CONTENU SPONSORISÉ

Agoitz, Leitza eta Amurrio jaietan murgilduko dira datozen egunetan

Abuztuko jai egitarauak aurrera jarraitzen du eta Nafarroan Agoitz eta Leitza dira asteburu honetan jaietako erreleboa hartuko duten herrietako batzuk. Araban, ordea, Amurrio izango da datorren asteazkenean Gasteizko jaiei erreleboa hartuko diena, aurten, behien entzierroekin. 

Agoizko txupinazoa larunbata eguerdiko 12etan izango da. Irudian, iazko txupinazoa.
Agoizko txupinazoa larunbata eguerdiko 12etan izango da. Irudian, iazko txupinazoa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jaietako txupinazoa botatzen lehena Agoitz izango da, larunbata honetan botako baitute, eguerdiko 12etan. Aurten 50 urte bete dituen Bilaketa kultur taldea izango da ohore hori izango duena, herriko bizitza kultural eta soziala sustatzeko mende erdiz erakutsi duen konpromisoa aitortzeko.

Egitaraua abuztuaren 12ra arte luzatuko da eta, bost egun horietan, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu ditu jai batzordeak. Ekitaldi tradizionalen artean, aurten ere ez dira faltako erraldoi eta buruhaundien kalejirak, paella-jateak, Larraindantzak eta dantzaldiak, pilota partida profesionalak, zezensuzkoak… Astelehenean haurren eguna ospatuko dute, asteartean gazteriaren eguna eta asteazkenean adinekoen eguna.

Berritasunen artean, aipatzekoa da aurten behien entzierroak itzuliko direla, herritarrek hala erabaki baitzuten duela hilabete batzuk egindako herri galdeketan. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean izango da hori, arratsaldeko 18.00etan.

Gaueko kontzertuei dagokionez, Merkatuko plaza eta Nafarroa Beherea plaza izango dira Jai Batzordeak eta Agoizko Gazteak antolatutako kontzertuak hartuko dituzten eskenatoki nagusiak. Goizaldera, Iraunkorrak txaranga arituko da kaleak alaitzen.

Agoizko jaietako informazio honen babesleak: Agoizko Udala, Seguros Fermin Lagun Aro, Katu taberna.

Leitzako jaiak, ofizialki, astelehen arratsaldean hasiko dira. Irudian, iazko txupinazoko giroa. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Leitzan, bestalde, astelehen arratsaldean botako dute jai hasierako txupinazoa. Hala ere, asteburu honetan hainbat ekitaldi izango da jai-giroa berotzen hasteko. Horrela, larunbatean (abuztuak 8) «reparto eguna» ospatuko dute eskelarien bazkariarekin eta egitarau banaketarekin. Gauean musika izango da Atekabeltz gaztetxean (SuperLore, Oihuka eta DJ Primikass), Aurrera elkartean (DJ Zaze) eta plazako txoznan (DJ Fresa Morango).

Igandean (abuztuak 9) umeen eguna ospatuko dute eta, korporazio txikiaren gosariaren ondoren, txupinazo txikia botako dute goizeko 10.30ean. Une horretatik aurrera, gurpildun zezenak, herri-kirol jolasak, konpartsaren kalejira, dantzari txikien emanaldia, DJ eta suzko zezena izango dira.

Helduen txupinazoa, esan bezala, astelehenean izango da (abuztuak 10) arratsaldeko 18.00etan, Kxk Beltza eta Udalaren eskutik. Ondoren, Leitzako konpartsak kalejira egingo du dultzaineroekin, Incansables txarangarekin eta txistulariekin. Ordu erdi beranduago, La Jodedera kubatar musika taldearen kontzertua hasiko da Labetxeko atarian eta gauerako, suzko zezena, Itzal erromeria, DJ Txekor, Incansables txaranga eta elektro gaua daude iragarrita.

Asteartean (abuztuak 11) Tiburtzio Donearen egun handia ospatuko dute eta egitaraua hurrengo larunbatera arte luzatuko da (abuztuak 15). Egunero entzierroa eta behiak izango dira goizeko 9etan eta gaueko kontzertuei dagokionez, honako taldeak arituko dira: Me Vale Madre, Maruxak, Su Ta Gar eta Trikidantz. Incansables txarangak ere gauero egingo du kalez kaleko erronda.

Leitzako jaietako informazio honen babesleak: Leitzako UdalaSaralegi Taloak, Maimur Liburudenda.

Amurrioko txupinazoa datorren asteazkenean izango da, abuztuak 12. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Amurrio ere jaietan murgilduko da, nahiz eta txupinazoa ez den datorren asteazkenera arte iritsiko. Egitaraua abuztuaren 12tik 17ra luzatuko da eta ehun jarduera baino gehiago izango ditu, tradizioa, kontzertuak, kirola, gastronomia eta publiko guztientzako proposamenak uztartuko dituenak.

Horrela, egitarauak hitzordu enblematikoenak mantenduko ditu, hala nola pregoia –Kuskua elkartearen eskutik–, txupinazoa eta Iguarrakoren jaitsiera; haurrei, adinekoei eta koadrilei eskainitako jardunaldiak; Andra Mariren eta San Rokeren ospakizunak, karrozen desfilea, lehiaketa gastronomikoak eta familientzako jarduera-eskaintza zabala, udalerriko hainbat gunetan banatuta.

Musika protagonista izango da berriz ere jaietan zehar, Benito Kamelas, Süne, La Polaka edo Txapela Brava taldeen emanaldiekin, Oxabi edo Zutik erromeriekin, orkestrekin, elektrotxarangekin, DJekin eta gustu guztietarako musika ikuskizunekin.

Programak, gainera, Udalak jai inklusibo eta seguruekin duen konpromisoa indartzen du. Horrela, barraketan dibertsitate funtzionala errespetatzen jarraituko da, soinu eta argi estimuluak murriztuko dira, pirotekniaren erabilera mugatuko da, eta indarkeria matxisten aurrean prebentzio, sentsibilizazio eta arreta-guneak jarriko dira berriro jai-egun nagusietan.

Txerra Molinuevo alkateak eskerrak eman dizkie «Jai Batzordeari, udal langileei, elkarteei, kuadrilei, kirol klubei eta hain programazio zabala eta anitza ahalbidetzeko laguntzen duten pertsona guztiei».

Amurrioko jaietako informazio honen babesleak: Amurrioko UdalaBideko jatetxea, La Ronda 89 taberna, Txoko Gorri kultur elkartea.