Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Elkartasun arautua

Protesta, Donostian, Udalak Kaleko Afari Solidarioak taldeari janaria banatzea debekatu ostean.
Protesta, Donostian, Udalak Kaleko Afari Solidarioak taldeari janaria banatzea debekatu ostean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Kamio, denboraren haizeak ez du zure belaontziko norabidearen alde beretik jotzen. Gero eta arautuagoa zaizu zuk zeuk ere osatzen duzun gizartea, eta maiz aingura botata bizitzera behartzen zaituzten sentipena izaten duzu. Hortxe geratzen zara, ur ertzetik begiztatzen diren arrain sardei begira, haizeak nondik jotzen duen ere inporta ez dizula. 

Sukaldeak etxea egiten duela errepikatzen diezu ondokoei, bertan pizten dela bizitzari beste erpin batetik begiratzeko su txiki bat. Sukaldea zaintza dela. Sukaldea etxe-giroa dela. Sukaldea maitasuna dela. Inozoetan inozo sentitzen zara gehienetan, horretan ere haizeak ez duelako alde jotzeko joerarik, erosoagoa delako prest dauden jakiak erostea eta azokara joateak dakarren errituala gurutze handi baten azpian lurperatzea. 

Afari solidarioak debekatu dituzte azken asteetan Donostian, antza, arautu gabeko ekimena zelako, norbaiti otordu bat eskaintzea burokraziaren presio eltzean egosi beharko balitz bezala. 

Oraindik gordetzen dituzu txikitako oroitzapen lauso batzuk, etxean, aitak afaria prestatzen zuen bitartean, kontatzen ziren istorioen ingurukoak. Haiek ere arauen garaiak izanik ere, herrian baziren elkarrekin bizi ziren bi «lagun», edo etxeren batean apopilo hartu zuten «mutilzaharra», baita gaua aspaldi sartua izanagatik ere, nora joan ez izan eta ezezagun bati zopa plater bat eta aterpea eskaintzen zionik ere. 

Urte asko pasatu dira gertaera haietatik, baina oraindik gehiago joan direla iruditzen zaizu gizarte zibilak zeukan jarrera solidario horretatik. Noiztik da elkartasuna saldu eta beldurra erosi genuela?

Kamio, belaontzia txalupa txiki bilakatu zaizu, baina oraindik bada zure etxea noizetik noizera babesleku hartzen duen lagunik. Sukaldeko su txikia piztuta daukazu; ez duzu, ordea, itsasora gehiago begiratuko, azkenaldian, arrain sardak baino, migranteen gorpu ahaztuak bakarrik ikusten direlako, eta haientzat ez dago araurik, ez eta plater berorik ere.