
Hamarretik hamar. Arraun Lagunak izan da azkarrena Lekeition jokatu den Euskotren Ligako jardunaldian, baina aurkariak beste batzuetan baino gertuago izan ditu. Joaneko luzean donostiarrek alde handi samarrak ireki dituzten arren –Tolosaldea 6ra eta San Juan 9ra–, itzulera bikain bati esker bi segundora sartu da Tolosaldea helmugan eta laura San Juan.
Arraunerako baldintza zoragarriekin jokatu da estropada. Eguraldi eguzkitsua, haizetxoa bai baina leun, eta olatu baga txikiak, joaterakoan zailtasunik jarri ez eta itzulerakoan laguntzen zutenak. Horri esker, eta taldeak aurten lortu duen mailarekin, estropada eremuko errekorra ezarri du Arraun Lagunakek: 10:48.04.
Lehen txandari dagokionez, Donostiarrak erakutsi du iaz bezala denboraldiak aurrera egin ahala maila igo duela. Urbietak entrenatzen duen ontzia bikain moldatu da laugarren kaletik, eta estropadaren burua berea izan da hasieratik amaierara.
Itzulerako luzean Hibaika bikain etorri da, asko gerturatu zaie donostiarrei, baina azkenean ezin izan dute aurrea hartu. Donostiarrarentzat albiste onena berriz sufritzea tokatu zaion Zumaiari lau puntu sartu dizkiotela –Astillero ere sartu dute tartean– eta jada azken postua seira urrundu dutela.
Hurrengo asteburuko hitzorduak, Ondarroan eta Hondarribian.

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor

PP, Vox y UPN impulsan concentraciones para «salvar Ceuta», también en Euskal Herria

Fallece también la joven rescatada con síntomas de ahogamiento en Beriain

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

