Ikasle transen ongizatea bermatzeko estrategiak aztergai
Miramar jauregiak genero identitateei eta hezkuntzari buruzko EHUren Udako Ikastaroa hartu du aste honetan. Adituek ikasle transek eskolan dituzten oztopoak jarri dituzte mahai gainean, eta irakasleen prestakuntza zein babes-protokoloak berritzeko eta eremu erosoak sortzeko premia agerrarazi dute.

H arrotasunaren Eguna igaro berritan, Donostiako Miramar jauregian egiten ari ziren EHUren Udako Ikastaroetan ‘Genero identitateak ulertzen. Gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik gerturaketa’ izeneko saioa hasi zuten astelehenean. Bi eguneko ikastaroak honako helburuak zituen: genero identitatea zer den ulertzea; transen errealitate ezberdinak mahaigaineratzen dituzten faktoreen inguruko kontzientzia hartzea; beharrezkoa den ikuspegi sexologikoa eskaintzea; trans identitateek egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoez jabetzea; gizarte aldaketa bat bultzatzeko, eremu ezberdinetan aurrera eraman daitezkeen aldaketa edota ekimenak proposatzea, eta trans errealitateak ezagutzea.
Lehen atalean generoa zer den eta nola eraikitzen den aztertu zuten. Modu horretan, aurrerago landu beharreko gaien oinarriak kokatu zituzten, eta, gainera, Aritz Resines Ruizen eskutik ‘Generoaren eragina sexualitatearen begirada binarioan’ aztertzeko tartea izan zuten. Hizlariak entzun ondoren, zalantzak argitzeko tartea izan zuten, baita ekarpenak egitekoa ere. Hala bukatu zen goizaren lehen erdia.
Atsedenalditik bueltan, hezkuntzari begira jarri zen saioa: ‘Trans identitateak Hezkuntza Sisteman txertatzeko gakoak’ aztertu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Olatz Etxebarria Perez de Nanclaresek, eta “EAEko ikastetxeetarako protokoloa, ikasle transei eta haien familiei laguntzeko” izan zen Marivi Fernandez Roldanen gaia.
Etxebarriak, irakaslea izateaz gain ikertzaile ere badenak, pertsona transen egoera eta hezkuntzan duten errealitatea izan ditu ardatz bere ikerketan. «Irakasleon helburua da gure ikasle guztiei hezkuntza aske eta oso bat eskaintzea, baina hutsune asko daude», esan zuen Etxebarriak, eta pertsona trans gehiago daudela gizartean eta, beraz, ikastetxeetan ere bai, eta horrek hutsunea nabarmenagoa egiten duela.
Bere ikerketa egiteko elkarrizketatutako jendearen esperientziak ekarri zituen gogora: jende trans askok esaten du hezkuntza eremuetan ez zuela bere burua zen bezalakoa aurkezten beldurragatik. «Maiz entzun dut gizarte aldaketa datorrela behin zapalduak ahotsa altxatzen duenean, eta ez nago horrekin ados», aitortu zuen ikertzaileak.
Generoa eta arraza mailaketa sozialerako eta botererako sarbiderako ezaugarri moduan erabiltzen direla esan zuen hizlariak, eta horregatik, gizartean oro har, eta hezkuntzan ere emakume beltz transek jasaten dutela diskriminazio handiagoa. Pribilegiotik hasi behar omen dira aldaketak: «Pertsona zuri, zis eta heterosexuala izateak ematen duen pribilegioa aprobetxatuz hasi behar da aldaketak egiten». Ideia hori izan zen bere ikerketaren abiapuntua.
«Argi nuen nire ikerketan nondik abiatu nahi nuen. Gizarte eraikuntza bat baldin bada, gizarte aldetik konpondu beharreko gai bat zela ulertu nuen, ez ikuspegi kliniko bat», argitu zuen ikertzaileak. Hala, bere ikerketa gauzatzeko bidean, datu-baseetatik informazioa bildu eta analisiak egiteaz gain, aurrez aurreko elkarrizketak ere egin zituen.
Aldaketarako eremuak
Hezkuntzaren eremuari dagokionez, konturatu zen hainbat hutsune daudela garatzeko; lehena, irakasleen prestakuntza. Eman zuen adibide nagusiaren arabera, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan identitatearekiko onartzen diren jarrera asko Bigarren Hezkuntzan ez dira aitortuak izaten.
Horrez gain, jakin ahal izan dutenez, ikasle batek genero-trantsizio prozesua burutu ondoren ere haren izen zaharra erabiltzen jarraitzen dute irakasle eta ikaskideetako askok: «Nahiz eta jakin trantsizioa egin duela, paperetan izen zaharra agertzen denez, batzuek erabili beharko ez litzatekeen izen hori erabiltzen dute, eta, noski, hori ere zapalkuntza bat da».
Irakasleak ondo prestatuta ez egoteak pertsona horien ongizate emozionalean eragin izugarria izan dezakeela azpimarratu zuen Etxebarriak: antsietatea, isolamendua, segurtasun falta, autoestimua gutxitzea eta depresio sintomak eragin diezazkiekete.
Hezkuntza eremua erosoa ez izateak absentismoa ere badakar, eta deserosotasuna sortzen duten gaien artean, uniformea gai garrantzitsutzat jo zuen: «Trans pertsona bat bere identitatearekin bat ez datorren arropa janztera behartzen dutenean sentitu dezakeen zapalkuntza handia da. Gainera, uniformeak, hezkuntza sistema bezala, erabat binarioak dira».
Beste hainbat hutsune eta behar identifikatu zituen Olatz Etxebarriak, baina horiei buelta ematen hasteko aukera batzuk ere planteatu zituen. Lehenik, aipatu zuen espazio neutroak izan daitezkeela hasierako pausoa. Hala ere, argi azaldu zuen aldaketak eragiteko beharrezkoa dena legedia eta hezkuntza politika berriak direla.
Protokoloak berrituz
Hari horri tiraka, Marivi Fernandez Roldanek, Berritzeguneko protokoloaren arduradunak, gogoratu zuen lehen trans protokoloa 2016an sortu zela, transei eta haien familiei laguntzeko helburuarekin, baina «xumea» zela. Tresna martxan jarri zuten, baina urteek aurrera egin ahala berritzeko beharra sortu zen; beraz, Berritzegunearen bitartez, Naizen eta Berdindu taldeekin batera, 2024an hezkuntzan protokolo berria jarri zuten martxan.
«Hezkuntza sistema oso binarioa da gaur egun, eta horrekin haustea zaila da. Horregatik, trans protokoloak binariotasunetik jorratzen du gaia oraindik», esan zuen Fernandezek. Protokolo honek ere ikaslea babestea eta laguntzea du helburu, eta horretarako beharrezkoena entzuten jakitea dela esan zuen.
Irakasleek akonpainamendu lanak egiten ikastea da lehenengo pausoa, eta horretarako entzuteko tarteak eskaini behar dira. «Ez dugu objektuekin lan egiten, pertsonak dira, eta laguntzeko gaude», aldarrikatu zuen Berritzeguneko protokoloaren arduradunak.
Akonpainamendu hori egiteko orduan, alor ezberdinak kontuan hartzen dituztela esan zuen: «Kontuan hartu behar da ikaslearen nahia zein den, eta horren arabera jokatu; bestalde, erreferentziazko irakasle bat ezarri behar zaio, eta gune erosoak sortu lasai hitz egiteko». Gainera, gurasoekin harreman egokiak egitea ere garrantzitsua dela esan zuen, eta komunikazioak kontuz egin behar direla.
2024. urtetik martxan dagoen protokoloa kontuan hartuta, irakasleen prestakuntza beharrezkoa dela esan zuen, batik bat ikastaroak jasotzea eta ondoren horietan ikasitakoa ondo aplikatzen jakitea. Protokoloaren inguruan irakasleek informazio guztia izatea beharrezkoa da: «Tokian tokiko legeak jakin behar dira; era horretan, jokatzeko bidea zein den jakiteaz gain, irakasleak bere burua ere babestuta duelako».
Babesa eta entzutea dira, hortaz, ardatz nagusiak pertsona transek eraso zein deserosotasunik gabe hezkuntzan bidea egin dezaten. «Zis pertsonak izateko era bakarra ez dagoen moduan, trans izateko ere modu ezberdinak daude, eta hori da kontuan hartu beharreko puntu nagusia», azpimarratu zuen amaieran Etxebarriak.
Bi hizlariak bat agertu ziren: hezkuntzan pertsona transekiko egoera desegokiak edo erasoak gertatzen diren uneetan, edota pertsona horrek trantsizioa hasi nahi duela erabakitzen duenean, fokua pertsona horrengan jarri behar da, berak nahi duen bideari jarraituz eta une oro babesa emanez.

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

Fallece un montañero de Urnieta cuando descendía del Pic du Midi d’Ossau

La ‘cabeza de Baco’ sustraída por un ex alto cargo del PNV llega 50 años después al museo Bibat

«Nosotros invertimos 13 millones en el Bilbao BBK Live y la ayuda pública no llega al millón»
