Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Izar nagusiek erabateko protagonismoa izan dute Hardrock 100 lasterketa entzutetsuan

Ludovic Pommeretek eta Courtney Dauwalterrek irabazi dute 165 kilometro eta 10.000 metroko desnibela dituen ibilbidean. Frantziarra hirugarren urtez jarraian nagusitu da; estatubatuarrak, berriz, pokerra sinatu du. Denera, 147 lasterkari lehiatu dira.

Ludovic Pommeret, leher eginda, Silvertoneko helmugan.
Ludovic Pommeret, leher eginda, Silvertoneko helmugan. (Hardrock 100)

100 milia edo 165 kilometro dituzten trail runningeko munduko lasterketen artean Hardrock 100 Endurece Runek aura berezia du. Hori ezin da eztabaidan jarri. Batetik, espezialistek edo izarrek maiz izaten dutelako egutegian proba hori gorriz markatuta. Betidanik sona handia izan du hitzordu horrek, baina, modu batera edo bestera esateko, europarrei ezaguna egin zitzaien Kilian Jorneten agerraldiarengatik. 

Eta bestetik, Coloradoko San Juan mendilerroan (AEB) jokatzen den probaren ibilbideak ezaugarri gogorrak bezain erakargarriak dituelako. Batez besteko garaiera 3.400 metrokoa da, eta 3.700 metro gainditzen dituzten hamahiru gailurretatik igaro behar da. Handies Peak da tontor altuena: 4.281 m. 

Oso lasterkari gutxik dute aukera Hardrocken parte hartzeko. Joan den asteburuan 167 izan ziren irteera puntuan. Aurreratu dugun bezala, espezialista edo izar handiak zeuden Silvertoneko irteera puntuan. Eta lasai asko esan dezakegu faboritoek ez zutela hutsik egin. Ludovic Pommeret, mutiletan, eta Courtney Dauwalter, nesketan, nagusitu ziren. Aise gailendu ere.

Lasterketa jarraitu zutenek diote Pommeret frantziarrak, irabazteaz gain, gaitasun itzela izan zuela Hardrock 100 lasterketa bere erara moldatzeko. Ez zuen ezustekorik nahi, eta hasieratik erritmo intentsoa ezarri zuen. Ez erasokorra, baizik eta kirurgikoa. Pommeretek bikain ezagutzen du ibilbide hori eta ikasgai magistrala eman zuen igoeretan, jaitsiera teknikoetan, ertz bakoitzean… Lasaitasunez eta irmotasunez.

Korrikaldi perfektua egin eta gero, lehen postuan heldu zen Silvertoneko helmugara 21:11:36 denborarekin. Helmuga zeharkatzeaz gain, han bertan Hardrock 100 izenarekin dagoen arroka musukatu zuen. Usadio bat baino ez da, baina oso berezia lasterketa bukatzen duten korrikalari guztientzat.

Pommeretek historia idazten jarraitzen du proba estatubatuar horretan. Frantziarrak, hirugarren urtez jarraian irabazteaz gain, errekor berria egin zuen. Gogoratu behar da urtero ibilbidearen norabidea aldatzen dela, eta horrek nolabaiteko eragina duela kronoan. 

Irabazle horren atzetik, bigarren postuan, Jimmy Elam heldu zen, eta hirugarrenean David Ayala. Gizonezkoen kategoriak «ezusteko» batzuk izan zituen. Hain zuzen ere, munduko bi espezialista handi lasterketatik erretiratu ziren. Dylan Bowan estatubatuarrak 44. milian utzi zuen, eta Tom Evans britainiarrak ia 60. milian garaierarekin izandako arazoengatik.

Dauwalter 

Estatubatuarra berriro itzuli zen Hardrock 100 lasterketara. Iaz ez zuen parte hatu, baina itzulera horretan argi utzi zuen distantzia horretan munduko erregina dela. Oro har, jardun ikusgarria izan zuen. Cataract Putnam Pass-eko lehen igoeran buru jarri zen, eta Silvertonera postu horretan iritsi zen. 

Soilik estutasun bat izan zuen. Urdaileko mina agertu zitzaion 140. kilometroan, baina, halere, ez zuen etsi eta erritmo iraunkorrari eusteko gai izan zen. Dauwalterrek 26:03:10 denbora egin zuen. Duela bi urte eginikoa hobetu eta errekor berria ezarri du. Sailkapen absolutuan bosgarren postuan helmugaratzeaz gain, korrikalari honek lau garaipen lortu ditu. Pokerra, alegia. 

Garaipenekin lotutako berriei dagokienez, hiru lasterkarik bost garaipen erdietsi dituzte: Betsy Kalmeyerrek, Karl Meltzerrek eta Kilian Jornetek. Dauwalter oso gertu dago Hardrock 100 lasterketan berriro historia idazteko. Gogora dezagun azken zazpi urteotan 36 lasterketatik 31 irabazi dituela. 

Korrikalari estatubatuarraren atzetik Careth Arnold bigarren postuan heldu zen, eta Tara Dower hirugarrenean