Ahaztu nahi ez dituzun identitateak

Kamio, ohitura nekeza bihurtu zaizu haurtzarora jotzea identitatea non sortzen den galdekatzen hasten zarenean. Belaun urratuak, bizikletaren olioz zikindutako eskuak eta udako ekaitzaren osteko hezetasun usaina nostalgiaren begizta daramaten oroitzapenen artean gordetzen dituzu, kutunenetan kutun. Eta ez dituzu ahaztu nahi.
Mariano Rajoyren iritzi artikuluak eztanda egin du Munduko Futbol Txapelketan. Inor ez da frantsesa azal beltzaranez mukuru dagoen hamaikakoan. Akaso, Didier Deschamps lapurtarra izango da purutasun horren eroale bakanetakoa. Nork jakin.
Etxerako bidean zoaz gaugiro ederrak lau hormen artean oraindik ez sartzeko agintzen badizu ere. Ezkaratzera iristear zarela, haur batekin doan gizonezko batek ozta-ozta gurutzatu du zebra bidea semaforoak kolore gorria erakutsi duenean. Zeharkaldiko azken pausoetan dela, seinale berdearen zain zegoen gidariak kargu hartu dio. «Puto subnormal» bat entzunda, oinezkoa asaldatu eta parean dagoen eta herrikideek daramaten dendara sartu da, umearen ikara aurpegia aldean daramala. Latinoamerikarra peatoia, euskal herritarra gidaria.
Sermoiak, izan, bai baitaude kongregazioa hauspotu eta lezio moralak Jesu Kristoren hiltzeekin betikotzeko, besteen zapatek zapaldu ezin dituzten lur sakratuotan
Estatus soziala bereizteaz gain, estatus morala ere mailakatzen duten jarrerak biderkatzen ari direla jakitun zara. Gu eta besteak. Goian eta behean. Eta Eliza katolikotik gertuago ikusten duzu “zuzentasuna” mantendu nahi duen masa sozial gero eta handiago horren kokalekua. Sermoiak, izan, bai baitaude kongregazioa hauspotu eta lezio moralak Jesu Kristoren hiltzeekin betikotzeko, besteen zapatek zapaldu ezin dituzten lur sakratuotan.
Kamio, herrian zegoen familia beltzaran bakaneko seme-alabekin urratu zenituen belaunak, bizikletaren katea bere lekura eraman nahian zikindu zenituen eskuak jonkiak txutatu berri zeudela alboan eserita zenituenean eta ekaitz berberetik babesten zineten zuhaizpean irakasleen alaba, igeltseroaren semea edo Cabo Verdetik etorritako ondorengoak. Finean, ahaztu nahi ez dituzun identitateak.

Peligrosísima embestida de Jandilla en el Ayuntamiento y dos cornadas

Las familias replican al CD Las Llanas: no se les informó de la visita a la Guardia Civil

Josu Urrutikoetxea: «Euskal gatazka politikoak konponbide demokratikoa behar du»

Muere un triatleta de 25 años en el Ironman de Gasteiz

