Entzuten jakin mundua aldatzeko

Bereziki apreziatzen ditut hitz egin baino lehen pentsatzeko ahalegina egiten duten pertsonak. «Ez dakit», «ez nago ziur» eta «oker nenbilen» esateko arazorik ez dutenak. Hitz egiteari baino, entzuteari garrantzia eman eta besteen iritziak aintzat hartzen dituztenak. Bada hor inteligentzia mota bat, kuñadismoaren antagonikoa, asko baloratzen dudana. Batez ere, askapen borroka ezberdinetan inplikatuta dauden pertsonen artean.
Militantziara eramana, inteligentzia forma hori funtsezkoa iruditzen zait, ekartzen duelako nor bere buruari garrantzi gehiegi ez ematea, nabarmentzeko tentaziotik urruntzea eta kolektiboa lehenestea, batzuetan erabakitakoarekin ados ez egonda ere. Horrelako militanteak gure auzo eta herri guztietan aurkitu daitezke, mota guztietako erakunde eta kolektiboetan. Kasu askotan izaera kontua da, baina beste askotan ez da berezkoa, ikasia baizik, errealitatearen ulermenetik eratorritako jarrera bat. Bi profil desberdin, biak interesgarriak. Indarra eta, ondorioz, gauzak lortzeko potentziala, kolektiboak duela ulertzen dute, eta bat gehiago dira.
Errealitatea aldatu nahi duen ororentzat ezinbestekoa da entzuten jakitea. Bai ingurukoei, baita jendarteari ere. Ez entzuteak, edo soilik nahi dena entzuteak, arriskuak dituelako. Horrela sortzen dira koinatuak, dena dakitela uste duten eta gehiegi hitz egiten duten gizonak. Edo errealitate soziala aintzat hartzen ez duten askapenerako plan perfektuak, eta plan horiek basamortuan predikatzen dituzten pertsonak (gehientsuak, kasu honetan ere, gizonak, beren buruei garrantzi gehiegi ematen dietenak). Edo estrategia hiperbolikoak.
Utopiak aldarrikatzea behar-beharrezkoa da, eta bidea errealitatetik abiatuta egin behar da. Kolektibotik, eta gehiengoekin. Eta, horretarako, entzuten jakin behar da, gehiengoengan eragiten eta erakartzen asmatzeko. Helburu handiek anbizioa behar dute, errealismo eta umiltasun dosi handiekin uztartu beharra dagoena.
Hortaz, mundua aldatu nahi dugunok, entzun dezagun.

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da

Ertzaintza y ultraderecha: la contradicción de Zupiria

Cuatro hombres detenidos en Bizkaia acusados de agredir sexualmente a una menor de 14 años

«Pertsona normalek» Donostiaz gozatu dute 21. Irrikitaldian, «pirata malapartaturik gabe»

