
Duela bost aste hasi zen denboraldiaurrea amaitu da Eibarrentzat. Gorriurdinek igandean emango diote hasiera ikasturte berriari Tenerife Ipuruan hartuz, epe luzera duten helburu berarekin: aurreko denboraldiko bigarren itzuliari jarraipena ematea.
Bost hilabete horietan, inoizko zenbakirik onenak lortu zituzten. Ez zen nahikoa izan play-offera iristeko, urte hasieran zuten desabantailarengatik, baina denboraldi erdi horrek «sentsazio oso onak utzi zituen, gauza asko asko egin genituen ondo», gogoratu du Anaitz Arbillak. «Horri heldu behar diogu, ildo horretan jarraitu behar dugu eta taldea eta zaleak harro sentitu behar gara».
Kapitainari egokitu zaio ikasturte berriko lehen prentsaurrekoa ematea, bide batez Areitioko Kirol Hiriko eraikin berriko prentsa-aretoa estreinatuz. Agertoki berria baina aspaldiko ilusioa, nahiz eta Eibarren estatusa aldatzen joan, urteak Lehen Mailara itzuli gabe igaro ahala. Armaginek ez dute «helbururik jartzen, azken urteotan oso lasai hartzen dugu hasiera hau. Badakigu nolakoa den maila, ikusi dugu aurreko urteak nolakoak izan dira, badaukagu ere iazko esperientzia, lehen itzulian ez genuela gure mailarik eman eta gero taldeak sekulako buelta eman ziola egoerari… Gure aldetik ahalik eta gehien eman nahi dugu eta kapazak garela sinistu». Helburu finkorik ez, beraz, baina anbizioa eta ilusioa, berriz, garbiak. «Argi dago beti saiatzen garela mailaz igotzea bezalako jomugak jartzen, denok nahi dugulako borrokatu gauza positiboengatik eta ez pentsatu balizko jaitsiera batean edo taularen erdian geratzean». «Kategoria honen aberastasuna – gaineratu du nafarrak– denboraldi hasieran dagoen berdintasuna da, taldeen erdiak baino gehiagok play-off edo igoera postuetan sartu nahi du. Daukagun errealitatearen barruan, egiten ari garen lanarekin behintzat ondo eta konforme sentitu nahi dugu».
Aurreko denboraldia amaitu zuten sentsazioengatik bakarrik ez eta udan egindako lana ikusita ere agertu da baikor Arbilla. «Taldea sendo ikusi dut denboraldiaurrean, maila onean. Ikusi ditugu une batzu, beroarengatik, zelaiengatik, agian ez dugula mailarik onena ikusi, nahi genuen mailarik onena, baina pozik gaude. Lehiatu aldetik, taldea sendo ikusi dugula uste dut, Lehen mailako bi aurkarien aurrean ere. Baina orain hasten da dena, benetako konpetizioarekin, eta hori da mailarik onena eman behar dugun unea. Eibar sendo bat ikustea espero dut, gainera etxean bi partida jarraian jokatuko ditugu, eta hasiera positiboak eukitzea garrantzitsua izaten da».
39 urteko kapitaina
Hamaikagarren urtez jarraian ekingo dio Arbillak hasiera horri elastiko gorri-urdina jantzita. 39 urte bete zituen maiatzan eta udako lana «20 urteko gazteena» baino konplikatuagoa da, «haien indar bera ez daukadalako eta gainerakoak baino gehiago kontrolatu behar naiz, kargak asimilatu...». Baina «ondo» sentitzen da, horregatik berritu zuen kontratua, eta «zorionsu» ere sentitzen da oso. «Pentsatzen baduzu, klub batean hamaika denboraldi egitea oso potentea da. Ez nuen inoiz pentsatuko zifra hauetara iristea. Denboraldiaurre batek izan ditzakeen zailtasunen artean, ondo nago. Pozik nago futbol profesionalean eta egon nahi dudan lekuan jarraitzeagatik. Zoriontsu eta lehiatzen jarraitzeko indarrarekin sentitzen naiz».
Arbillak duen esperientzia bere entrenatzaile berriari falta zaio. Jokin Arambarrik bidea egin du aulkietan baina aurtengoa lehen esperientzia izango da futbol profesionalean. Gustora daude armaginak berarekin eta kapitainak ez du uste beteranoen ardura handiagoa izango denik teknikariaren esperientzia faltagatik. «Oso harro nago daukagun taldearekin, zein jende mota daukagun aldagelan, eta alde horretatik oso lasai gaude. Oso talde sanoa daukagu eta egoera txarrak heltzen badira ere, horrek aurrera ateratzeko aukera emango digu. Jokinekin harremana ona izan da hasieratik, dena jarri dugu gure partetik erreztasunak emateko eta ahalik eta mailarik onena eskaintzeko hasiera honetan».
Kapitainak, bestetik, Beñat San Josek egindako lana «eskertu du» eta «zorte ona» opa dio bere abentura berrian. Ez du Arambarriren lan egiteko moduarekin konparaziorik egin nahi izan eta «hemendik igaro diren entrenatzaile guztiekin oso pozik» dagoela adierazui du. Bai azaldu du «maila taktikoan nahiko pertsona antzekoak» direla teknikari biak. «Pixkanaka, Jokinek transmititzen dizkigun bertuteei etekina ateratzen joango gara».

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Turista sionistek mehatxuak egin zizkieten Palestinaren aldeko manifestariei Iruñean

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

