
ARTOLA - REZUSTA 22
LARRAZABAL - ZABALETA 20
Azken pilotakada jo arte ez da etsi behar eta, ahal dela, azken pilotakada hori balekoa izatea, are hobea da. Ez dute Caixabank Masterseko bosgarren jardunaldiari dagokion partida onegia egin ez Artola eta Rezusta irabazleek, ezta Larrazabal eta Zabaleta galtzaileek ere. Lana beltz egin dute, 22ra iritsi ezinik geratu den bikoteak bereziki, 20-13 zein 21-15 galtzen egon ostean 21-20raino iristea lortu baitute. Baina aurrez hainbeste aldiz kale egin ondoren, ezin ba partidari beste amaierarik eman: Larrazabal pilota jaisten hasi da eta txapapera hanka egin dio, eta akabo buelta emateko ametsak! Ondorioz, hirugarren puntu eder askoa pilatu dute bi gipuzkoarrek, talentuari baino lanari esker gehiago lortuta.
«Hemen ez dago partida errazik. Ustez alde nahikoa nabarmena atera dugu aurrez, baina etsia hartuta, lasaiago jokatu dute Larrazabalek eta Zabaletak. Pilota bakoitzari gogor ematen zioten eta 22a urruti ikusten hasi gara. Baina tira, lanari esker garaipena eta halakoetan esan ohi den moduan, "balio bikoitza" duen puntua atera dugu», onartu du Beñat Rezustak.
Hain zuzen, partidaren azken zati honi izan da neurketako onena, orduan egin baitituzte lau pilotariek neurketako tantorik onenak. Zabaletak neurketa hasieran bizkarra larregi ikusi dio Rezustari eta Larrazabalek ere nahi eta ezina erakutsi du hainbat errematetan. Nolanahi, gorriek ere ez dute nahi izan duten guztia egin, Iñaki Artolak oso partida petrala izan duelako erremate lanetan, aurreneko erdian bereziki. Hala ere, jokoaren ekimena azken tarte horretara arte berekin izan dute eta azkenean sufritu badute ere, partida eta puntua patrikaratu dute.
Pilotaleku zaila
«Pilotalekuaren zoruak ez dauka aitzakiarik, baina kolorean ere ezagun du ezberdina dela eta akaso tantoren baten pilotaren botearekin zalantzak izan ditugu, baina ez da aitzakia», azpimarratu du Rezustak. Aitzakia izan zein ez, Irunberriko Udal Pilotalekuko zoruak oso bizi erabili du pilota eta pilotariek nahi bezala jartzeko lanak izan dituzte. Agian hortik azaldu liteke lau protagonistek ohi baino akats gehiago egin izana.
Hala ere, partidaren aurreneko atsedenaldi luzeko etenaldian izan ezik, Artolak eta Rezustak beti eraman dute ekimena markagailuan. Akatsez akats, markagailua oso berdinduta joan da, nolanahi, 11-12tik 15-12ra eta handiok 20-13ra bitartean neurketa hautsi den arte.
Urdinek ez dute etsi eta lanari beldurrik gabe ekin diote. Horri eskerrak lortu dute partidan berriro sartzea, baina hainbeste akats eginda, oso zaila da 22ra iristea.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 76.23. Pilotakadak: 623. Sakez: 4 Artolak eta 2 Larrazabalek. Jokoan egindakoak: 7 Artolak eta 0 Rezustak; 8 Larrazabalek eta 1 Zabaletak. Jokoan galdutakoak: 7 Artolak eta 2 Rezustak; 5 Larrazabalek eta 6 Zabaletak. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 4-4, 5-4, 6-4, 6-5, 6-6, 7-6, 9-6, 9-7, 9-11, 10-11, 11-11, 11-12, 12-12, 15-12, 15-13, 20-13, 20-14, 20-15, 21-15, 21-20, 22-20. Gorabeherak: Caixabank Masterseko ligaxkako neurketa, Irunberriko Udal Pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

«Guk nahi dugun jai eredua lortzeko hau da bide bakarra»

Detenidas 14 personas por desórdenes públicos en la última noche de Aste Nagusia de Bilbo

Hernani y Errenteria responden con hechos a las insinuaciones de Insausti sobre el sinhogarismo
