Lara Neumeier alemanak 'Trilogia Alpinoa' sinatu du urtebetean
Neumeier helburu handi hori egiten bigarren emakumea bihurtu da. 'Des kaisers neue kleider' bidea izan da hirugarren eta azken igoera. Alemanak onartu du inoizko erronka handiena izan dela.

'Silbergeier' (8b+, 250 m, Ratikon, Suitza), 'End of silence' (8b+, 350 m, Berchtesgaden, Alemania) eta 'Des kaisers neue kleider' (8b+, 240 m, Wilder Kaiser, Austria) ibilbideek osatzen dute gaur egun horma luzeetan egiten diren proiektu erakargarrienetakoa zein zailenetakoa. 'Trilogia Alpinoa' deitzen da erronka zorrotz hori. 90ko hamarraldian, helburu horrek oihartzuna hartu zuen. Batetik, egileek izen handia dutelako. Beat Kammerlander, Thomas Huber eta Stefan Glowaczi buruz ari gara. Eta bestetik, eskalatzaile zaildu horiek nortasun handiko hiru bide ekipatu eta kateatu zituztelako.
Nahiz eta hasieran lerro horien inguruan 'polemika' pixka bat sortu zen (nor izango ote zen gogorrena?), errepikapenen ostean den-denek adostu zuten 8b+ maila zutela. Garai haietarako zailtasun tekniko handia zen. Alabaina, marra horiek beste eite azpimarragarri batzuk gordetzen dituzte. Luzeak izateaz gain, oso teknikoak dira, txapen artean tarte handiak daude eta konpromisoa eskatzen dute.
Urteen poderioz, proiektu horrek errepikapen batzuk jaso ditu. Ez asko. Lara Neumeier izan da azken protagonista. Eskalatzaile alemanak urtebete behar izan du hiru ibilbide horiek kateatzeko. Iazko ekainean, 'Silbergeier'-ekin egin zen, eta urte bereko abuztuan 'End of silence'-rekin. Joan den ekainean, berriz, helburu handi hori biribildu zuen 'Des kaisers neue kleider'-ekin. Emaitza bikaina lortu du Neumeierrek; izan ere, 'Trilogia Alpinoa' sinatzen bigarren emakumea da. Duela hamahiru urte, Barbara Zangerl izan zen lehenbizikoa. Azken honek denbora pixka bat gehiago erabili zuen erronka hori biribildu ahal izateko.
Trilogiaren azken lerroari dagokionez, alemanak hamabi bisita egin zizkion katera erorikorik gabe heldu baino lehen. Iazko udazkenean hasi zen ekinaldiak egiten eta ekainaren 4ean lan guztiak bukatu zituen. Behin betiko igoeran Michi Wohlleben ondoan izan zuen.
Neumeierrek adierazi du trilogia horrek esanahi berezi duela bere ibilbidean: «Inoizko erronka zailena izan da. Muturrekoa izateaz gain, buruari asko eskatu dio; froga moduko bat izan da niretzat. Oso harro sentitzen naiz gainditu dudalako, eta beste helburu gogor batzuentzat konfiantza eskaini dit. 'Silbergeier' eskalatu nuenean, indarra eta motibazioa hartu nituen proiektu horrekin aurrera jarraitzeko. Banekin erronka handia izango zela, baina, era berean, liluragarria ere. Orain badakit zer den proiektu batekin erabat konprometitzea, aldez aurretik jakin gabe ere posible den».

Hausnarketa horrekin batera, eskalatzaile honek bide bakoitzaren inguruan aipamen txiki batzuk egin ditu. 'Silbergeier' amets bat izan da alemanarentzat, eta, oso azkar kateatu zuenez, erakutsi zion gaitasuna zuela proiektuarekin jarraitzeko. 'End of silence'-ri buruz esan du basatiagoa iruditu zitzaiola. Eta 'Des kaisers neue kleider' trilogiako hunkigarriena izan da.
Hurrengo lerrootan, berriz, Neumeierrek luze eta zabal hitz egingo digu proiektuaren hirugarren eta azken bidean bizitako eskarmentuaz eta eginiko lanaz.
Hirugarrena
«2025eko udaberri-udan 'Silbergeier' eta 'End of silence' arrakastaz osatu ondoren, 'Des kaisers neue kleider'-en eman nituen egun batzuk udazkenean, urtea amaitu baino lehen trilogia osatzeko itxaropenarekin. Azarorako, nahikoa denbora eman nuen bidean, posible zela jakiteko. Hala ere, denboraldia amaitzen ari zen, elurra hasi zuen, egunak laburtzen ari ziren eta laburregiak bihurtu ziren lurretik behar bezala igotzeko. 2026rako erabaki zaila hartu nuen. Nikaraguara joan nintzen surfean aritzera eta indarberritzera, eta gero urtarrilean itzuli nintzen 'Des kaisers neue kleider' entrenatzera udaberrirako helburu nagusitzat hartuta. Maiatzaren amaieran, klima aldatzen ari zela zirudien, eta elurra urtzen ari zen han goian. Joan den urtearen amaieran hain gertu egon nintzela jakinda, lehenengo hiru egunetan luze bakoitza berrikustea zen nire plana, eta, ondoren, igoera egokia egiten saiatzea. Horrela egin nuen. Hala ere, lehen egunetako baldintzak ez ziren errazak izan. Elurra ari zuen oraindik iritsi aurreko egunetan.
Lehen eguna hotza eta garbia izan zen, baina bigarrenean euria egin zuen eta horma osoa bustita geratu zen. Ia ezin izan genuen eskalatu, eta azken zati nagusiko lehen metroak aztertzea besterik ez genuen lortu, eskuetako behatzak eta oinak ñirñirka. Hirugarren eguna, azkenean, ona izan zen. Hiru egun horien ondoren, seguru sentitzen nintzen lehen sei luzeekin. Ondo aztertu ezin izan zuen bakarra azken zati zailena zen; luzearen giltza, alegia. Baina, oro har, susmo ona nuen.
Handik astebetera, hormaren oinarritik abiatu nintzen berriro noraino irits nintekeen ikusteko: luze guztiak igo nituen azken tarte nagusiraino, eta gero azken 8b+ mailako luzean erori nintzen. Energia gehiegi xahutu nuen beheko luzeetan; ez neukan luze horrek eskatzen zuen tentsio fisikorik. Egun hartan, sentimendu kontrajarriekin jaitsi nintzen. Pozik bidean urrats berri bat egin izanaz, pozik lehen zazpi luzeak osatu izanaz, baina baita ere jakinda hurrengoan dena berdin-berdin atera zitekeela. Nire saio arrakastatsuaren aurreko egunetan euri asko egin zuen. Ez nekien bidea lehor egongo ote zen. Horretaz gain, inoiz proiektu batean sentitu ez nuen presioa sentitzen nuen. Hau zen nire lehen proiektu handia kirolari profesional bezala; filmazio talde bat dena grabatzen ari zen, eta oso kontziente nintzen hau izan zitekeela 'Trilogia Alpinoa' osatzeko azken eguna hamabi hilabetetan. Hori guztia alde batera uzten saiatu nintzen eta ekainaren 4an bideari ekin nion berriro. Lehenengo lau luzeak ondo joan ziren. Gero, bosgarren luzea, mugimendu garrantzitsuaren aurretik, bustita zegoen.

Jumar bat erabiliz igo, giltza zen luzea ahal bezain ongi egin, bilerara itzuli eta berriro saiatu. Heldulekua heze samar zegoen oraindik, baina lehen ahaleginean lortu nuen. Hori garrantzitsua zen, esan nahi baitzuen indar handiagoa izango zuela ibilbidearen azken sekziorako eta zailerako. Ondo ari ginen aurrera egiten, eta arratsaldeko 3etan Michi eta biok azken luze garrantzitsuaren azpiko bileran eserita geunden. Erlaxatzen eta pixka bat sendatzen saiatu nintzen. Luzeak geldiarazi ninduen azken ekinaldian. Banekien zenbat tentsio fisiko behar zen, eta banekien, aurreko guztiaren ondoren, ez nintzela unerik onenean egongo. Baina banekien, halaber, hobeto prestatuta nengoela: aurreko egunetako loari eta atsedenari esker, eta, oro har, kondizio egokiei esker. Atsedenaldi luze baten ondoren, abiatu eta lehen saialdian lortu nuen. Arratsaldeko 7etan iritsi ginen gailurrera. Lasaituak, zoriontsuak, harroak... eta azkenean 'Trilogia Alpinoa' osatua!».

Fiscalía pide 30 años para cinco presos y expresos por la muerte de Ordóñez hace tres décadas

Madrid encaja el independentismo vasco en un informe sobre terrorismo de Europol

El jefe de Policía de Santurtzi se marcha, con la muerte de Ander y la OPE aún sin aclarar

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

