Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Trail runningeko UTMB zirkuituak irudi epikoak utzi ditu

Joan den astean, Chamonix eta bere ingurumaria mendi lasterketen epizentroa bihurtu ziren Ultra Trail Mont Blanc ekimenarekin. Denera hamahiru lasterketa eta hiru final jokatu ziren. Sara Alonsok hirugarren postua eskuratu zuen OCC lasterketan (60 km).

Sara Alonsok hirugarren postua sinatu du OCC lasterketan.
Sara Alonsok hirugarren postua sinatu du OCC lasterketan. (UTMB.)

2003. urtean lasterketa batekin jaio zenetik, Ultra Trail Mont Blancek (UTMB) egundoko bilakaera izan du. Urtero legez, abuztuaren azken astea heltzen denean UTMB ekimenak mendi lasterketen edo trail runningaren begirada guztiak bereganatzen ditu. Eta ez da harritzekoa. Azken egunotan Chamonixek eta haren ingurumariak milaka lasterkari jaso dituzte antolatutako hamahiru lasterketetan parte hartzeko. Horietako hiru, gainera, zirkuituko finalak izan dira: OCC (60 km), CCC (101 km) eta UTMB (174 km). 

Inork ez du zalantzan jartzen UTMB zirkuitua erraldoi bihurtu dela. Eta neurri handi batean, egoera horrek zalantzak sortu ditu. Aipatu ditugun milaka korrikalariez gain, beste dozenaka mila lagun bertaratu dira lasterketa horiek jarraitzera. Datu argigarri bat: 8.100 biztanlerekin Chamonixek 100.000 bisita jaso ditu. Horrek, jakina, kezka sortu du. François-Xavier Laffin alkateak, adibidez, egoera horren aurrean hausnarketa eta konponbidea eskatu ditu Chamonixek bere izaera ez galtzeko eta dekoratu batean ez bihurtzeko. 

Kirol ikuspuntuari dagokionez, hilaren 25ean TDS lasterketak (145 km) hasiera eman zion trail runningeko festa horri. Berez, ez zen sartzen UTMB World Serieseko finaletan, baina askok diote arreta mediatikorik jasotzen ez duen lasterketa hori alpinoena eta teknikoena dela. Remy Brassacek (19:28:43) eta Sarah Vieuillek (22:08:16) irabazi zuten.

Finalei dagokienez, OCC (61 km) izan zen jokatutako lehenbizikoa. Emakumezkoen kategorian bizitakoa berezia izan zen oso. Gainera, tartean euskal korrikalari batek, Sara Alonsok, protagonismoa izan zuen. Trientetik aurrera emozioak indarra hartu zuen. Naomi Lang lasterketaren buru jarri zen, baina oso gertu korrikalari donostiarra zuen. Azken jaitsiera luzean bazirudien Langen eta Alonsoren artean lehen postua jokatuko zela, baina atzetik zetorren Lauren Gregoryk kolpe handia eman zien bi aurkariei.

Oso indartsu iritsi zen azken kilometroetara eta esprint ikusgarri batean lehen postuan iritsi zen Chamonixera 6:08:07 denborarekin. Lang hiru segundora helmugaratu zen eta Alonso hirugarren postuan minutu eskas batera. Sailkapen horri esker, lasterkari gipuzkoarrak ‘zama’ bat kendu zuen gainetik; izan ere, aurreko bi edizioetan laugarren postuan sailkatu zen.

Mutiletan, berriz, Frederic Lanchardek sasoi ikaragarria erakutsi zuen, eta, neurri handi batean, lasterketa osoa menderatu zuen. Frantziarrak 5:10:08 kronoa markatu zuen, eta bigarren sailkatuari, Nashon Kiplimori, lau minutuko aldea atera zion. Miguel Benitez izan zen hirugarrena zazpi minutura.

Errekorrak

UTMB World Serieseko bigarren finala CCC (101km) izan zen. Luizien eta ekaitzen arriskuengatik aldaketa batzuk egin zituzten ibilbidean. Azkenean, 108 kilometro eta 6.200 metroko desnibela zituen ibilbidean lehiatu ziren. UTMB ekimenak antolatzen dituen lau ultren artean azkarrena da, hots, korrika egiteko tarte asko ditu. 

OCC lasterketak ez bezala, CCC-k Corumayeur herrian du abiapuntua eta Chamonixen amaiera. Yngvil Kaspersenek irabazi zuen nesken mailan 12:01:14 denborarekin. Norvegiarrak ez zuen inolako presarik izan; hots, lasai hasi eta atzetik aurrera egin zuen. Eta nola egin ere! 12:01:14 denborarekin garaipen handia erdietsi zuen. Toni McCann bigarrena izan zen lau minutura eta Miao Yao hirugarrena hamalau minutura.

Mutiletan, berriz, Cristian Minoggio lasterketaren bigarren zatian estrategia aldatu eta lehen postuan helmugaratu zen 10:21:48 kronoarekin. Miguel Arseniok bigarren postua sinatu zuen irabazlearengandik sei minutura eta brontzea Hans Troyerrentzat izan zen.

Hirugarren eta azken finala UTMB lasterketa (174 km, 9.700 m+) izan zen. Emakumezkoen kategoriari dagokionez, Blandine L´Hirondelek lan eskerga egin behar izan zuen garaipena lortzeko. Irteera puntuan lehen lerroko lehiakideak zituen, baina frantziarrak erakutsi zuen denen gainetik zegoela. Chamonixera 21:54:49 kronoarekin heldu eta errekor berria ezarri zuen. Rachel Entrekin 20 minutura heldu zen bigarren postuan, eta Emly Schmitz hirugarrenean.

Gizonezkoen mailan ere, irabazleak errekor berria egin zuen. Iazko bigarren postua hobetu eta Ben Dhiman estatubatuarra aise gailendu zen UTMB-eko ultren artean antolatzen den lasterketa entzutetsuenean. 18:16:29 denbora markatu zuen. Baptiste Chassagne bigarren postuan sailkatu zen 18:47:38 kronoarekin eta Caleb Olson hirugarrenean.