Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Eta bat-batean, dantza garaia iritsi da

Maitaldia, Biarritzen; Dantzaldia, Bilbon; Dantzarte, Errenterian; Iturritxo, Donostia... Ikasturte berriarekin batera, iritsi da aurtengo dantza denboraldia. Ez da lukeen behar luzea izango, baina izen interesgarriez lepo dago. Eta aurten Thierry Malandainek Martin Harriagueri emango dio lekukoa.

Thomas Noone dantza taldea.
Thomas Noone dantza taldea. (LA FUNDICION)

Biarritz Euskal Herrian dagoen dantza neoklasikoko konpainia bakarraren egoitza da, baita gurean dagoen mota honetako dantza jaialdirik garrantzitsuenarena ere. Datorren astean irekiko da Maitaldiaren (Le temps d'aimer, frantsesez) edizio berria, irailaren 10etik 21era luzatuko dena Biarritzen eta beste tokietan ere, esaterako, Donostiako Tabakaleran. 

Aurtengo edizioak, 36ena, garrantzi berezia izango du, Thierry Malandainek zuzendari artistiko gisa egingo duen azkena baita, Martin Harriagueri lekukoa pasa aurretik. Malandainek berak ‘‘L’Oiseau de feu / Boléro / Minuit et demi’ (irailaren 15, Gare du Midi) aurkeztuko du Euskal Herrian daramatzan 27 urteak ospatzeko.

Eta Martin Harriaguek berak Grand Avignon Operako Baletaren bi ikuskizun sinatzen ditu: ‘Prométhée’ (irailaren 13a, Gare du Midi) eta ‘Awen - The Sacred Veil’ (19an, Casino Municipal Antzokia). 

Egitarauak mota askotako proposamenak biltzen ditu: zirku koreografiatua (Rachid Ouramdane / Compagnie de Chaillot), hip-hopa (Hervé Koubi konpainia), flamenko garaikidea (Grenobleko CCN Fugaces) eta hemen sortutako dantza, Bilaka Kolektiboa, Haatik Dantza & Jone San Martin eta Lucia Lacarra konpainiekin.

Eta, ohi duen bezala, dantza kalera aterako du egunotan Maitaldiak. Adibidez,  irailaren 20an, hainbat ikuskizun egongo dira, horien artean Angeluarrak euskal dantza taldeak berreskuratutako Kabalkadaren tradizioa.

+

Thierry Malandain Errenterian egin den aurkezpenean izan da. (ERRENTERIAKO UDALA)

Pixka bat lehentxoago, hilaren 6an (13ra arte luzatuko da), abiatuko da Errenteriako Dantzarte Dantzaren Astea. Asteazken honetan bertan aurkeztu dute aurtengo edizioa, Aizpea Otaegi alkatearekin batera, Myriam Arkaia Dantza Hirian jaialdiko sortzaile eta zuzendariak, eta Thierry Malandainek eta Carine Agirregomezkortak, Malandain Biarritzen izenean.

Programazioaren barruan mugaz gaindiko bi jaialdi izango direlako: Maitaldia, Malandain Ballet Biarritzek antolatuta, eta Dantza Hirian.

Maitaldia jaialdiaren barruan, Biarritzen aurkeztuko den Ballet de l’Opéra Grand Avignonek Martin Harriagueren ‘Awen, the sacred veil’ ikuskizuna eskainiko du irailaren 11n, Lekuona Fabrikan. Dantza Hirian mugaz gaindiko dantza jaialdi ibiltariak, aldiz, hiru dantza pieza eskainiko ditu irailaren 12an, Herriko Plazan eta Zumardian.

Horrez gain, beste formatu batzuk ere jasoko dira: ‘Malandain, amodioa gorpuzten denean’ filma ikusteko aukera izango da, eta Lekuona Fabrikan dantzarekin lotutako liburu-txoko bat ere jarriko dute.

Modu horretan, Dantzartek dantzaren ahalik eta dimentsio gehien erakusteko ahalegina egin du, sorkuntzatik eta ikuskizunetik hasi eta parte-hartzera, prestakuntzara, profesionalen arteko topaketetara eta hausnarketara iritsiz. Egitarau osoa web orrian aurki dezakete interesdunek.

Errenteriako Udalak, gainera, dantzaren sektorearekiko duen konpromisoa beste urrats batekin indartu du azken urtean, Dobla mugaz gaindiko proiektuan parte hartuz. Europar Batasunak Interreg POCTEFA programaren bidez babestutako proiektu horren bidez, Pirinioetako bi aldeetako dantza-eragileen arteko lankidetza sustatu eta sektorea indartu nahi da, sorkuntza, prestakuntza eta elkarlana bultzatuz.

Doblaren baitan, eta Dantzarteren markoan, Errenteriak proiektuaren geldialdi berezia hartuko du, topaketa profesional bat egingo baita irailaren 9an.

Dantza garaikidearen ordua, Bilbon

Dantza garaikidea du ardatz Bilbo-Bizkaiko Nazioarteko XXVII. Dantza Jaialdiak.  Irailetik abendura luzatuko da Bizkaiko hiriburuaren hainbat agertokitan, hala nola Alondegian, Guggenheimen, Arte Ederren Museoan, Barakaldo Antzokian edo jaialdiaren sustatzailea den Deustuko La Fundición aretoan, eta asteazken honetan aurreratu dituzte ekarriko dituzte aurten ekarriko dituzten konpainia batzuk. 

German Castañeda, areto beterano honen kudeatzaile berriaren partaidea, pozik aurkitu dugu, Aste Nagusian zabaltzeko agin duten apustua zapore goxoa utzi dielako. «Ondoegi funtzionatu du», dio barre artean. «Bost gauak sold out izan dira». La Fundicionek, bere egitarau propiotik aparte, antolatzen duen bi jaialdetako bat da ate joka datorren Dantzaldia. 

Dantza garaikideak erakartzen al du ikuslegoa?, bota diogu. «Gu ez gara kexatzen. Iazko jaialdian, egin ziren bederatzi ikuskizunetatik hiru bete egin ziren eta dantza garaikide ‘gogorra’ zen. Jendean erantzuten du eta aipagarria da jende gazte asko etorri zela», erantzuten du. 

Programazioaren aurrerakin gisa –laster aurkeztuko da osorik–, Dantzaldiak ikuskizun nagusietako hiru jakinarazi ditu. Lehenengoa, inaugurazioa, irailaren 24an, Rekalde Aretoan; sarrera doan izango da, eta Carmen Fumero Konpainiak ‘A ojo’ pieza laburra aurkeztuko du, zeinean Fumero bera eta Dácil González –2019ko Dantza Sari Nazionalduna, Interpretazio kategorian– oholtza gainean arituko diren.

Urriaren 24an, Dantzaldia Barakaldo Antzokira joango da, Thomas Noone londrestarrak zuzendu, koreografiatu eta antzeztutako ‘Impostor’ ikuskizun bereziaren euskal estreinaldia aurkezteko. Oholtza gainean, Noonek koreografia partekatuko du forma anitzeko izaki kexagarri bat irudikatzen duen txotxongilo handi batekin –Andre Mello artista brasildarrak sortua–.

‘Impostor’ helduentzako ikuskizuna da, non unibertso ilun, aztoragarri eta indar bisual handikoa eraikitzen den, eta horrretan, protagonistak aldi berean medusa, minotauroa eta gizakia den izaki batekin elkarreragiten du. Txartelak salgai daude jada Barakaldo Antzokiko webgunean eta txarteldegian.

Azkenik, programazioaren hasierako aurrerakinaren barruan, nazioartean etorkizun handia duen euskal konpainia baten une gogoangarria sartu da (konpainiaren 40 ikuskizunak 30 herrialde baino gehiagotan aurkeztu dira). Izan ere, azaroaren 5ean, Alondegiko entzunaretoan ‘Este himno llevará la palabra euforia’ ikuskizuna estreinatuko da Bizkaian.

La intrusa konpainia arabarrak, 2015eko Dantza Sari Nazionala jaso ondoren, jardunbidearen 30. urteurrena ospatzeko sortu berri duten ikuskizuna da. Virginia Garcíak eta Damián Muñozek zuzentzen dute pieza eta, beste bost dantzarirekin batera, eszenatokian dantzatuko dute. Txartelak laster egongo dira salgai Azkuna Zentroko webgunean eta txarteldegian.

Urrian, Donostian

Bosgarren Iturritik Jaialdia urriaren 23a eta 25a bitartean egingo da Donostian. Aurreko urteetan bezala, aretoko eta kaleko dantza ikuskizunak osatuko dute programa eta sarrera salmenta dagoeneko hasi da. 

Hiru egunetan zehar aretoko bost ikuskizun, kaleko bi ikuskizun eta hainbat dantza tailer proposatzen ditu jaialdiak. Aurten gainera mauka bereziak izango dira Victoria Eugeniako areto nagusiko sarrerak erosita beste bi pieza labur doan gozatzeko.

Programazioan Euskal Herriko, Argentinako, Frantziako eta Japoniako artistak daude. Mugimendua ulertzeko modu ezberdinak proposatzen ditugu, tradiziotik eta sorkuntza garaikidetik. Euskal dantzarekin batera, hainbat diziplina ezagutuko ditugu: zirkua, zeinaren sustraiak herri-jolasak eta plaza-ikuskizunak diren; dantza urbanoak, gure hirietako benetako folklorea; tango akrobatikoa, zeinak Río de la Platako herri-kulturatik datorren adierazpen bat berrasmatzen baitu, eta pole dance, gaur egun arte-mintzaira berria duten antzinako praktika akrobatikoen oinordekoa.