Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Seumas O’Kellyren ‘Ehulearen hilobia’ ekarri du euskarara Unai Elorriagak Igelarekin

Seumas O’Kellyren ‘Ehulearen hilobia’ liburua euskaraz irakur daiteke aurrerantzean. Unai Elorriaga arduratu da itzulpenaz. Hil berria den laguna ehortzi nahi eta ezin aurkitu hilobia. Adineko bi agureen elkarrizketa umoretsua da liburuaren ardatza, irlandar komunitatearen isla.

Unai Elorriaga eta Inazio Mujika Iraola, aurkezpenean.
Unai Elorriaga eta Inazio Mujika Iraola, aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Seumas O’Kellyren ‘Ehulearen hilobia’ ekarri du euskarara Unai Elorriagak. Igelak eman du argitara. «Proposamena Elorriagarena berarena izan da. Autorea ez nuen ezagutzen», aitortu du Inazio Mujika Iraola editoreak.

Egilearen maisulantzat hartzen da ‘Ehulearen hilobia’. Egilea hil ondoren, 1919an, ikusi zuen argia. Literatura irlandarreko antologia gehienetan agertzen da. 

O'Kellyk (Loughrea, 1881- Dublin, 1918) kazetaritza izan zuen ofizio. ‘Nationality’ egunkarian aritu zen lanean. Hantxe aurkitu zuen heriotza 38 urte zituela, garuneko odoljario baten ondorioz, erredakzioan sartu ziren soldadu britainiar batzuekin izandako liskar baten ondorioz. «Hil zen garaian bor-borrean zegoen independentzia eskaera», gogoratu du Mujika Iraolak. 

Sinn Feinn-en inguruan ibili zen. Herri kultura sustatzeari eskaini zion bere jarduna. «Nazionalismo kulturalarekin lotua, Irlandan Berpizkunde literarioko kide izan zen, nahiz ingelesez egin zuen, ez gaelikoz. Ez zen hainbeste literaturgilea, kulturgilea baizik», adierazi dute gaurko aurkezpenean. 

Antzerkigintzan egindako lanek egin zuten ezagun Irlandan O’Kelly. Horrez gain, bi nobela eta lau ipuin liburu ditu. Poeta eta idazlea James Joyceren lankide izan zen Dublingo University Collegen. 

Irlandar komunitatea islatzen dute ‘Ehulearen hilobia’ liburuko orriek, herri hizkera barne, eta era berean unibertsala da. «Irlandan klasiko txikia da liburu hau. Herriko ehule ospetsua du protagonista, Mortimer. Hil egin da, familiaren hilobian lurperatu behar dute eta inork ez daki non dagoen. Andre gaztea –nahiko isilik dago liburuan zehar–, lagunak izandako bi agure– dira pertsonaiak. Azken bi hauen arteko eztabaida da liburuaren mamia. Bi lurperatzaile ere agertzen dira», kontatu du editoreak. 

Antzerki kutsu nabaria du. «Euskaraz egin liteke antzezlana», esan dute. 

Baita «lehen begiratuan antzematen ez den bertutea» ere Mujika Iraolaren esanetan. «Maisutasuna erakusten du istorio txikia gizakiari buruzko gogoeta handi bihurtzean. Memoriaren gaineko erreflexioak ere eman dit atentzioa. Ez da ez memoria historiko handia, ahoz aho transmititzen dena baizik. Ez dago maparik, pertsonen buruan dago hilerria», zehaztu du. Herriko biztanleak zahartu eta burua lehen bezala ez daukatenean hasiko dira arazoak. 

Umorearen tratamendua ere nabarmendu du editoreak. «Eta horrek lotzen du Elorriagarekin. Heriotzak badu presentzia, baina ez da liburu iluna. Konbinazio ederra du, egoera tristea eta samurtasuna eta ironia, komikotasuna eta groteskoa. Pertsonaia oso humanoak dira. Inork ez du arrazoi, baina ez dira fede txarrez ari. Bizitzari buruzko liburua da, komunitateari eta denborari buruzkoa». 

Zer gertatzen da gurekin hiltzen garenean?, galdera datorkio Igelako kidea irakurri ondoren. «Ez daramagu ez ondasunik, ez osperik. Agian norbaitek izena edo non gauden lurpertuta gogoratuko du, batzuetan hori ere ez». Bada paradoxarik. «Mortimerrek bizitza osoa besteen hilobiak zaintzen eta gogoratzen pasa zuen». 

Ehun urte izanagatik «gaur egungo liburu moderno» bezala aurkeztu du Igelako arduradunak.

Liburua aukeratzera zerk bultzatu zuen argitu du Unai Elorriagak. «Tarteka horrelako gauzak egiten ditut. Testu bat irakurri eta liluratzen edo txunditzen nauenean –normalean gauza teknikoa da, egitura nola eraiki duen– eta ez dudanean ulertzen zer dagoen horren atzean itzuli egiten dut. Gauza asko ditut publikatu gabe. Han dauzkat, galduta izango dira batzuk, seguruenik».

Bi helburu jartzen dizkio bere buruari. Batetik ikastea. «Nola sortu duen bertan islatzen duen mundua, nola eraiki duen hezurdura, nola mamitu dituen pertsonaiak... Badakit ikasteko modu bat itzultzea dela, testua sakon arakatzeko, tripak ikusteko». Itzultzaile izan da urte askotan eta badaki zerbait ofizioaz. 

Bestetik liburuak badu merezimendurik euskal literaturaren parte izateko, Elorriagaren esanetan. «Horixe da itzultzean gertatzen dena. Tarteka ederra da horrelako bitxikeriak hautatzea, editoreak aukeratuko ez zituenak. Ez dago kanonean dena delakoagatik, faktore ugari daude politikoak eta sozialak, baina egon zitekeen». 

«Gaixotasuna, familia, ohorea, eta memoria dira liburuaren gaiak. Gauza asko lantzen ditu umorearen filtrotik pasata», Elorriagaren esanetan. Umorea da lan honetatik gehien txunditu duena. «Zelan sortzen dituen pertsonaiak umorea naturala izateko. Edadekoak dira pertsonaiak eta elkarrizketa txinpartatsua da. Sarkasmoa sartzen hasten direnean naturalitate osoz egitea eta heriotza bezalako gai potoloarekin... Dena hilerrian gertatzen da. Nola egin du? Nola sartu gaitu giro horretan guri ere natural egiteko eta gu ere parte egiteko? Oso irlandarra da liburua, baina guk oso gurea ikusten dugu. Umorea, esateko modua... Txirrita imagintzen dut horrelako gauzak esaten». 

Liburua hainbeste gustatu zitzaion lagun bati, Alex Orbe komikilariari, pasa ziola. «‘Komikia egiteko ideala da’, esan zidan hark. Lehen orriak osatu eta Irlandako editore bati bidali zizkion, liburua publikatu zuen argitaletxe berekoa. ‘Ia inork ez du gogoratzen O'Kelly Irlandan eta euskaldunok komikia egin nahi duzue, zoratuta zaudete’, izan zen haren erantzuna. Ez zuen aurrera egin. Oso lan ederra da Alexena, baina bermea behar duzu urte bat edo biko lana izanik. Pena da», esan du. 

Prentsaurrekoa amaitzeko «irribarrez udako irakurketa bezala aukeratu eta ondo pasatzera» gonbidatu ditu irakurleak Mujika Iraolak.