oporraldia izango bazenu, zein ondo zeundekeen pentsatu duzu, atsekabez. Kokondo baten azpian, eguzkiak eta itzalak borrokatzen duten eremu horretan irudikatu duzu zeure burua, olatuen joan-etorriak eman ohi dizun lasaitasunean eztiki kulunkatuta eta ogasunekin zenituzkeen zorrak zeure buruhausteen gudu eremutik alboratuta.

Ez egin, ordea, eskuratzea ezinezkoa zaizun ametsik. Zoaz Nafarroara oporretara eta egin paradisua inork zapal ez ditzakeen lurretan, Kamio, hori izango baita uki dezakezun zoriontasun bakarra, daukazun bizi-maleta arin horrek besterik emango ez dizuna.