Jai Alai Liga bere unerik garrantzitsuenean aurkitzen da, egutegia partidez josita dagoen uda sasoi honetan. Ipar eta Hego Euskal Herriko txapelketek bat egiten dute eta puntistak kantxan disfrutatzen ari dira. Azken asteetako albiste txarrena Eñaut Urreistiren lesioa izan da; bizpahiru astez kantxetatik at egon beharko du mutrikuarrak.
Hain zuzen ere, larunbat gauean Mutrikuko Miruaitz frontoiak hartu zuen Masterreko finala eta Barandika-Lekerikak osatutako bikote gernikarra gailendu zitzaien etxekoei, Goixerri eta Manciri, bi setean (15-14 eta 15-12).
Mutrikuarrak konfiantzaz iritsi ziren finalera. Ekaitz Mendizbal ‘Goixerrik’ Mungian jantzi zuen zirkuituko lehen txapela, Lekerika bizkarzain zuela, eta Mikel Mancisidor tonua berreskuratzen joan da, batez ere Bidasoaz bestalde jokatutako txapelketetan. Bertan, aurreko astean, Barandikarekin Donibane Lohizunen eta Laduchekin Pauen, Master bana irabazi du.
Dena dela, Barandikak zein Lekerikak beraien eskarmentua erakutsi zuten Miruaitzen, beste txapel bat eskuratu eta rankinean ere borroka egiteko. Aurrelari bizkaitarra, esaterako, hilabete batzuk min hartuta egon ostean, Final Fourrerako borroka betean sartu da. Lekerika, berriz, bigarren atzelari onena da sailkapenean.
Partida borrokatua
Emakumezkoen txapelketan, Alize Arriaga markinarrak bere lehen txapela jantzi zuen Mutrikun, Elaia Gogenola berriatuarra bikote zuela. Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi mutrikuarra hartu zuten mendean, hiru setean (11-15, 15-13 eta 1-5).
Gogenolak, bestalde, denboraldiko hirugarren txapela jantzi zuen Mutrikun –bost final jokatu ditu orotara– eta sailkapenean buru dago.
Gernikan, finalerdiak erabakita
Gernikako Grand Slamak ere aurrera jarraitzen du eta finalerdiak definituta geratu dira. Atzo, Goitia-Basque eta Johan-Gorka gailendu ziren kinielan, 20 eta 23 tanto pilatuta, hurrenez hurren. Ostiralean, lehen finalerdia jokatuko da Barandika-Manci eta Goitia-Basqueren artean; 8an, bigarrena, Erkiaga-Unda eta Johan-Gorkaren artean.

La torre de Disney en Gaubea que ha molestado a los escaladores

El Aquavox que Barcina impuso para cargarse el gaztetxe acaba en fiasco millonario

Detenido en Gipuzkoa un menor considerado referente de la extremista Red 764

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda
