
Hodei grisez estalita esnatu da Donostia gaur, hala ere portuan giro ederra antzematen zen. Goizeko bederatzietatik martxan ziren Sardiñerak karpan prestaketa lanetan, parranda giroaz gain, gosaria ere eskaini dutelako piratek gaur, Señoren Gosaria ospatu dute. 10.00ak aldera, prestaketak amaitzen ari ziren Sardiñera gazteak: mahaiak jartzen, kafea egiten, fruta mozten eta mahai gainak lorez apaintzen.
Hamabost bat minutu beranduago hasi dira lehen señorak iristen eta karparen inguruan lagun artean elkartzen. Bi muxu eta besarkada artean irribarretsu eta gogotsu ari ziren elkarrizketan. Horien artean ziren Ana eta Itziar, bigarren urtez parte hartu dute gaur gosarian eta sartzeko gogotsu ziren. «Gu bezalako emakumeentzat antolatutako gosaria da, eta gainera belaunaldien arteko harremana sustatzen du, iaz gozatu genuen eta aurten errepikatzera gatoz», zioen Anak.
Bi lagunek aipatu dute eskaintza berezia dela, eta gosariak ohikoak ez badira ere pozik datozela: «Afaria izango balitz agian ez ginateke hain erraz animatuko, baina gosaria beste saltsa bat da, eta sortzen den giroa zoragarria da». Haien bigarren urtea den honetan, argi dute ingurukoak animatzea beharrezkoa dela, Ana bere alabak gonbidatu zuen iaz: «Transmisioa lehen goitik behera zen, orain behetik gora, gazteek ekarri gaituzte ona, tokia egin digute».
Ilaran tokia hartzen zuten bitartean, alde batera eta bestera zebilen antolatzaileetako bat, Uxue Zaldua. Sardiñeretako kidea denak azaldu du hirugarrenez antolatu dutela gosaria eta urtetik urtera handitzen doala bertaratzen direnen zerrenda: «Lehen urtean hamabost inguru bildu ginen, hamar señora etorri ziren; bigarrenean ordea berrogei bat elkartu ginen eta zoragarria izan zen guretzat, eta aurten 68 señora eta 24 Sardiñera gaude, 92 elkartu gara, eta irudia ederra da».
Gosari honen hasiera hausnarketa batetik datorrela kontatu du antolatzaileak, transfeminismoa ardatz harturik pentsatu zutela beste adin tarteei eskaintza egin behar zietela, eta erronka bat zela Aste Nagusiaren egitarauan ez zelako halakorik. «65 urtetik gorako jendeari tokia egin nahi genien eta haiek erantzun dute, gainera urtetik urtera eskakizun berriak egiten dizkigute», zioen Zalduak barre artean.

Karpa azpian, mahaien ondoan, euskararen alde borrokan aritu diren emakume eta pertsona disidenteen inguruko erakusketa zegoen ikusgai. Eta horiek irakurri ondoren hasi dira “señora” asko esertzen. Maria eta Mertxe, haien lagun Pilirekin zebiltzan hizketan eta kontatu dute lehen bien bigarren urtea dela, eta aurten hirugarren laguna ekarri dutela haiekin: «Iaz gozatu genuen, eta aurten Pili gurekin etortzera animatu da, nork daki, hurrengo urtean agian lau izango gara».
Beste mahai batean neska gazte kuadrilla batek ere bigarren urtea du, surfa praktikatzen duen kuadrilla da eta adierazi dute plan bikaina dela uretatik atera ondoren belaunaldi artean gosaltzea. «Nik ama eta izeba gonbidatu ditut eta ondoko mahaian daude», esan du batek; beste lagunetako batek ordea ez duela ama konbentzitzea lortu azaldu du, nahiz eta hurrengo urterako lortzen saiatuko dela esan.
Piraten zapiak lepoan, abanikoak eskuetan eta adin tarte ezberdinetako jendea tartekatuta eserita, prest ziren gosaltzen hasteko Sardiñerek kafea eta txokolate beroa atera dituztenean. Edariak txosnako basoetan, txurroak, pastak eta fruta mahai gainean zituztelarik elkarrekin hitz eginez igaro dute gosaria.
Amaierara iristen ari zirela, jana eta edana amaitu ondoren, aurtengo berrikuntza banatu dute: kantutegia. Lehen abestia hautatu eta kantuan hasi dira guztiak elkarrekin. Iluntzean, Lau Teilatu eta Ixil ixilik bezalako abestiak kantatu dituzte elkarri sorbaldetatik helduta eta irribarre bat ahoan.
Egun osoko plangintza
Gosariaren ondoren, eguzkipean Delirio Segismundo ikuskizunaz gozatu dute bermut dastaketa egin bitartean, eta trikipoteoarekin jarraitu dute. Bazkalorduan, bazkari disidentera 120 pertsona gerturatu dira eta bingoan aritu dira jarraian. Arratsaldean, Hamarru elektrotxarangarekin ibili ondoren, kalejira aldarrikatzaile transfeminista egin dute, elkarrekin hartu dituzte kaleak, eta aldarriak lau haizetara zabaldu.

Beharrezko eskaintza
Egunean zehar Sardiñerekin batera aritu diren askok argi dute beharrezkoa dela egun hau, egun transfeminista. «Ni donostiarra naiz baina aste nagusia ez dut asko maite, eta hau alternatiba bat da. Aberatsez eta turistez nekatuta gaude, “nonostiarrismoa” ez zait gustatzen», aldarrikatu du parte hartzaileetako batek.
Egoera honen aurrean Piratek alternatiba eskaintzen dutela azaldu du Zalduak, eta Sardiñerek disidenteentzat batez ere: «Piraten lantalde feministarekin batera antolatzen dugu eguna, eta horrelako espazioak beharrezkoak ditugu. Egun berezia izaten da guretzat».

Preocupación por algunos episodios de agresiones y amenazas a veraneantes vascos en Laredo

Oihane Mateos EITBko kazetaria hil da

Etxebarria rectifica y pide perdón a Kerejazu tras criticar su discurso sobre el 3 de Marzo

La erupción del Etna suspende varios vuelos con destino a Sicilia
